GIRO POLITIKOAK GERARAZI EGIN DU EAEko KUTXEN ARTEKO BAT EGITEA
Duela urte batzuek geroztik, prentsak EAEko aurrezki kutxetako arduradunei behin eta berriz aipatzen dien gai nagusietako bat beren arteko bat-egitearen kontua da. Caja de Navarra honelako operazio batean sartzeko aukera bazterturik dago lehen urrats bati begira, behintzat. Kutxa bakoitzeko zuzendaritzen aldetik jasotako erantzuna ere beti berbera izan da: ez dago ezer, guk ez dakigu ezer, hori politikoen esku dago, eta abar. Egia da, bestalde, euskal kutxetako lehendakarien adierazpenen bidez, gehiago edo gutxiago, bat-egite horren aldeko jarrerak ageri direla. Inolako zalantzarik gabe, bat-egitearen aldeko jarrerarik argiena, hasierako interpretazioak aurkakoak izan baziren ere, BBKko lehendakari Jose Ignacio Berroetarena izan da. Vital eta Kutxako lehendakariek jarrera zalantzatsuagoa edota are aurkakoa ere agertu izan dute.
Gauza jakina denez, gaur egungo egoera politikoaren ondorioz, egunetik egunera urrunago ikusten da Caja Navarra honelako bat-egite prozesu batean sartzeko aukera, nahiz eta abertzale giroan bat-egitearen aldeko jarrerak sumatu. Bitartean, EAEko beste hiru kutxekin harremanak ditu, eta Kutxa Euskal-Nafarren Federazioen erakundearen barruan dago.
Ibarretxeren legealdi berria hasi aurretik, delako bat-egite horrek gauza egina zirudien. EAJk, EHren lankidetzarekin, gobernu berria osatu ondoren, lehendakariorde eta ekonomiako sailaren arduradun zenak berak iragarri zuen kutxen arteko bat-egitea lehentasunezko helburua zela, eta legegintzaldi horretan gauzatuko zela.
Baina, krisialdi politikoek, lehenik, Gipuzkoako Aldundian, EAJ bertako gobernutik atera eta PP sartu zenean eta, bigarrenik, EHk Ibarretxeren gobernuari bere babesa kentzearen ondorioz legebiltzarrean gutxiengoko egoeran geratzerakoan, kutxen bat-egitearen proiektua zokoratzea eragin dute. Honelako operazioa burutzeko erabaki politikoa ezinezkoa da honelako krisialdi egoera batean hartzea. Egin berri diren hauteskundeetako emaitzen ondoren sortzen den gobernu motaren arabera ikusiko da proiektua bere zokotik atera eta gauzatzen den edo erabat bazterturik uzten den. Ez da erraza izango erabaki bat hartzea, dirudien bezala, EAEren egoera politikoan funtsezko aldaketarik gertatzen ez bada, eta, ondorioz, politika mailako giro nahasi eta zatituak jarraitzen badu.
Testuinguru honetan inor ez da harritzen Kutxa Euskal-Nafarren Federazioko lehendakari Fernando Spagnolok inolako bat-egiteko asmorik ez dagoela adieraztea, duela gutxi egin duen bezala. Honela, Spagnolok euskal kutxen memoria aurkezteko ekitaldian, apirilaren 17an, zioenaren arabera, "ez dago bat-egiteari buruzko inolako azterketarik, eta ez da inolako lanik egin zentzu horretan".
LAB-Finantzak sindikatu abertzaleak, bestalde, euskal kutxek bat-egiteko interes kaskarra dutela adierazi zuen hurrengo egunean. Kutxen federazioko lehendakari Spagnoloren jarrera salatu zuen, berau "bat-egitearen guztiz aurka agertzen delako". Baina, sindikatu abertzalearen ustetan, aukera handia dago bat-egitea gauzatzeko eta arrakastatsu gertatzeko, betiere Euskal Herriaren ikuspegi sozial batetik eta eraikuntza ekonomikoaren alderditik begiratuta, nahiz eta garbi utzi zuen ez duela horretarako borondate politikorik sumatzen.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.