"KAZETARIEK NOTARIOAK IZAN BEHAR DUTE GATAZKARI BEGIRA"

  • "Euskal gatazkaren begiak" (Alberdania) liburua kari mintzatu gara Petxo Idoyagarekin. Hauteskunde egunaren biharamunean eta Gorka Landaburu kazetariaren aurkako atentatua izan aitzin. Informazioaren espektakuluarekin kezkatuta dago EHUko irakasle hau.

2001eko maiatzaren 27an
Euskal Herriko gatazka ebazterakoan begibistakoa da hedabideen zeregina. Espainiako demokrazia garaia hasi zenetik gaur arte izandako fase ezberdinak agertu dituzu zure liburuan. Hasteko, nolakoa izan zen trantsizio hasierako kazetaritza?
Trantsizioaren hasieran kazetaritza berri baten fase bat izan zen. "Egin" eta "Deia" jaio ziren hemen eta El Pais estatu mailan, aldizkari pilo bat bestalde: "Cambio 16" edota "Triunfo". Arautu gabeko kazetaritza bat egin zen orduan, sormen handikoa, lana ondo egiteko konpromiso handiagoa hartzen zuen orduko prentsak. Egunkari bakoitzak bere iritzia bazuen edonola ere, bere lerro editoriala. Kazetaritza berriaren trantsizio hasiera zabaldu zen. Ikusentzunezkoen kasuan, EITBko hasierako kazetaritza hitzarmen kolektiborik gabekoa zen, esaterako.

Zein alde daude orduko kazetaritzaren eta egungoaren artean? Emaizkiguzu ezaugarri batzuk, mesedez.
Ezaugarri bat kalifikazioa da, askoz kalifikazio gutxiago agertzen zen kazetaritzan. Hau da, hitz esanguratsuak ugari ziren, baina deskribapenak ez hainbeste. Iritzia ez zen sartzen adjektiboen eta aditzen bitartez. Iritzia egon bazegoen, baina editorialetan. Gaur egun, berriz, hedabideen informazioan lerro editorialaren kutsadura ageri da. Iritzia barru-barruraino sartzen da informazioan, orduan ez hainbeste.
Hipercorreko atentatua eta Ajuria-Eneako itunaren garaian hasi zen hori nabaritzen. Itun hark lortu zuen hedabideak disziplinatzea, nolabait. Adibide bat: EITBrako idatzia izan zen proiektu informatzaile estrategikoak informazioa Ajuria-Eneako Itunaren arauei jarraituz bete behar zela zioen. Ajuria-Eneako Itunaren dikotomiaren ildoan disziplinatu ziren hedabideak eta Itunaren "demokratak eta biolentoak" diskurtso manikeista hura medioetara pasa zen.
Bestalde, Itunaren inguruan ez zegoen prentsan -"Egin"en- Itunaren kontrako informaziokerian nabaritzen hasi zen. Julio Iglesiasen bahiketarekin batera lehen "lazo urdinak" agertu zirenean, adibidez. "Egin"eko editorialaren normala izan zen hasieran. Gero, ordea, handik bi hilabetera, "Los torturadores llevan lazo azul" idatzi zuten. "Egin"en diskurtsoa hartara lerratu zen nolabait. Esakunea kaleko kartel batean agertu zen lehenik, baina gero "Egin"eko lerro editorialean barneratu zen.

Jauzi handiena ETAk Miguel Angel Blanco hil zuenean eman zen, ordea.
Halaxe da. Salbuespen garaiko kazetaritza finkatu zen orduan, Salbuespeneko Estatuaren kazetaritza deritzana. Harrez gero, hedabide boteretsuen kazetaritza salbuespen garai batean bageunde bezala jokatzen hasi zen. ETAk Miguel Angel Blanco hil zuenean muga guztiak gainditu ziren: enfrentamenduzko kazetaritza baterako jauzia eman zen eta intelektualen kazetaritza tartekatzen hasi ere.

Zeintzu dira bere ezaugarriak?
Bi paradigma azaldu ziren hedabide indartsuen ezaugarriei dagokienean. Bat: manipulazio politikoaren paradigma. Paradigma horren iritzi nagusia Euskal Herriko eskubide demokratiko nazional guztiak "Terrorismoa"arekin identifikatzea da. "Terrorismoa" dela kausa programa politikoek ez dute balio. Dena gaitzetsi beharra dago. Manipulazioa handia dago, beraz.
Bi: beste paradigma bat informazioaren espektakulua da. Saldu egin behar da eta espektaluku moduan erabiltzen da informazioa. Kazetaritzaren lehen helburua gertakariak ulertaraztea da. Hedabide batek ETAren kontra borroka egin behar badu, egin dezan borroka. Ados. Haatik, lehenengo eta behin irakurleek zer gertatzen den ulertu behar dute. Kale borroka fenomenoaren gaineko informazioa dugu adibide bat. Medio ahaltsuek egileak gazte marginatuak direla esaten segitzen dute, kirol munduko hoolligan-en antzekoak direla. Horrela kontatua bada mezu hartzaileak ez du inoiz ulertuko zer den kale borrokaren fenomenoa. Gazte hauek gure seme-alaben modukoak dira. Ikasle onak batzuk txarrak bestetzuk, baina ikasle normalak, ez marginatuak. Bakoitzak bere iritzia izan dezake, baina informazio zuzena eman behar du.

Zentzu honetan, hedabideak funtzionalak al dira sistemaren barruan? Har dezagun GAL kasua adibide gisa.
Hedabideak funtzionalak dira sistemarentzat, baina hedabideak ez dira estatuaren aparatu ideologikoak. Hedabideek beren autonomia tartea daukate -mila interes dela medio-, bestela ez lukete beren zeregina beteko. Hedabideak ere boterea dira, noski, eta disfuntzionalak izaten dira zenbait unetan. GALen kasuan disfuntzionalitate moduko bat agertu zen. Galindoren trapu zahar zikin guztiak atera zituzten, disfuntzionalitate parte hori kendu gabe, gero beraiek garbitu dituzte trapuak neurri batean edo saiatu dira behintzat, eta sostengu eman diote Galindori. Gauza biak daude. Hedabideek eta botereek borrokak dituzte, interes komun nabarmenak dituztelako.

Lizarra-Garazikoaren Akordioa gauzatu ostean fronte hitza areago agertu zen hedabideetan. Hedabideak izan ote dira frontismoaren sortzaileak?
Zoritxarrez bai. Baina, komeni da zein testuinguruan ematen den aztertzea. 1998ko urtarrilaren erdialdean Lizarrako Akordioaren batzorde iraunkorrak, egoeraren balorazioa egin zuenean honelatsu esan zuen: "Lizarrak proiektu demokratiko bat izan nahi du, baina fronte nazional bat bihurtu digute". Komeni da azpimarratzea "bihurtu digute" hau. Izan ere, Lizarra barruan ere frontismoa ageri zen, diskurtso hori bazegoen. Sektore batek patzientzia gutxi izan zuen eta hori hedabide boteretsuek handitu eta baliatu zuten.

Ajuria-Eneako Itunak hedabideak disziplinatu zituela esan duzu arestian. ETAk su-etena eman zuenean hedabideek izaniko jarreraz zer iritzi duzu?
Ajuria-Eneako garaian hedabideak politikoen atzetik joan baziren, ETAren su-etenaren ostean apurtxo bat alderantziz izan zen. ETAren su-eten garaian hedabideek aurrea hartu zieten politikoei, mugak markatu zizkieten politikoei. Oso gogorra izan zen. Ez naiz ari jakina, EITB, "Deia" edota orduko "Euskadi Informacion" egunkariez. "El Pais", "El Mundo", TVE, A3, T5 eta abarrez ari naiz. Azken hauek markatu zuten su-etenaren kudeaketa, modu latz batean gainean. Elizak berak garai hartan idazki batean "hitza desarmatu" beharra zegoela esan zuen. Armak isildu zirenean hitza armatu baizuten hedabide boteretsuek. Eta jakina, ETAk su-etena bertan behera utzi ostean are gehiago armatu dute hitza.

ETAk kazetarien aurka gogor jotzen duen testuinguru batean. Lopez de Lacalle hil zuen, kasu.
ETAk Lopez de Lacalle hil zuen eta beste pilo bat mehatxatua daude. Kritika publiko sakona egin beharra daukagu kazetariei gertatzen ari zaienari buruz. Hitza armatzea baino txarrago baita hitza isiltzea tiro batez.

Hauteskunde kanpaina izan den bitartean nola ikusi dituzu hedabideak, oro har?
Denetarik izan da, gauza ezkorrak eta baikorrak. Esaterako, El Pais bezalako egunkari batek artikulu bat baino gehiago atera du TVEren kontra. Medio honen manipulazio informatiboa salatu du. TVEren eginmoldea eskandalu bat izan da. Ez dugu oraindik aztertu azkeneko hauteskundei buruzko informazioa, bai ETAren su-etenaren garaikoa, ordea. Estatuko 11 egunkarien azalek eta editorialek esaten zutena aztertu dugu. Egunkari hauen kazetaritza eredua antiterrorista da izatez. Kazetari lana da, baina betiere antiterrorismoaren ikuspuntutik egina. Esaterako, abertzaleen helburu subiranozaleak helburu antidemokratak izatearekin lotzen dituzte, eta gainera, Madrileko Gobernuaren ildo politikoarekin bat egiten dute. Informazioa ez da ia-ia inoiz kontrastatzen, iturri bakarra darabilte beti. "El Pais" eta "ABC" sartuko nituzke hauen artean. Beste hedabideak badaude hauen artean ere, baina adjektibazio gutxiago darabilte. "Correo" taldearen kazetaritzaren kasuaz ari naiz.

Hedabide hauen beste aldean daudenei buruz zer iritzi duzu. Nola jokatu beharko lukete, zure ustez?
"Gara"k, esaterako, ez du bere izatea ukatu behar, ezker abertzalearen egunkaria izatea. Inork ez dio bere iritziari uko egin behar. Baina, iritziek iritzi behar dute izan eta informazioek informazio. Euskal gatazkari begira kazetariek notarioak izan behar dute. "Gara"ren kasuan ere balio du horrek. Kazetariek edozein medioan ari direla leundu egin behar dute gatazka. Besteen ikuspuntua den moduan agertu behar dute. Inork esaten badu ETA erakunde faxista bat dela, hartu eta horrela informatu. Adibidez, "Gara"n oso normala da ETAren atentatu bat dagoenean subjektua desagertzea: "Mueren tres trabajadores de Andoain cuando pasaban por el lugar del atentado". "Euskaldunon Egunkaria"k berak ere bai: "Fernando Buesa hil dute". Horixe zen titularra. Ez zuen nork hil zuen esaten. Bestela ere, Esteban Esteban Nieto etakidea hil zelarik: "Espetxe baldintzek eta zaintzak hil dute". Maitatu, miretsi eta gehien errespetatzen dudan kazetaritza da hedabide hauena, baina gatazkak kutsatua daude ere bai.

Gatazkatik ateratzeko kode deontologiko bat sendotu beharra dago. Noiz eta zer idatzi da kontua. Adibideak: euskal arazoa edo euskal gatazka. Borroka armatua edo terrorismoa. Euskal nazionalismoa edota espainol nazionalismoa.
Ez daukat dudarik, kazetaritzako hausnarketen artean, hitzena gogoeta inportantenetariko bat da. Hitzek zentzu oso kargatua daukate. Terrorismo hitzarekin, esaterako, Ingalaterran, Margaret Thatcher gobernura iritsi arte, BBCk modu honetako araua erabiltzen zuen: atentatuen ondorioz kalte zibilak zirenean terrorismoa zen, baina atentatuak armadaren kontra zirenean ekintza armatuak ziren. Thatcherrek aldatu zuen terminologia.
Terrorismoa kalifikazio bat da. Baina ezin da erabili espektakulu moduan. ETA Corleoneren banda mafiosoa bailitzan. Hobe hain sinple balitz. Berdin, beste aldean erabiltzen den terminologia: "PSOE vendidos al gran capital". EAJri buruz, besteak beste. Arazoa konplexuagoa da, eta gatazka konpontzea nahi badugu, denok ulertu behar dugu gertatzen dena. Hitza landu behar da. Nazionalismo hitza irain eta deskalifikazio moduan erabiltzea ikaragarria da, baita demokrata hitza besteak baztertzeko erabiltzea ere.

Mariano Ferrer kazetariak, kazetaritza gatazkaren parte ez dadin izan ibilitakoa desibili beharra dagoela dio zure liburuaren hitzaurrean. Posible ikusten al duzu hori?
Beharko. Hala ere, aldaketa ez da etorriko kazetaritza mundutik ezta politika mundutik ere, zoritxarrez diot. Giza mugimenduek azkartu behar dute: Elizatik hasita sindikatuetaraino, gazte mugimenduak barne. Bestela, nekez aldatuko da egoera, pesimista naiz zentzu horretan. Baikorra izan nahi dut, ordea, eta laburpen modura hiru irakaspen eman nahi nizkieke kazetaritzan ari direnei: iritzia eta informazioa bereiztu, informazioa eta espektakulua desberdindu, eta norberaren kazetaritza lerroaren aurka dauden ahotsak kontuan har ditzaten. Izan ere, hedabide boteretsuetako kazetariek borroka modu birtual batez planteatzen dute, herri honetan dagoena baino askoz borroka handiagoa azalduz. Bada biolentzia, bada tortura, bada kartzela. Izugarria da eta gainditu egin behar dugu. Gatazka edo arazoa aipatzen bada, hitz horiekin doan adjektiboak politikoa izan behar du. ETAk kazetariaren aurka jotzen du, deitogarria eta gaitzesgarria da guztiz, baina kazetaritza lan publiko bat den aldetik epaitu eta kritikatu egin behar da. Politikoak, irakasleak, apaizak kritikatuak izan behar diren bezalaxe.

KAZETARITZA BEGIPEAN
Gernikan sortua 1948an. Zientzia ekonomikoak ikasten ari zela Iparraldera alde egin zuen 1969an. 1977an itzuli zen. Komunikazio zientzietan doktoradutza tesia egina du Espainiako telebistaren dezentralizazioaren prozesuari buruz. Euskal gatazkaz deus egin ez izanaz lotsatu zen eta -irakasle kidekin- 11 egunkari eta 3 mila inkesta burutu zituen ETAren menia garaian. 'Euskal gatazkaren begiak' lehen ekarpen bat da.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude