ARTELANAK OGASUNARI IZKIN EGITEKO ERABILTZEN DIRA
Nahiz eta ogasunari zor zaiona ordaintzeari izkin egiteko modu bat baino gehiago dagoen, urtero hamar mila milioi inguruk izkin egiten diote ogasunari artelanen merkatuaren bidetik Espainiako Estatu osoan, azken hilabete hauetan argitaratu diren txosten osatu berriek diotenez. Euroaren etorrera iragarri zenetik artearen merkatua aldatu egin dela baieztatzen dute. Esate baterako, ARCO, Stampa, Iberjoya edo Barnajoya ferietan, erakusketan jarritako lanen eta saltzea lortu den lanen arteko proportzioa modu harrigarrian igo da. Eta, dirudienez, berdin gertatzen da galeria eta enkanteetan. Horren adibide gisa 1999ko otsailean izan zen ARCO ferian, aurreko urtean baino %8,8 bisitari gutxiago izan arren, %20 gehiago saldu zela aipatzen da.
Artelanen sektorean aipatzen denez, Espainiako Estatuan 40.000 milioi pezeta (1.600 milioi libera) inguru mugitzen dira, eta hortik %90 "norbaitek zuritu nahi duen dirua da". Nolanahi ere, sektoreko iturri ofizialen arabera, kopuru horren erdia baino zertxobait gehiago (25.000 milioi pezeta, 1.000 milioi libera) XIX. mendeko artelanak erosteko erabilitakoak dira, eta, duten balio artistikoaz gainera duten balio historikoarengatik, oso jarraipen eta kontrol estua ezartzen zaie. Arazoa gainerako 15.000 milioi pezeta horietan dago. Horko 3.000 milioi pezeta erakunde ofizialen erosketak dira, eta gainerako 12.000 milioi pezetak partikularrenak. Partikular horietako batzuek (%20 inguruk) dagokion aitorpena egiten diote ogasunari, baina gehienek, nonbait, ez. Sektoreko hainbatek Administrazioari leporatzen dio errua: "Beste herrialdeetan ondare ekarpenei ehuneko txikiak ezartzen zaizkie zergetarako, eta Espainiako Estatuan, berriz, kultura luxutzat hartzen da, eta artista batek ezin du bere salmenten aitorpenik egin, oso aldian behingoak direlako".
Bestalde, zenbaitek ogasunarekin dituzten zorrak ordaintzeko ere erabiltzen dituzte artelan horiek. Horrela ageri da Espainiako Estatuko Zerga Agentzia beraren datu ofizialetan, zeren PFEZari, Oinordetzari, Sozietateei eta BEZari dagozkien zergak arte-lanen bidez edo Ondare Nazionalean sarturiko ondasunen bidez ordaintzeko aukera ematen baitu.
Horrela, 1996tik 1999ra bitartean, datu ofizialek diotenez, Espainiako Ogasunak 6.005 milioi pezeta inguruko zerga zorrak bildu ditu. Kopuru horretako 418 milioi pezeta zergadunek ogasunarekiko 1996an egindako zorrak ziren; beste 1.675 milioi pezeta 1997an bildu ziren, eta 1998an zenbateko hori 668 milioi pezetara jaitsi zen. Marka guztiak 1999an hautsi ziren, 3.242 milioi pezeta bildu baitziren artelanetan.
Ogasunarekin zituzten zorrak kitatzeko erabilitako artelanen artean Pablo Picassoren hiru lan nabarmentzen dira, 1.434 milioi pezetatan tasatuak eta Reina SofĜa Museo Nazionalera eramanak. Bere zerga zorrak artista horren artelanekin ordaintzen dituzten artean bere alaba Paloma Picasso eta 33 milioi pezeta ordaindu zituen Espainiako Alderdi Komunista aipatu daitezke.
Joan Miróren lanak, Francisco Goyarenak, Bauhausi eta 1900etik 1940ra bitarteko eskola alemaniarrei buruzko bilduma bibliografikoa, besteak beste, erabili dira ehunka milioi pezetako zerga zorrak ordaintzeko. Bere zergak ordaintzeko bide hau erabili duten pertsona eta sozietateen artean honako hauek aipa ditzakegu: Juan Abelló enpresariak 1988an hainbat artelan eman zuen 60 milioi pezeta inguruko zorrak ordaintzeko; FrĜas-eko dukearen alargunak 200 milioi pezetatan balioztatutako bere artxiboak eta beste hainbat agiri eman zituen. Aipatzekoak dira baita ere Tyssendarrak, Masaveu familia, Cocatarren familia, Javier de la Rosa, Mario Conde, BBVA, BSCH, La Caixa, Caja Madrid eta Telefónica, esaterako
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.