KONTSEILUAREN SALAKETA
Kontseiluak Nafarroako Gobernuak eta Gasteizko Udalak hartutako neurriak eta hainbat politikarik (Fraga kasu) hauteskunde kanpainan egindako adierazpenak salatu ditu berriki. Kontseiluak azaldu duenez, argia da hizkuntzaren normalizazio prozesua moteltzeko eta euskararen alde lan egiten duten erakundeei diru laguntzak ukatzeko nahia duen estrategia. Halaber, hizkuntz politika egokia garatu ahal izateko neurri zehatzak eskatu dizkie Kontseiluak alderdi politikoei.
UDALERRI ETA AUZOEN IZENDEGIA KALEAN
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako udalerri eta auzoen izendapen zuzenak jasotzen dituen izendegia kaleratu du Eudelek (EAEko Udalen Elkartea)."EAEko Biztanle-entitateak" izenburupean. Euskaltzaindiako Onomastika Batzordea bi urtez aritu da lanean izendegi hau egiteko. Xabier Aizpurua Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan zuenez, argitalpena Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzeko beste urrats bat da.
UNIBERTSITATE BARRUTI BATERATUA
Euskal herriko unibertsitate barruti bateratuaren aldeko ekimen iraunkorra abiatu da. EHU, NUP, Baiona campusa, Mondragon Unibertsitarea, Nafarroako Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitateko ikasle, irakasle eta langileek bultzatu dute ekimena. Besteak beste, euskararen hutsunea estaltzea eta euskal kurrikuluma eta ikerketa alor euskalduna osatzea dute helburu. Hartara, gestio plan bat egingo dute hurrengo ikasturterako.
EUSKO TRENEN NORMALKUNTZA PLANA
Euskararen erabilera normalizatzeko Eusko Trenen plana atzeraka ari dela adierazi dute ELA, UGT, CCOO, LAB, CGT eta ESK sindikatuek. Aldi berean, hizkuntza normalizaziorako lege eta araudiak ez betetzea leporatu zieten Eusko Tren eta Eusko Jaurlaritzari. Normalizazio plana apiriletik egina badago ere, ez da abian jarri.
MUSIKA IKERTZEKO
MUSIKA Ikerketa bultzatzeko helburuz sari bat antolatu berri dute Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Orfeoiak eta Unibertsitateak duela hilabete batzuk sinatutako akordioaren lehen ondorioa da berau. Lehiaketan parte hartzeko aurkeztu beharreko lanek ez dute gai aldetik mugarik eta edonork aurkez ditzake. Beti ere ekainaren 30a baino lehen.
Sari banaketa datorren ikasturteko lehen hiruhilekoan egingo da Donostian.
ASUN BALZOLAREN INGURUKOAK
ASUN Balzolaren lanik esanguratsuenak daude ikusgai Bilboko Begoña gunean ekainaren 1a arte. "Deskubritu ilustrazioa Asun Balzolarekin" izenburupean ilustratzaile eta idazlearen lanak ikusteko parada eskaintzeaz gain, ordenadore baten bidez, berak baliatzen duen ilustratzeko programan sartzeko aukera ere ematen du erakusketak. Gainera, hilaren 16an Balzolaren azken bi liburuak aurkeztuko dira eta 23an Alicia RĜosek hitzaldi-hapenninga burutuko du. Ekitaldi hauekin guztiekin bat "Irakurtzen ez dakitenen irakurketa" izeneko ikastaroa burutuko da.
JAZZ MINTEGIRAKO PREST
ORAINDIK urrun dagoen arren, Zarauzko Nazioarteko II. Jazz Mintegirako aurrematrikula egin daiteke dagoeneko. Uztailaren 30etik abuztuaren 5era bitartean, bi egitarau antolatu dira, bata profesional mailakoa, eta bestea, erdi mailakoentzat eta hasi berriak direnentzat. Halaber, Soinu Bandei buruzko II. ikastaroa burutuko da aurten ere. Bertan zineman lan egiten duten hainbat konpositore eta artistek hartuko dute parte.
DEBAKO ANTZERKI ASTEA
HILAREN 25ean hasi eta ekainaren 3a arte luzatuko da Deban XV:Antzerki Astea. Guztira, bederatzi egunetan zehar hamabi emanaldi ikusi ahal izango dira. Horietako batzuk antzokian, baina beste batzuk, gaztetxean, zaharren egoitzan edo kalean eskainiko dira. Talde profesionalen eta amateurren lanak eszenaratuko dira bertan: Taupadaren "Printze Txikia", Takolo Pirritx eta Porrotxen "Parrandan", Euskal Antzerki amateurren Elkartearen "Zakarranka"...
KULTURA GARAIKIDEA HIZPIDE
KULTURA Garaikideko Donostiako Nazioarteko Zentroa Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Diputazioaren arteko akordioa dela-eta jarriko da martxan. Jaurlaritzak zentro honen sorkuntzara 1.000 milioi pezeta (40 milioi libera) bideratzea erabaki du. Zentroa Egia auzoko Tabako fabrikan kokatuko da. Bestalde, Madrilgo Gobernuak Arabako Arte Garaikideko Museoaren, Artiumen, eraikina finantzatzeko aurten 350 milioi pezeta baliatuko ditu. Hala hitzartu zuen Arabako Foru Aldundiarekin. Akordio horren bidez gainera, datorren urtean, beste 300 milioi pezeta bideratuko ditu Madrilek.
Marisa Ozaita konpositoreak honela adierazi zuen "Zabalik"en emakume musikarien egoerari buruz: "Emakumeon erronka nagusia gaur egun orkestrek gure lanak jotzea da".
Quico Cadaval ipuin kontalariaren aburuz, "narratzaile batek irudiak kontatu behar ditu, ez hitzak. Hitzak irudiak kontatzeko tresna baino ez dira". Adierazpenok "Euskaldunon Egunkaria"n egin zituen.
Mixel Etxeberrik zera zioen murgiltze ereduaren inguruan egunkari berean: "Aipatzen da murgiltze ereduko gelak sortuko dituztela, eta hori ezin da onartu (...) Geletara mugatzen bagara, lana euskaraz eginen da, baina jostatzea, bizi komunikazioa, afektiboa eta guztia beste hizkuntza batean, kasu honetan frantsesez".
Cristian Mandeal, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari berriak honakoa esan zuen "Gara"n: "Behartuta gaude euskal autoreen musika jorratzera, baina, gainera, gainezka dagoen merkatu diskografikoan leku bat aurkitzeko gure aukera ere bada".
Alejandro Zugaza literatur agentea: "Hemen ondo sortzen da, baina ez dakigu saltzen".
Aretxabaletako 14 urteko ikasle bat Londresera zihoan bere ikaskide eta bi irakaslerekin. Neskatoak hegazkina hartzeko gurasoen baimena zuen. Euskaraz zegoen hura ordea eta Espainiako Poliziak ez zion hegazkina hartzen utzi, gurasoak bertan zeuden arren. Eta gure hizkuntza ofiziala omen da. Arraioa!
Jon Maia bertsolariak eta Mikel Dalbret Sarako marrazkilariak "Irudika Idurika" izeneko liburu berria osatu berri dute Gatuzain argitaletxearen eskutik.
José MarĜa Jimeno Jurio historialari nafarrak Irujo Etxea Fundazioak ematen duen Manuel de Irujo saria jasoko du. Sariarekin euskal kulturaren sustapenean eginiko lana saritu nahi izan da.
Hika antzerki taldeak Elvira Lindoren "Oihanaren legea" izeneko lana estreinatu berri du Tolosan.
Asier Otamendik irabazi du bosgarren aldiz Arabako Prudentzio Deunaren bertso txapelketa.
Ramon Saizarbitoriak eskuratu du Larramendi Kultur Bazkunaren Beterriko Liburua 2000 saria "Gorde nazazu lurpean" lanagatik.
Jasone Osorok irabazi du aurtengo euskarazko Zilarrezko Euskadi Saria "Korapiloak" lanarengatik.
PRINTZA
Miguel Angel Elkoroberezibar honela mintzo zen "Euskaldunon Egunkaria"n literatur aldizkariei buruz:
"(...) Urte asko ez dela, erreferentzia nabarmena eta bizia ziren literatur aldizkariak, baina azken hamarkada luze honetan oihartzunik gabeko garrasia dirudite. (...) Sasoi batean ia institutu guztiek eta unibertsitateetako euskal taldeek bazeukaten euren literatur aldizkaritxoa edota fanzine antzekoa, baina hura amaitu zen 1987. urtetik aurrera. (...)
Literatura liburuen eskaintza, bestalde, inoiz baino handiagoa da; pentsa, iaz bertan 1975-1980an beste literatura liburu argitaratu ziren ia (...).
Egile orok beti du liburua ateratzea helburu, eta aldizkaria, orokorrean, tarteko helmuga besterik ez da izan, norberaren indarrak neurtzeko lekua edota itxaron-gela. Gaur egun, inoiz baino errazago du idazle hasiberriak bere lehen liburua argitaratzea. Azkarregi bizi gara eta azkar heltzen zaigu libururako aukera, eta hori berez ez da txarra, baina kilometro falta sumatzen zaio literato askori. Torrealdairi behin irakurri nion bezala, 'literaturak saltsa behar du, eta entrenamenturako plazak, maratoi bat ezin baita entrenamenturik gabe egin'. Atxagak ere hala gomendatzen zien elkarrizketa batean: 'Pazientzia eta kemena'.
"Erdu berbetan" kanpaina martxan da Leioan. Udaleko Euskara Zerbitzuak abiarazi du, elkarte eta erakundetan euskara sustatzeko. 130 elkarte eta erakunderen konpromisoa lortu gura du. Hizkuntzaren egoeraren diagnosia egin dute jada eta aurrerago banan banako hitzarmenak izenpetzeari ekingo diote.