HIZKUNTZA HIZPIDE
Helduen Euskalduntzearen IV. jardunaldiak egin ziren maiatzaren 24an "Metodologia euskara 2H gisa irakatsi eta ikasteko prozesuetan" izenburupean. UEUk eta HABEk antolatuta, 200 lagun inguruk parte hartu zuten, irakasleen etengabeko prestakuntza sustatzeko. Aste honetan ere "Hizkuntza bizikidetza eta aniztasuna EBan" jardunaldiak egin dira Bilbon, hizkuntzen urte europarra dela-eta.
EUSKALTEGIEN ESKARIAK ONARTUTA
Aurreko astean Gasteizko Udalak gurasoentzako euskalduntze ikastaroak diruz lagunduko zituela adierazi genuen. Aste honetan bada berri pozgarri gehiago. Oposizio herrikoiak atzera egitera bultzatu du udala eta, hala, IKA, AEK, Hegoalde eta Udaberri euskaltegiek 16 milioiko diru laguntza jasoko dute. Gasteizko Udalak aztergai utzi du oraingoz langileak trebatzeko ikastaroak gestionatzeko era. Aipatu beharra dago 6.000 alegaziotik gora aurkeztu zituztela euskaltegiek Gasteizko Udalaren asmoen kontra.
BARNETEGI BEREZIAK
AEK-REN ESKUTIK
Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) 2001eko udako antolatu dituen ikastaroen berri eman du. Nabarmentzekoak dira hiru barnetegi: Mendebaldeko Euskara, Familiei zuzendurikoa eta Ibiltaria. Azken hau berria da, ikasleak hamar egunez bizikletaz ibiliko dira herriz herri. Horrela, parte hartzaileek lekuan lekuko hizkera ezagutzeko parada izango dute.
OSTALARITZAN EUSKARAZ ARITZEKO
Euskaraz Bizitzeko Hitzarmena 45 elkarte, enpresa eta UEMAko kide diren 42 udalek dute sinatua. Hasieratik euskara egunerokotasunean erabiltzeko helburua izaki, ostalaritzan haren erabilera normalizatzeko ekimena abiatu du. Oraingoz Euskal Herriko 100 taberna eta jatetxe inguruk hartu dute parte hartzeko konpromisoa.
ZERAMIKAREN GARAPENA
UZTAILAREN 8a arte izango da ikusgai Irungo Amaia Kultur Zentroan "XX. mendeko formak eta objektuak: buztinetik portzelanara" erakusketa. Erromatarren garaitik zeramikak izan duen garapena ikus daiteke bertan. Lau ataletan dago banatua. Lehenengoan, erromatarren garaiko teilak, adreiluak, pitxarrak eta abar paratu dituzte. Bigarrenean, Pasai Donibaneko Portzelana Fabrikak egindako pitxerrak, platerak... ikus daitezke. Hirugarrenean, Euskal Herrian zeramikaren aitzindari izandako Francisco Ibaņezen lanak jarri dituzte. Eta azken atalean, Porcelanas Bidasoa lantegian sortutako hainbat lan dago ikusgai. Besteak beste, Andres Nagel edota Agatha Ruiz de la Pradaren lanak daude horien artean.
ATLAS ETNOGRAFIKOAREN V. ALEA
EUSKAL Herriko Atlas Etnografikoaren bosgarren alea argitaratu berri du Joxemiel Barandiaranek sortu zuen Etniker Euskalerria ikerketa taldeak. Guztira, talde honetako 76 ikertzaile eta Etnografia Arloko 14 erredaktore aritu dira lanean "Abeltzaintza eta Artzaintza Euskal Herrian" liburua argitaratu ahal izateko. 1.020 orrialdeetan zehar, zaintzaileek abereei emandako tratua, arrazak, mendiko artzainen kokalekuak eta ezaugarriak edota abereak babesteko sinismen eta sinboloei buruzko informazioa bildu dute. 27 kapituluko lana 410 argazkiz dago horniturik.
JAIZKIBELEN FILMA
EKAINAREN 8an estreinatuko da Iruņeko Golem zinema aretoetan "Jaizkibel" Ibon Cormenzana Bilboko zinegilearen lehen luzemetraia. Ondoren, Gasteiz, Getxo, Bilbo eta Donostian izango da ikusgai, aurrez hainbat jaialditan parte hartu duen filma. 1999an filmatutako lan honetan Alfredo Villa, Susana Garcia, Susana Martin, Klara Badiola, Karmele Aranburu eta Ana Lucia Villatek hartu dute parte.
KRITIKA EOS-EN ZUZENDARITZARI
EUSKADIKO Orkestra Sinfonikoko musikariek zuzendaritzaren tratu iraingarria salatu dute eta une honetan orkestraren zuzendari musikal titularra den Gilbert Varga kritikatu dute bereziki. Hauen esanetan, Vargaren jazarpen psikologikoaren ondorioz, hainbat musikarik depresioaren aurkako botikak hartu behar izaten dituzte.
MULTIMEDIAREN MUNDUAK
ARGI jokoak, telebista pantailak, laser izpiak... Hauek guztiak daude ikusgai Guggenheim Bilbao Museoko bigarren solairuan irailaren 23a arte "Nam June Paiken munduak" izenburupean. Koreako artista honi Europan 1982tik egin zaion lehen atzerabegirakoa da hau. Paik bideoartearen aita eta egungo multimedia artearen berritzaile nagusienetakoa da.
Joxema Leitzak "BertsoZalea"n adierazitakoaren arabera, "egun ez da nahikoa bertsotan euskaraz aritzea publikoa gerturatzeko. Euskaldunak badauka bere aisialdia non bete (...) Beraz, bertsoa (eta Txapelketa) beste kultur eskaintzekin lehian kokatu behar dugu".
Igor Estankonak honela zioen "Deia"n poesiaren inguruan: "Nik arrisku bat ikusten dut egungo euskal poesian, 'autokonplazentziarena'. Horretan erortzeko arriskua daukagu, eta horretan ardura historikoa daukagula esango nuke".
Joan Mari Torrealdairen iritzia da hau egunkari berean argitaratua: "Kritika eraikitzaile bat bakarra ere ez dut aurkitu hizkuntz politikaren aurkari mediatikoen artean. Hizkuntz politikari, hezkuntz sistemari ez diote deus positiborik onartu nahi. Erasoa, katedradunengandik datorrenean ere, politikoa da, alderdikoia, deskalifikatzailea, neurriz kanpokoa".
Juan mari Beltranek honakoa esan zuen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Ez da existitzen munduan herri musikarik, guri iritsi zaigunik, aldaketarik gabe. (...) Gaurko trikitilari gazteek trikitiari buelta eman diote, baina aurrekoek ere eman zioten buelta".
Nafarroako Unibertsitate Publikoko adarreko eta derrigorrezko ikasgaiak gaztelaniaz bakarrik eskaintzeko lege proiektua ari da prestatzen Nafarroako Gobernua. Irakasletza ikasi ahal izango da bakarrik euskaraz. Euskarazko eskaintza ikasgai orokorretan, irekietan eta gutxien espezializatuetan mantenduko da bakarrik.
Miren Agur Meaberen "Azalaren kodea" lanaren gaztelaniazko itzulpena jarri berri dute Susa argitaletxearen web orrian. Liburu honek Espainiako Kritika saria jaso du.
Doktor Deslai Donostiako taldeak "Wadada egunero" hirugarren diskoa plazaratu berri du. Reggae modernoa da lan honen funtsa.
Taun Taun Bergarako antzerki taldeak "Kon T arTe" izeneko lana estreinatu berri du Euskal Herrian.
Maria Bayo soprano nafarrak Rossiniren operen ariez osaturiko diskoa grabatu du. Urrian izango da kalean.
Pablo Maloren "Jardines Deshabitados", Manu Gomezen "Hilarri" eta Sara Mazkiaranen "Hyde & Jekill" laburmetraiak Huescako Zinemaldiaren Laburmetraia Iberoamerikarren sailerako aukeratu dituzte. Jaialdia ekainaren 7tik 16ra burutuko da.
PRINTZA
Gari Berasaluzek honakoa zioen "Gara"n:
"Askotan izan dugu hizpide liburuak, gehienbat, eremu handiko saltokietan saltzen direla gero eta gehiago eta horrek, liburu denda txikien biziraupena arriskuan jartzeaz gain, poesiaren, entseguaren edota literaturaren kalitatearen biziraupena ere arriskuan jartzen duela. (...) Nekezagoa da liburuen salmenta datei buruzko hitzik topatzea. Eta zinez gai interesgarria da hau ere. Galde diezaietela, bestela, Donibane Lohizuneko Euskal Liburu eta Disko Azokaren orain arteko antolatzaileei. Aurten amore eman dute eta ez dute azokarik antolatuko (...).
Udazkenean eta neguan argitaraturiko euskal liburuek, urtero, Durangon izaten dute hain beharrezkoa duten aterpea (...). Uda sasoiaren atarian, berriz, Iruņeko azokak ematen dio hasiera liburu saltzaileen ekimenez antolaturiko herrietako azokei. Horietan, ordea, erdaretako liburuak dira nagusi. (...) Azoka Elkarteak Donibane Lohizuneko Euskal Liburu eta Disko Azokari ekin zion duela hainbat urte. Uda sasoiko ekoizpenaren hitzordua Ipar Euskal Herriak ematea izan da elkartearen xedea ordudanik, baina, hainbat arrazoi bitarteko, azoka ez da indartu. (...) Hainbat arlotatik ez du inolako erantzunik izan azokak. Euskal liburuak ekainean plazaratu eta aurkezteari erokeria irizten diote oraindik zenbaitek. Eztabaidagarria da kontua. Edo gutxienez gogoetagaia (...)".
Bergarako Renault automobil markako Meca kontzesionarioaren publizitate orria iritsi zaigu erredakziora eta pozez hartu dugu gainera. Izan ere, euskara hutsean eta txukunean dago berau. Eta halako oasitxoak gustura hartzen dira gaztelania edota frantsesa nagusi den desertuan.