IRAKASKUNTZA
Maiatzaren 6an Bilboko Etxebarria Parkean Euskal Eskola Publikoaren festa egingo da. X. urteurrena den honetan antolatzaileek mezu bat zabaldu nahi dute jendearen artean, XXI. mende honetan oraindik gainditu beharreko mugak ugariak direla.
Euskal Eskola Publikoa XXI. mendean sartu da eta ongi etorria eman nahi dio erronka eta itxaropen berriekin. Horregatik Hizkuntzen Urte Europarra ospatzen den 2001. urte honetan jai handia prestatu du maiatzaren 6rako Bilboko Etxebarria Parkean. Hamargarren edizio honek "Mugak gaindituz" izango du lelo nagusia, oraindik ere irakaskuntza publikoak gainditu beharreko oztopoak handiak direlako, euskaraz izateagatik, plurala izateagatik, kultura artekoa izateagatik, lege arazoak tartean daudelako... eta hauei aurre egiteko oraindik lan handia egin beharko delako.
Festa nagusi honek helburu argiak ditu, hala nola, euskal eskola publikoa kalera atera eta bere irudi publikoa indartu, bere kalitatea aldarrikatu, guraso elkarte guztiak inplikatu eta eskolaren aldeko borroka indarberritu, leloak dioen bezala oztopatzen duten mugak gainditu asmoz.
HISTORIA LABURRA BAINA ASMO HANDIAK.
Gauzak horrela, antolatzaileek azpimarratzen duten moduan, milurteko berrian etorkizunari ateak ireki behar zaizkio, baina orain arte aldarrikatutako helmuga gogoan izanik, hau da, etorkizuneko irakaskuntza izatea, erronkei erantzuten diena, guztion artean eta guztiontzat eraikitakoa, norbanakoari zein kulturari moldatutakoa; handia edo txikia, herrikoa edo hirikoa, baina azken finean euskal eskola publikoa.
Hori guztia kontuan hartuz, oraingo helburua -eta baita leloa ere- legeak, bizitzak eta lurraldetasunak sortzen dituzten mugak eta oztopoak gainditzea dute, muga pertsonal, sozial, administratibo zein legalak alegia, eta horixe bera aldarrikatuko dute Euskal Eskola Publikoaren X. Jai honetan.
EHIGEren bataio publikoa. Aurten gainera festa honetan Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartearen sorrera nabarmenaraziko da. Erakunde hau aurtengo martxoaren 30ean jaio zen Bilboko Guggenheim Museoan eginiko ekitaldian, iazko maiatzaren 10ean Donostiako Kursaalen hasitako prozesuari bukaera emanez. Elkarteak Euskal Herri osoko 202.000 inguru ikasleren gurasoak biltzen ditu (81.000 Bizkaian, 45.000 Gipuzkoan, 23.000 Araban, 50.000 Nafarroan eta 3.000 Ipar Euskal Herrian) eta helburu nagusi batzuekin sortu da. Hain zuzen, herrialde bakoitzeko ezberdintasunak kontutan hartuz berezko hezkuntza sistema, euskal hizkuntza eta kultura defendituko dituzten hezkuntza-ekimenen alde lan egitea, Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna defendatzea, eskola euskalduna, dohainekoa, bateratzailea, aurrerakoia, berritzailea, autonomoa eta demokratikoa bultzatzea, seme-alaben heziketarekin zerikusia duten gaietan erabakitzeko ahalmena izatea edota eskola ingurune sozialean uztartzea helburu nagusi hauetako batzuk dira.
DEBEKATUTA DAGO ASPERTZEA.
![]() |
|
||||
1806 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa