PUBLIZITATE JAIALDIA
IRAGARKIEN AMARAUNEAN
Nagore Zuzuarregi
Espainiako Publizitate Agentzien Elkarteak antolatzen duen Donostiako Publizitate Jaialdia Espainiako publizitate sormenari eskaintzen zaion ospakizun garrantzitsuena da. Aurten 2.198 pieza iragarki aurkeztuko dira Kursaalean maiatzaren 31tik ekainaren 2a arte.
Guztira aurten Espainian ekoiztutako 2.198 pieza iragarki aurkeztuko dira Donostiako XVI. Publizitate Jaialdira. Eta modu honetan 2.000 izen emateren muga gainditzen den lehenengo aldia izango da. Aurreko urtean bezalaxe Kursaalean egingo da aurtengo jaialdia maiatzaren 31tik ekainaren 2a bitartean. Guztira 1.500 pertsona inguru biltzea espero dute antolatzaile, ordezkari eta kazetarien artean.
Donostiako Publizitate Jaialdia Espainiako publizitate sormenari eskaintzen zaion jaialdi garrantzitsuena da. Urtean zehar sortu diren ideia onenak saritzen dira bertan, sormenaren aldetik begiratzen dio beraz jaialdiak publizitateari. Duela hamasei urtetik hona urtero burutu den jaialdiak Espainia osoan ekoiztu diren publizitate pieza onenak epaitzen ditu lau atal ezberdinetan, iragarkiaren euskarriaren arabera: Zine eta Telebista; Irudia; Irratia eta Euskarri interaktiboa. Zine eta Telebista atalean 14 kategoria bereizten dira; Irratian eta grafikagintzan kategoria bakarra eta euskarri interaktiboko piezak Web edo publizitate ekintza izenean aurkez daitezke.
Publizitate agentzia askok ordea, ez du jaialdi honetan parte hartzeko aukerarik. Izan ere, bertan izateko ordaindu beharreko diru kopurua handia da eta guztiek ez dute horretarako aukera. Iazko edizioan adibidez, pelikula baten izen ematearen prezioa 45.000 pezetakoa zen, pieza grafiko batena 38.000koa. Eta gainera, ordezkari bakoitzak 65.000 pezeta ordaindu behar ditu.
Aurtengo partehartze datuei erreparatuz, igoera handiena jasan duen alorra Euskarri Interaktiboena izan da -%25eko igoerarekin- guztira 188 pieza aurkeztu direlarik: 92 web eta 96 publizitate ekintza. Era berean, Irudi alorrean ere aurreko urtean baino 30 pieza gehiago arituko dira lehian 1.310 pieza hain zuzen ere. Zine eta Telebista atalean 546 lanek izen eman dute eta jaitsiera bakarra irrati alorrak jasan du, aurreko urtean baino 9 pieza gutxiago izango direlarik, 154 iragarki labur.
2000. urteko edizioan Zine eta Telebistako sari Nagusia Tandem Campmany Guasch DDB agentziak Audi etxeari eginiko "Sueños" kanpainak jaso zuen. Irudiko sari nagusia berriz, "Tiburon" iragarkiak irabazi zuen BMW etxeari S.C.P.F. agentziak eginikoa. Eta irratian "Silicon Valley" izeneko pieza suertatu zen irabazle, McCann Erickson agentziak El PaØs enpresari eginikoa.
Eguzkiko sariak.
Jaialdiko sariak "eguzkiak" izenarekin ezagutzen dira: "Urrezko Eguzkiak", "Zilarrezko Eguzkiak" eta "Brontzezko Eguzkiak" banatzen dira kategoria eta atal guztietan. Sari hauek, araudiaren arabera, pieza bakarrak edo kanpaina osoak jaso ditzake, hau da, kategoria berdinean lehiatzen duten kanpaina bereko hainbat publizitate pieza ezberdinek. Urrezko Eguzkiak dira jaialdiko sari garrantzitsuenak, Sari Nagusiak. Era berean, jaialdirako akreditazioa duten kazetariek "Prentsako Sariak" aukeratzen dituzte Zine etaTelebista eta Irudi ataletan.
Publizitate lanei eskainitako sariez gain, "Jaialdiko Agentzi Saria" eta "Jaialdiko Produktora Saria" ere banatzen ditu festibalak, irabazitako sarien arabera puntu gehien lortu duenari eskaintzen zaizkiolarik. Bestalde, AEAPko (Espainiako Publizitate Agentzien Elkartea) batzorde exekutiboak "Iragarlearen Saria" erabakitzen du. Eta azkenik, lehenengo aldiz XVI. edizio honetan sari berri batzuk banatuko dira ospakizunean lagundu dutenentzat "Sari Berezia" eta "Babesle Saria".
Epaimahaia.
Bi epamahai ezberdinek izango dute lehiaketako piezak baloratzeko ardura. Epaimahai hauetako partaideak hainbat publizitate agentzietako sormen alorretik etorritakoak izango dira, jaialdiaren irizpideen artean, jaialdiko pieza eta kanpainetako sormen lanen epaiketa alor honetako profesionalek burutzea baita. Aurtengo epaimahaiko presidentea Miguel Angel Furones, Vitruvio Leo Burnett agentziako presidentea, izango da eta atal guztietako piezak epaitzeaz arduratuko diren bederatzi laguneko bi talde antolatuko ditu, lehiaketa amaieran azken zerrendan nork egon behar duen erabakiko dutenak. Behin azken zerrenda erabaki ondoren, epaimahaia osatzen duten bi taldeak bilduko dira, XVI. Publizitate Jaialdiko palmaresa osatuko duen Eguzki eta Sari Nagusiak erabakiko dituztelarik.
AEAP Antolatzailea.
Espainiako Publizitate Agentzien elkartea (AEAP) da Donostiako Publizitate Jaialdiko antolatzailea 1986. urteko lehenengo ediziotik. Gaur egun, 37 publizitate agentziek osatzen dute AEAP. Era berean, aipatu agentziak, AEAPko Batzar Orokorreko kideak dira, eta Batzorde exekutiboa aukeratzeko gaitasuna dute. Hamar pertsonaz osatutako Batzorde exekutiboak AEAPko zuzendaritza eramaten du, lau urtetik behin boto bidez aldatzen direlarik komiteko kideak.
AEAPk Espainiako publizitate sektorea hobetzeko egitasmoak burutzen ditu eta aldi berean antolatutako ekintzetan parte hartzen du. Donostiako Publizitate Jaialdia AEAPk antolatzen duen ekintzarik azpimarragarriena da.
Era berean, AEAPk publizitate sektoreko beste erakunde batzuekin ere lan egiten du: SOFRES eta EGAMekin, esaterako. Publizitatearen Autokontrolaren Elkarteko (AAP) zuzendaritzako partaide ere bada, hain zuzen ere, iragarkiak praktikan betebehar etikoak ez urratzeaz arduratzen den erakundea. Eta honez gain, AEAP Europako Publizitate Agentzien Elkartean ordezkaritza duen Espainiako publizitate erakunde bakarra da .
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.