Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-05-27 -- 1809.zenb


KONTSEILUA NBE-N

Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren Genevan izan zen joan den astean, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko gutxiengoei buruzko lan taldearen bilera batean. Mendigurenek euskararen egoera juridikoaren berri eman zien. Orobat, Giza Batzordeari eskaera bat egin zion: Espainiako eta Frantziako Gobernuei euskara arlo publiko zein pribatuan erabiltzea bermatzeko galdegitea.


GURASOENTZAKO IKASTAROEN FINANTZAZIOA

Gasteizko Udalak euskaltegiei diru laguntzak ez emateko erabakiak, herritar ugariren protesta eragin du. Horren lekuko dira euskalduntze zentroek aurkeztutako 6.000 alegazioak. Azkenean PPk atzera egin du eta gurasoen ikastaroak ordaintzeko 28 milioi pezetako diru laguntza ematea erabaki du. Ikastaroentzako diru laguntza euskaltegi bakarrari esleitzeko asmoa du ordea. AEK, Hegoalde, IKA eta Udaberria euskaltegiek asmo honekiko desadostasuna agertu dute.


BI ORDUKO LANUZTEA NAFARROAN

ELA, LAB eta EILAS sindikatuek bi orduko greba deialdia egin dute irakaskuntza ez unibertsitarioan ostiralerako, hilak 25. Lanuzte honekin Nafarroako Gobernuak irakaskuntzaren dekretuaren zirriborroa onartzearen aurkako jarrera agertu nahi dute. Sortzen-Ikasbatuazek manifestazioa antolatu du egun horretarako.


"OIXE" KAZETA KALERATU DA SAKANAN

Bierrik elkarteak "Oixe" astekariaren zero alea kaleratu du. Egunkari itxura du eta zortzi orritan Sakanako albisteak jasotzen ditu. Kioskoetan doan banatuko da eta ekainetik aurrera hasiko dira plazaratzen. "Oixe" Bierrik-ek sortutako hirugarren komunikabidea da, "Guaixe" aldizkaria eta "Beleixe" irratiaren ondorengoa.


LITERATURA IDATZIA CD-ROMEAN

IKASTOLEN Elkarteak aurkeztu berri du "Euskal Literatura Idatzia" izeneko CD-ROMa. Bertan, autore bakoitzari buruzko datuak, gai desberdinak genero desberdinetan eta aro historikoetan izan duten tratamendua, joera literarioek une historiko bakoitzean izan dituzten ezaugarriak eta beste hainbat informazio dago kontsultagai. Gainera, autore garaikide zenbaiten ahotsa eta irudia ere ikus daiteke CD-ROM honen bidez.


BASAURIKO ESKOLA, ITXITA

URTEBETE igaro da jada Udalak Basauriko Antzerki Eskolari San Fausto eskolako zenbait gela utzi eta urteroko diru laguntza bat eskaini zionetik. Basauriko Antzerki Eskolak Social Antzokiko beheko solairuan zuen bere egoitza, bertako batzordeak eskolako kideei leku hura uzteko eskatu zien arte. Hainbat mobilizazio egin zuten eskolako kideek ordutik aurrera, Udalak irtenbide hori eskaini zien arte. Orain, eta inongo arrazoi garbirik aitortu gabe, Basauriko Antzerki Eskolak bere ateak itxi ditu, bertan zeuden ikasleen ikasketei jarraipenik eskaini gabe.


MAIATZEKO ANTZERKIA

MAIATZAREN 24an hasita, hilaren 29a arte burutuko da Hendaiako "Antzerkiaren maiatza" ekitaldia. Varietes eta La Criée guneetan ikusi ahal izango dira talde profesionalek eta amateurrek taularatuko dituzten lanak. Estilo guztietako antzerki lanak ikusi ahal izango dira: keinuzkoak, musikalak, bisualak... Besteak beste, bertan izango dira Macocco-Lardenois taldea, Les fréres brother edota Fita Lux. Bestalde, Euskal Herriko taldeei dagokionez, Tanttakaren "Novecento, ozeanoko pianista" eta Biarrizko Théatre Chiméresen "TOC" ikuskizunak ikusi ahal izango dira.


HISTORIA MINTZAGAI

GUZTIRA, lau hitzaldi burutuko dira Aranzadi Zientzi Elkarteak antolatu dituen Historia Jardunaldietan. Lehena maiatzaren 17an egin bazen ere, egitaraua ekainaren 7a arte luzatuko da. Maiatzaren 24an izango da bigarren hitzaldia. Bertan, Lourdes Odriozolak "Gipuzkoako itsasbazterreko hiribilduetan bizi Aro Modernoan zehar" solasaldia eskainiko du. Carlos Larrinagak eskainiko du hirugarrena hilaren 31n. Honek "XIX. mendean Gipuzkoako ekonomian izandako aldaketak" aztertuko ditu. Azkeneko hitzaldia berriz, Madrilgo Complutense Unibertsitateko doktore den Juan Pablo Fusik eskainiko du. "Historia eta nazionalismoa"z mintzatuko da.


DONIBANEN AZOKARIK EZ

PUBLIKOAREN erantzun eza eta argitaletxeen agerpen eskasa izan dira Azoka elkarteak antolatzen duen Donibane Lohizuneko Euskal Liburu eta Disko Azoka bertan behera uztearen arrazoiak. Azoka Ipar Euskal Herrian euskarazko edizioan zegoen hutsunea betetzeko sortu zen. Eta udaberriro burutu da azken hamar urteotan.

Patxi Zubizarretak "UK" aldizkarian honakoa zioen: "Ematen du literaturak gauzak modu nahiko barrokoan esatea izan behar duela. Oraindik jende askok irudipen hori dauka, eta nire ustez iritzi nahiko okerra da".

Amets Arzallusen hitzak dira hauek "Ttipi-ttapa"n jasotakoak: "Saio dezente egiteak bertsoetarako erraztasuna ematen du, konfiantza, segurtasuna... bertsoa gutxitan kantatu izan bazenu baino errazago ateratzen da".

Juan Luis Goikoetxea irakaslearen aburuz: "Batua eta bizkaiera kontaktuan daude, bizkaiera ez da autonomoa batuarekiko, hartu-emonetan dabiz eta halan izan behar dau, baina jakin behar da egoera bakotxak zein eratako euskara eskatzen daben eta irizpide horrekin zuzen jokatu". Iritzi hau "Deia"k bildutakoa da.

Tomßs Aragüés konpositoreak "Gara"n adierazi zuenez: "Publikoak oraindik (Mozart eta Beethoven) nahiago ditu; eta agian, egungo musikan hainbesteko estimua zaion melodia, armonia eta argitasuna bezalako elementuetaz ahazten ari gara".

Batzuetan poztu eta beste askotan goibeldu egiten gaitu sareak. Azken hori gertatu zaigu www. alavaturismo.com helbidea idatzi dugunean eta pantailan webgunea agertutakoan. Arabako aukera turistikoez dihardu, informazio interesgarria eskaintzen du, baina ez dago euskaraz irakurtzeko aukerarik. Berriro.

MarØa Zamakolaren "Usoa" film laburra eta Tinko bikoizketa etxea suertatu dira Iruñeko Karrikiri elkarteak euskarazko zinema zikloaren barruan antolatu duen lehen lehiaketako garaileak.
Mikel Rodriguez historian adituak "Maquis. La guerrilla vasca (1938-1962)" liburua argitaratu berri du Txalapartaren eskutik.
Jesus Etxeberria musikagile nafarrak Kanariar irletan egiten den "Isla de La Gomera" musika obren konposizio lehiaketa irabazi du "Todo se ha cumplido" obrarekin.
Ereski abesbatzak Benasqueko III. Abesbatzen Lehiaketako bigarren postua lortu du. Donostiako abesbatzak Javier Bustoren obra baten interpretazioarekin lortu du sari hori.
Dank taldeak Mauro Entrialgok zuzenduko duen "Gente Pez" filmaren soinu bandan parte hartuko du "Ihes egin ezazu" kantarekin.

PRINTZA

Pascal Gaigne musikaria berdinkeria kulturalaren arriskuez mintzo zen "Zabalik" astekarian:
"Nik pertsonak bereizten ditut, ez herriak, ez pertsonen jatorria. Jendea interesatzen zait, pertsonen arteko harremanak, eta uste dut askok sentitzen duela hori nire inguruan.
Arriskua, benetako arriskua, kultura telebistaz soilik jasotzea da, horrela gehienbat Estatu Batuetan egindakoarekin konformatu behar baituzu. Eta hori kaltegarria da, guztiok berdin bizitzera, gauza berak jatera edo entzutera bultzatzen gaituelako.
Nik uste dut alor honetan gauzak okerrera doazela, sormenak beharrezko duen askatasuna gero eta ahulagoa dela. Informazio asko dugu, duela hogei urte baino gehiago, baina, azkenean, guregana heltzen diren kultur-produktuak gero eta elkarren antzekoagoak dira.
Berdinkeria horri kontra egin behar zaio, nire ustez. Eta norberaren sustraiak defendatzea izan daiteke bide bat. Baina berrikuntzei atea itxi gabe, beste kulturetan egiten dena baztertu gabe. Zurea defendatu, baina nahasketak onartuz. Hori da interesatzen zaidan bidea. Kulturari dagokionez, jakin-mina ezinbestekoa da. Zerbaiten bila joan behar duzu, nora zoazen ez jakinda ere".

Donostiako Arteleku zentroak arte garaikideko hiztegia paratu du Interneten, www.hiztegia.com helbidean hain zuzen. Edozein termino sartuta, webguneak modu erakargarrian aurkezten dizkigu bilaketaren emaitzak. Artelekuk "Zehar" aldizkarian argitaratutako termino zerrenda bildu du web orrian.

hemeroteka

1808. zenbakia | 2001-05-20
1807. zenbakia | 2001-05-13

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan