15.000 SINADURA BILDU DITU IA-K
Ikasle Abertzaleak (IA) elkarteak irakaskuntza sistemari kontzientzi eragozpena egiteko prest dauden 15.130 pertsonen sinadurak bildu ditu, garatzen ari den "Udaberri Intsumitua" kanpainaren baitan. IAko kideek esan dutenez, euskal ikasleen hizkuntza eta kultur eskubideak zapalduak daude. Hartara, fakultate eta irakaskuntza ertaineko ikastetxeetan intsumisio dinamikak garatzeko asmoa agertu dute halaber.
EUSKARA NAFARREN HIZKUNTZA DA
Euskara nafarren hizkuntza dela dioen lehenengo dokumentua plazaratu du Mintzoa argitaletxeak. Ale originala 1167 urtekoa da eta Iruņeko katedralean dago gordeta. Nafarroako Antso VI.a Jakituna erregeak, Aralarko abadeak eta Belako kondeak idatzi zuten XII. mendean agiria. Mintzoa argitaletxeak 365 ale argitaratuko ditu eta ale bana eman dizkie Euskaltzaindiari, Kontseiluari, Oinarriak-i eta Korrikari.
EUSKARA UDALETAN BIZIBERRITZEKO
Eusko Legebiltzarrak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu zuen 1999an. Eusko Jaurlaritzan eta Foru Aldundietan garatu ostean, udaletara egokituko dute orain. Jaurlaritza, Eudel eta Diputazioetako ordezkariak 156 udaletako ordezkariekin bildu dira udal bakoitzari eredu egokitua emateko. Udalek proposamena aztertu eta abian jarriz gero, 2004 urte arteko epea izango dute plana garatzeko.
"HIK HASI"-REN TOPAKETAK
"Hik Hasi" euskal heziketa aldizkariak 23 ikastaro eta hainbat hitzaldi aurkezpen eta eztabaida antolatu du uda honetarako. Donostiako EHUko campusean izango dira ikastaro eta bestelako ekimenak, uztailaren 3a eta 5a bitartean. Izena emateko epea hilaren 18an amaituko da.
OTEIZA ZARAGOZAN
EKAINAREN 30a arte izango dira ikusgai Zaragozan Jorge Oteizaren berrogei bat eskultura. "Espacialato" izenburupean harrizko, egurrezko eta burdinezko lanak ikus daitezke bertan. Gehienak 1955-1959 epean eginak dira, baina bertan paratu dituzte baita ere 70eko hamarkadan eginiko lanak. Gainera, 2001ean artistak sortutako bi lan ere ikus daitezke.
GASTEIZKO ZINEMALDIA
GASTEIZKO III. Zinemaldia hastear dago Gasteizen. Iaz bezala, garrantzi berezia hartuko du aurten ere zuzendari berrientzako atal ofizialak. Atal honetan, Victoria saria irabazteko lehiatuko diren film luzeen artean Ibon Cormenzana bilbotarraren "Jaizkibel", Gonzalo Lopez-Gallegoren "Nomadas", Judith Colellen "Nosotras" eta Cecilia Barrigaren "Time's up" daude. Maiatzaren 15ean hasi eta 19an amaituko den jaialdiak gainera betiko atalak izango ditu: goizetan haurrentzako filmak euskaraz eta arratsaldez jatorrizko bertsioan pelikulak. Gainera, aurtengoak Carlos Larraņaga aktorea omenduko du.
ZIKLO KLASIKOA
GUZTIRA, ia 4 milioi pezetako (160.000 libera inguru) aurrekontua baliatu du Bilboko Udaleko Kultura atalak udaberriko ziklo musikala martxan jartzeko. Ganbera Astearteez eta Ostiral Koralez egongo da osaturik ziklo honen egitaraua. Lehenak maiatzaren 15etik ekainaren 12a arte burutuko dira Bidebarrieta Liburutegian. Ostiral koralak, aldiz, Bilboko hainbat eliza eta Parrokiatan egingo dira maiatzaren 25a bitartean.
ARGAZKI EUSKALDUNAK
DAGOENEKO martxan den Miarritzeko Terre D'Images nazioarteko argazki jaialdian lehen aldiz lau argazkilari euskaldunen irudiak dira ikusgai. Eduardo Arrillaga, Clemente Bernade, Nicolas Lopez eta Polo Garateren argazkiek "bidaia" dute oinarri. Halaber, maiatzaren 20a arte iraungo duen jaialdiak, Euskal Herria nazioarteko argazkilarien ikuspegitik jorratu du.
GOI MAILAKO FUNDAZIOA
EUSKO JAURLARITZAK baimendu berri du EAEko Goi Mailako Musika Zentroa sustatzeko Fundazioaren eraketa. Donostian kokatuko den Fundazioa pribatua izango da eta Goi Mailako Musika Zentroa sortzeaz gain, goi mailako musika ikasketen inguruko ekimenez arduratuko da.
AGUR, MAIATZA DANTZAN
HAMAZAZPI urteren ondoren eta Donostiako Victoria Eugenia itxita dagoela-eta, lehenengo aldiz aurten ez da egingo Maiatza Dantzan jaialdia. Jaialdi honetan urtero hamar konpainia inguru biltzen ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak jaialdiko diru hori urtean zehar ekitaldiak antolatzeko erabiliko dela esan badu ere, Gipuzkoako Dantza Elkartekoen ustez, oraingoz ez dago finkatutako egitaraurik.
Katixa Pereak, Gipuzkoako Dantzako Profesionalen Elkarteko presidenteak honakoa zioen "Gara"n: "Dantzaren egoera gero eta okerragoa da ez baitago konpainia handi eta egonkorrik, ez eta politika seriorik, eta jarraitu nahi duena kanpora joatera behartua baitago".
Harkaitz Canoren hitzak dira hauek "Deia"n jasoak: "Argitaletxeek arreta handiagoa eskaini beharko liekete poeta gazteei. Idazle gazte askok poesia dute abiapuntu. (...) Poeta gazteak dira gerora beste genero salgarriagoetan aritzen direnak".
Xabier Iriondok zera esan zuen "Euskonews&Media"n: "Euskaldun batzuk hasi dugu euskararen manipulazioa eta eskuetatik joan zaigu. Eta agian euskararen manipulazio politiko hori eragin dugunok, orain jasan behar ditugu gure erabilera horren efektuak".
Joan Mari Torrealdaik honela adierazi zuen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Bi bide landu beharra azpimarratuko nuke nik: bat, euskara integratzailea delako ideia euskal herritarrongan finko errotu; eta bi, euskalgintzaren autonomia landu, aukera politikoen gainetik, eta horretarako euskalgintza indartu eta gorpuztu".
Hauteskunde kanpainek ez dute mugarik. Manuel Fraga Iribarnek joan den astean esandakoa lekuko: Euskara historiaurreko hizkuntza da eta euskaldunek latinarekin osatu zuten; gainera museoko hizkuntza da eta ezin da eguneroko hizkuntza bihurtu. Fraga dixit. Dena den, hizkuntza zoragarria dela dio. Eskerrak!
Xabier Mendiguren Elizegik "Errekarteko koadernoa" izeneko liburua argitaratu berri du Elkarlaneanen eskutik.
Kanpingags izeneko konpainia eta ekoiztetxea sortu dute Asier Hormazak, Joseba Apaolazak eta Patxi Barcok. Talde honen xedea Estatu Batuetako merkatu hispanora eta Hego Amerikakora heltzea izango da.
Alberto Peral eta Saioa Olmo bizkaitarrak eta Maider Lopez artista gipuzkoarra Hangar PS-1 beka jasotzeko izendatuak izan dira. Beraiekin batera, Espainiako beste zazpi artista daude aukeratuak. Irabazle suertatzen denak New Yorken dagoen PS-1 gune kulturalean tailer bat erabili ahal izango du urte baten zehar.
Nestor Basterretxearen inoiz erakutsi gabeko obra grafikoa dago ikusgai Bilboko Mordiente galerian maiatzaren 18a arte.
PRINTZA
Joxemari Carrerek esanak dira hauek antzerkiaren literaturari buruz "Hika"n:
"Antzerki lan baten osaketan hainbat jardun biltzen dira. Margolaritza, dantza, musika, literatura, beste batzuen artean. Baina, beharbada nagusienetakoa hitza izango da. Jakina da antzezlan asko eskenatoki batean baino liburu batean irakurrita ezagutu izan dugula. Honek ekarri du literaturaren barruan aztertzea antzerkia. Eskolan antzerkigile handiak irakurri eta ikertu ditugu; erabilitako estiloa, ekintzaren egituraketa, pertsonaien izaerak. Eztabaida luzeak eman ohi dira hau dela eta, alegia, antzerkigintza bere horretan aztertu behar dela eta ez literatura ikasgaiaren barruan, izan ere, baduelako berezko pertsonalitatea; eta, batez ere, antzerki lan bat ezin delako behar bezala ezagutu jende aurrean eskaini arte. Baina, era berean, antzerkiaren lan handiak ezagutu ezinak izango zitzaizkigun paperean jaso izan ez balira. Jakina da era berean egile handiek lan egiten zuten konpainietan antzezteko egiten zituztela beren obrak, ez irakurriak izateko. Eta hortxe ikusten da aldaketa, alegia, autore horiek erabiltzen zuten literatura, esateko pentsatzen zuten, eta askotan, aldiz, antzerki lan asko literarioegiak suertatzen dira, alegia, antzerki ekintzarako makal geratzen direla. (...) Orain arte inork gutxik heldu dio sakon horri, hau da, antzerkian erabiltzen den literaturari".
Oinarriak plataformak ekimen irudimentsua jarri du abian: "Euskarari, zor zaiona" objekzio fiskalerako kanpaina hain zuzen. Asmoa Nafarroako Gobernuak euskararen aurka hartutako neurrien aurrean, euskarari maitasun aitorpena egitea da. Protesta egitearekin batera, euskararentzat dirua bildu nahi dute. Zorte on!