Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-05-06 -- 1806.zenb


DONOSTIAKO EUSKARA PLANA

Euskararen Udal Patronatuko Gobernu Kontseiluak "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra" dokumentua onartu du. Planak 200 ekintzatik gora jasotzen ditu, Donostiako sektore ezberdinak euskalduntzearren. Patronatuak idatzitako dokumentua, jendaurrean izan zen hilabete batez, herritarrek iradokizunak egin zitzaten. Patronatua komunikazio plan bat egingo du orain, plana ezagutarazi eta zabaltzeko.


EUSKARA IKASTAROAK UNED-EN

Espainiako Urrutirako Unibertsitateak (UNED) Bergaran duen zentroak euskara ikastaroak eskainiko ditu urritik aurrera. Hiru maila eskainiko ditu eta bakoitza ikasturte batean osatu beharko da. Maila bakoitza gainditutakoan, ikasleak ziurtagiri ofiziala jasoko du. Aurten proiektua martxan jarri da proba gisa Espainiako zenbait lekutan. Plasencian (Extremadura), esaterako, hamasei ikasle aritu dira euskara ikasten. 2002an Espainiako Estatura zabalduko da ekimena.


HIZKUNTZA GUTXITUETAKO EGUNKARIEN ELKARTEA

Duela bi aste hizkuntza gutxituetako egunkarien biltzarra egin zen Palman. Biltzarraren hirugarren edizio horretan, Hizkuntza Gutxituetako Egunkarien Elkartea sortu zen, Europako Batasunean euren ahotsa entzunarazteko asmoz. Elkarteak hamabost kide ditu, besteak beste, Italian eslovenieraz argitaratzen den "Primorski" eta alemanez argitaratzen den "Dolomiten", Kataluniako "Regio 7 " eta "Euskaldunon Egunkaria".


IRAKASKUNTZARAKO DIRU LAGUNTZAK

Eskola publiko eta pribatuentzako diru laguntzak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak. 1.153 milioi pezetako (46 milioi libera) partida onartu du eta horietatik 662 irakasleak euskalduntzeko Irale programarako izango dira. 2001-2002 ikasturterako laguntza hori, euskara ikasi nahi duten irakasleak ordezkatzeko baliatuko da.


UEUKO EGOITZA BERRIAK

UDAKO Euskal Unibertsitateak bi egoitza berri inauguratu ditu. Batetik, Bilboko Erribera kalean UEUren Egoitza Soziala izango dena erosi du Udako Unibertsitateak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Besteak beste, bertatik kudeatuko dira argitalpengintza eta baita Inguma euskaraz produzitutako unibertsitate mailako edukia biltzen duen datu basea ere. Gainera, bertan kokatuko da UEUren bazkideen elkargunea. Bestetik, hemendik aurrera Eibarko Markeskoa jauretxea izango da UEUko Ikastetxe Nagusia. Bertatik jarduera akademiko guztia gestionatuko da, hau da, jardunaldiak, topaketak, udako ikastaroak eta abar.


TXALAPARTA NAGUSI

TXALAPARTA da Igor Otxoak eta Harkaitz MartØnezek osatzen duten Oreka TX taldeak argitaratu berri duen lehen diskoaren protagonista nagusia. 1997an hasi ziren bi txalapartari hauek proiektu honetan lanean eta iazko udan grabatu zuten IZ estudioan. "Quercus Endorphina" lan honetan antzinako txalapartari beste erritmo eta tinbreak gehitu dizkiote. Diskoan gainera hainbat kolaboratzailek parte hartu du, hala nola, Mikel Laboa, Kepa Junkera, Glen Velez edo Justin Vali. Elkarlaneanek plazaratu duen disko hau zuzeneko ekitaldi batekin batera aurkeztuko dute.


LITERATURA LAGUNTZEN

EUSKO Jaurlaritzak onartu berri du euskal literatura sustatzeko 14,5 milioi pezetako diru laguntza (580.000 libera). Horietatik, hiru milioi euskal egileen obrak beste hizkuntzetara itzultzeko baliatuko dira; beste hamar, enpresa eta argitaletxeak nazioarteko liburu azoketan egon daitezen lortzera zuzenduko dira; gainerakoa, EAEtik kanpo ekitaldiak antolatzeko erabiliko da.


ARTE EDERRA MUSEOETAN

DUELA urtebete itxi zituen bere ateak Gasteizko Arte Ederretako Museoak berritze lanak egiteko zeudela-eta. Museoa osatzen duten bi guneak zaharberritu ondoren, lehengo astetik zabalik da berriz museoa. Edukietan ere izan du berrikuntzarik. Erakusketa iraunkorra hemendik aurrera 1850etik 1950era egindako lanez osatua egongo da. Baina batez ere, euskal margogintzak jasan duen garapena aztertuko da bertan. Honela, Zuloaga, Salaberri, Arteta eta beste hainbaten lanak ikusi ahal izango dira. Bilboko Arte Ederretako Museoak ere, bi urtetako zaharberritze lanen ostean, abuztuan itxiko ditu bere ateak udazkeneko inaugurazioa prestatzeko. BBKrekin sinatu berri duen hitzarmena dela-eta, "Emakumezko margolari inpresionistak. Barneko begirada bat" erakusketarekin hasiko du denboraldi berria.


EOS-EN ZUZENDARITZA BERRIA

EKAINETIK aurreta Gilbert Varga eta Cristian Mandeal izango dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren arduradun nagusiak. Biak Europako hainbat orkestren gidari izanak dira, adibidez, Berlinho Filarmonika, Israel...

Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiako idazkariorde-kudeatzaileak zera zioen "El Pais"en: "Gaur eguneko nobedadea da euskara bera gatazka politikoaren zurrunbiloan sartuta izatea. Hizkuntzaren zoritxarrerako arazo hau areagotu egin da (...)".

Laura Mintegiren ustez, "Euskal literaturan askotan falta zaiguna da simulakrorik gabe edozein gairi heltzea (...) Askoz ere errazagoa da asmatutako istorio arruntak egitea, bestelakoek askoz ere zintzotasun handiagoa eskatzen dutelako (...) Emakumeon kasuan gure eskizofrenia izan da askotan emakume bihotzaz baina gizon buruaz idatzi dugula". "Nabarra" aldizkarian eginiko adierazpenak dira hauek.

Julian Beloki EITBko Irratiko zuzendaria honela mintzo zen "Gara"n: "Oraindik hazteko aukera dugu, eta aukera horiek hiri handietako errealitateetara hurbiltzetik etorriko dira".

Txomin Heguy antzerkilari eta kantariak "Leihotik" aldizkarian zera esan zuen: "Gaur egun kulturegileek sortzen dituzten ekoizpenak ahal bezain emankorrak, adierazgarriak edo ederrak izan daitezen, profesionaltasuna da bide garrantzitsu bat".

Pasaiako herriari buruzko webgunea dugu www.pasaiabai.com. Pasaiako ekitaldi kulturalei, kirolari eta udalari buruzko informazio ugari topa daiteke bertan, baina zoritxarrez guztia gaztelanian dago. "Euskaraz" aukera izan badu, baina beste pantailara igarotakoan "prestatuz" hitz soila aurkitu dugu.

Garbiñe eta Bego Losadak zuzendu duten "Gus eta Gas" antzezlana suertatu da irabazle Antzerkiko Max sarietan. Txiskiñe konpainiaren euskarazko antzezlan honek Gas izeneko arratoi baten abenturak ditu hizpide.
Ramon Saizarbitoriak "Rossetiren obsesioa" liburua plazaratu berri du Erein argitaletxearen eskutik.
Rafael Moneo arkitektu nafarrak Europako Batasuneko Arkitektura Garaikidearen Mies Van der Rohe saria eskuratu berri du Donostiako Kursaal jauregiagatik.
Pottor's Iruñeko musika taldeak "Mestizaje" bere lehen diskoa argitaratu berri du Oihukaren eskutik.
Xabier Amurizak "Agur sagar beltzeran" bilduma plazaratu du "Bertsolari" aldizkariaren eskutik. Bertan, azken hamar urteetan idatzitako bertsoak eta zenbait iruzkin bildu ditu Amurizak.

PRINTZA

Xabier Amurizaren hitzak dira hauek "BertsoZalea" aldizkarian jasoak:
"Bertsolaritzan, beste arlo guztietan bezala, zikloak izaten dira. (...) Susmoa daukat oraingoan zikloaren behe aldean gabiltzala eta beharbada sasoi bateko aparrera zati batean ez gara iritsiko. Txapelketa nagusiak goraldi iragankor bat ekarriko du, baina laster itzuliko da maila berdintsura. Egoera politikoak zerikusi handia daukala uste dut (...).
Bertso-trama gaiak jartzeko era interesgarri askotariko bat da. Bertsogintza librea ez da hainbeste aldatuko formatu gisan. Ideiak eta estiloak alda daitezke, baina moldeak gutxi gorabehera berdintsu behar du. Gaiak jartzeko ereduan dago ahalbide ugari eta bariatuen giltza. Ereduaren konkrezio bakoitza ez da hainbeste esperimentu gisan planteatu behar, inprobisazioaren agerpen inherentetzat baizik. Inprobisazioa berez eta definizioz hain malgua eta adaptablea izanik, ekitaldi bat garatzeko erak amaigabeak dira. Beste jardun batean esperimentalismoa eman dezakeena, inprobisazioan ez da gaitasun baten aktualizazio besterik. Non dago gakoa? Bertsolarien jarreran eta gai jartzaileen asmamenean. Bertso-trama, molde gisan, asmakuntza onetariko bat da. Beste kontu bat da trama ona asmatzea, ez bere baitan bakarrik, aurrean egongo den publikoa atxikitzeko modukoa baizik".

Bergarako Udalak AEBE plana abiarazi zuen 1995ean, udal langileak euskalduntzeko asmoz. Eman du fruiturik. Udaleko langileriaren %80a euskalduna da; lan administratiboan aritzen diren guztiek dakite euskaraz. Orain bigarren faseari ekin diote, besteak beste, enpresa eta erakundeekiko harremanak lantzeari.

hemeroteka

1805. zenbakia | 2001-04-29
1804. zenbakia | 2001-04-15

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan