Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-05-06 -- 1806.zenb

ATXIA MOTXIA
Batzuen artean
AURTEN BAI
12 kanta
1.150 pezeta
46 libera


AURTEN BAI, EUSKAL KANTA HERRIKOAK BULTZATUZ

Uxue Alonso, Andeka Gorrotxategi, Marife Nogales eta Xabi San Sebastian euskal kantari gazteek beren kanta dohainak agertzen dizkigute euskararen sustapena helburutzat duen Aurten Bai Fundazioak burututako ekintza honetan, hau da, "Atxia motxia" diskoan. Euskal kanta herrikoien bilduma hau Azkueren kantutegitik jasoa izan da, eta bertakoak dira CD-an entzun daitezkeen kantu guztiak, Marisa Barrenaren hautaketa eta Joxan Goikoetxea musikariaren moldaketak izan badituzte ere. Hauek dira aipatutako kantak: "Horra hor goiko", "Neure maite polita", "Dringilin dron", "Oba obatxua", "Txalopin txalo", "Begira nago", "Atxia motxia", "Nere maitea. Maite polita", "Nere andreak", "Bart hamarretan", "Amak ezkondu ninduen" eta "Ai Mari Migel".


KORAPILOAK
Jasone Osoro
ELKAR
138 orrialde
1.600 pezeta
64 libera


GALARTZA SARIAREN AKZESITA JASOTAKO IDAZLANA

Jasone Osorok jaso du azken Galartza sariaren akzesita "Korapiloak" liburuarekin, non idazleak kontatzen duen, besteak beste, 17 ipuin eta beste horrenbeste poemen bitartez, izenik ez duen hiri bateko jende anonimoaren geletan sartuz eta haien sekretuak argituz, nola mutil batek, jadanik bera uztera erabakita dagoen neska-laguna izandakoa bahitu, bortxatu eta hil egiten duen. Baina neska-laguna hil eta berehala, hiltzaileak liburu bat topatuko du, koaderno beltz bat hobe esanda, eta koaderno horretan hamabost istorio ezberdin. Istorio horien bidez, hildako neskak, bahituta egon zen denboran (hamabost egun izan ziren denera), bere gelako leihotik ikusten zituen pertsonekin eginiko asmakizunak azaltzen ditu, bere hiltzailearen jakinmina piztuz. Horrela bada, Fermin, neskaren gorpu oraindik beroaren ondoan eseri eta ipuin horiek irakurtzen hasten da, konturatuz, ipuin bakoitzak izaera eta nortasun propioa duen arren, elkarren arteko lotura ere badagoela han, hau da, soka bera osatzen duten hamabost korapilo direla koadernokoak. Eta korapiloz korapilo, Jasone Osorok, egunerokotasun eta absurduaren artean mugituz, istorio oso bat aurkezten du irakurlearen aurrean.

IDEGILEAK: UNZUETA, GARATE, TAPIA, ETXEBERRIA
Batzuen artean
EUSKO JAURLARITZA
16, 24, 28, 20 or. 1.000 pzta./ 40 lib.


XX. MENDE HASIERAKO ERAKUSGARRIAK

Sorne Unzueta "Utarsus" (1900), Justo Garate (1900-1994), Alexander Tapia (1899-1957) eta Patxi Etxeberriaren (1900-1989) bizitzak ditugu, zehazki, Mikel Atxagak zuzendutako "Bidegileak" bildumaren koaderno honetan aztertuak izan direnak. Igone Etxebarriak ematen digu irakasle, Emakume Abertzaleen Batzako partaide, idazle eta politikaria izandako "Utarsus"en berri. Jerardo Elortzak, Eusko Abertzale Ekintzako partaide, aurrerazale, errepublikano eta federalista izateaz gain sendagile eta kulturgizon ere bagenuen Justo Garateren bizitzan arakatzen du. Jose Mari Satrustegik, Iruņeko olerkari erromantikoa eta idazle ospetsua izandako Alexander Tapia aurkezten digu, eta Elixabete Garmendiak, zinez euskaltzalea eta abertzalea izanik ere Txinan eta Filipinetan bizitza ia osoa igaro zuen Patxi Etxeberria.

ALDE HEMENDIK, MAKAL HORI
Ann Ladiges
EREIN
140 orrialde
1.350 pezeta
54 libera


EDARIAREN MENDE BIZI DIREN GAZTEAK MOTIBO

Pello Zabaletak euskaratu du Erein argitaletxearen "Auskalo" sailean eta Jon Zabaletaren marrazkiekin argitaratu den idazlan hau, hamalau eta hogeita hamar urte artean dabiltzan gazte askorengan alkoholak duen eragin kaltegarriaren agertoki gordina. Edariarekiko mendekotasun larria bizi duten gazteak dauzka motibo. Izan ere, edariaren mende bizi da Roland, nobelaren protagonista. Porrot egin du bizitzan. Huts egin du eskolan, maitearekin, gurasoen etxean... Eta jakina, etxeko giroa eta bestelakoa gaiztotu egin zaizkio. Izan ere, bere gurasoek ezin dituzte gaztearen mozkorraldiak jasan (botila hutsez betetako ohe peak mutilaren egoeraren larritasuna salatzen du). Hain gazte izanik, hamabost urte besterik ez baititu, Rolandek ezin du alkoholik gabe pausorik eman. Nobela, hamalau urtetik aurrerako irakurleentzat aproposa da.

GEURE IPUINAK
Xabier Etxaniz Erle
PAMIELA
270 orrialde
3.300 pezeta
132 libera


EREDUGARRITZAT ASKO EZ DUTEN EUSKAL IPUINAK

Euskal Herrian zehar kontatu izan dira aspalditik, baina ez dira ohizko ipuinak Xabier Etxaniz Erleren edizioan, Jokin Mitxelenaren marrazkiekin eta Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratutako "Geure ipuinak". Euskalki ezberdinetan zeuden ipuinen ezohiko bilduma dugu, euskara batuan jarria, jatorrizko hizkeraren freskotasuna gordeaz dena den. Izan ere, garai batean ahoz aho kontatzen ziren ipuinok aldaketa batzuk jasan zituzten ahozko itxuratik idatzizkora pasatzerakoan, transkribitzailea, sortzaile izanik ere, suntsitzailea ere suertatu zelako maiz. Oraingo bertsio honen egileak ere aldatzaile behintzat aitortzen dira, ipuinek igortzen zuten ideologiaren aurrean, agerizko misoginia edo gertakari gogorren bat (pertsonaia erretzen dutenean, kasu) "bigundu" egin dutelako, pertsonaia hori hil egin zutela esanaz.

ROSSETTI-REN OBSESIOA
Ramon Saizarbitoria
EREIN
193 orrialde
2.075 pezeta
83 libera


ZIKOIKERIAK ARTISTA BEREGANATZEN DUENEAN

Ramon Saizarbitoriak Kritika Saria lortu zuen "Gorde nazazu lurpean" idazlanarekin. Bertan agertzen ziren narrazio luze haietako bat dugu "Rossetti-ren obsesioa", ironiaren arma kupidagabe erabiliaz, gaur egungo idazle baten eta hemeretzigarren mendeko pintore baten zikoikeria alderatzen dituen kontakizuna. Rossetti pintoreak, hainbeste tratu txar eman ondoren, bere buruaz beste eginik hil zitzaion zorigaitzeko emaztearen gorpuarekin batera hilobiratu zuen bere poema liburu bat haren ohorez; handik gutxira damutu zen, ordea, eta lurpetik atera zuen poema liburu hori. Idazleak berriz, denboran gertuen gelditzen zaigunak, bere ametsetako neska galduko du, une batean beste emakume bati idatzi zion mezuaren balioa goiesten duelako, eta hura berriro eskuratzearren edozein gauza egiteko prest aurkitzen delako.

IPARRAGIRRE
Julen Gabiria
ELKARLANEAN
124 orrialde
1.160 pezeta
64 libera


IPARRAGIRREREN ITZAL ETA ARGIAK

Garaiko gizarte eta historiaren testuingurua ahaztu gabe, ederki kontatzen ditu Julen Gabiriak Jose Mari Iparragirreren biografiako itzal eta argiak. "Gernikako Arbola", "Zibilak esan naute", "Hara nun diran" eta beste hainbeste kantu gogoangarriren egileak izan zituen bizitzan gorabehera franko, 13 urteko mutikoa zela etxetik ihes egin zuenetik altxatu berri ziren karlistekin elkartzeko. Haatik karlistek gerra galdu zuten, eta erbestera jo beharrean izan zen Iparragirre. Handik urte batzuetara Euskal Herrira itzuliko zen, koblakari bezala Europan zehar arrakasta izan ondoren. Gurean ere ez zitzaion gaizki joan orduan, baina Argentina aldera jo zuen gizonak artzain gisa, han familia zabala izateko eta bere eskuzabaltasuna erakusteko, ahalik eta herriminak jota berriro etxeratu zitzaigun arte, triste, pobre eta bakarrik hiltzeko bertan.


GURE LAGUN MAITEAK

Paco Capdevila
AIZKORRI
22 orrialde
395 pezeta
15 libera


MUTIKOTXO BATEN LAGUN KUTTUNEN ZERAK

Josu Lartategik euskaratu du "Gure lagun maiteak", Paco Capdevilak idatzi eta Aizkorri argitaletxeak "Jone, Jon eta Txintxon..." sailean kaleratzen duen ipuin hau. Marrazki eder bezain ugariz, hizki larriz eta testu laburrez horniturik dago, hiru-sei urte bitarteko neskato-mutikoei zuzendua baita. Bertan, mutikotxo baten lagun taldea aurkezten zaigu. Aldez aurretik, Txintxon txakurra, bere lagunik kuttunena. Zuhaitzak eta hezurrak atsegin ditu, baina ez hainbeste etxera hurbiltzen den zenbait jende, eta horregatik iskanbilak sortu ohi ditu. Miau ere han da, mutikoaren katutxoa, oso bihurria eta jolastaria, patxadazalea batzuetan, esnea gustuko duena, eta oso maitekorra... berak nahi duenean. Gero Txio-txio dator, koloretako arrainak eta Toka dortoka. Lagun maitagarriak dira denak, nahiz batzuetan ez duten elkar ondo hartzen.

hemeroteka

1805. zenbakia | 2001-04-29
1804. zenbakia | 2001-04-15
1803. zenbakia | 2001-04-08
1802. zenbakia | 2001-04-01
1801. zenbakia | 2001-03-25

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan