BURUJABETZARAKO ESTRATEGIA SINDIKALA
Jesus Mari Ariznabarreta
Francoren diktadura ondoren Estatu espainiarrean martxan jarritako trantsizio politikoak Euskal Herrian izandako porrotaren ondorioz, gero eta indartsuago nabari da euskal politikan soberanismoa eta autonomismoaren arteko gatazka. Eta, hauteskundeen aurrekanpainan buru-belarri sartuta gauden une honetan, bi ildo politiko kontrajarriok arteko borroka areagotu egin da.
Ezker Abertzaleak lehen momentutik planteatu zuen espainiar Konstituzioaren hegalpean jaiotako Gernikako Estatutoak eta Nafarroako Amejoramenduak ez ziotela Euskal Herriari inondik ere onart-zen erabaki esparrurik eta, ondorioz, bere etorkizuna erabakitzeko eskubiderik. Azken urteotan, gero eta esparru politiko, sindikal eta sozial zabalagoak joan dira adierazten autonomismo zikloaren amaiera eta ildo politiko berri baten beharra. Ildo honetan, inflexio puntu nabaria markatu zuen ELA sindikatuak 1997an Gernikan burututako ekitaldian aldarrikatutakoak: Estatutismoa hilik dago eta ez dago berpizterik; marko juridiko-politiko berri bat behar dugu.
ELA eta LABen arteko elkarlanari bultzada berria eman zion ELAren aldarrikapenak eta gehiengo sindikal abertzaleak Lizarra-Garazi Akordioaren aurreko hilabeteetan bete zuen lanaren ezaugarri estrategikoa areagotu egiten zuen.
BAINA, Lizarra Garazi Akordioa gauzatu ondoren sindikatuon papera bigarren maila baten geratzen da, talde politikoek eskuratzen dutelako protagonismo osoa edo sindikatuok ez dugulako erakutsi aurreko garaietako grinarik. Kontua da, oraindik ez dugula berreskuratu momentu politiko hain garrantzitsuetan gure eragina erakusteko izan beharko genukeen gaitasuna. Bakarka zein elkarturik gehiengo sindikal abertzalea osatzen dugun sindikatuok behin eta berriz adierazi dugu ziklo politiko berri bat zabaldu behar dela burujabetzaren bidetik. Hala ere, denbora luzea daramagu aldarrikapenetatik aurrera pauso bat ere eman gabe.
Hasieran esan dudan moduan, Euskal Herriaren etorkizunari begira, momentu politikoaren gakoa autonomismoa eta soberanismoaren arteko borrokan datza. Madril eta Parisen konturatu dira bide soberanistak duen potentzialitateaz eta horrexegatik ari dira egundoko erasoak garatzen gure nazio nortasunaren oinarriak suntsitu nahian. Gauzak horrela, sektore abertzale eta aurrerakoiok aukera ezin hobea dugu euskal gizartean nagusi diren jarrerak eta nahiak borroka politiko tinko, kontsekuente eta demokratiko batera bideratzeko eta burujabetzaren apostuaren inguruan indarrak metatzeko.
Abagune honetan euskal sindikatuok ezin dugu alde batera geratu, langile abertzaleok bete-betean hartu behar dugulako parte prozesu horren egituraketan. Gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuon artean -ELA, LAB, EHNE, ELB, ESK, EILAS, HIRU, ...- 150.000 langiletik gora biltzen ditugu eta langile-multzo antolatu horrek berebiziko balio eta indarra du benetan pertsona guzti horiek aktibatzeko gai bagara.
Aktibazio lan hori garatzeko, burujabetza prozesuaren aldeko sindikal estrategia bat finkatu beharko dugu lehenbaitlehen eta interbentzio ildoak pausoz pauso zehaztu. Adierazpenetatik eguneroko praktika garatzera pasatzeko ordua da.
BADAKIGU LAB eta ELAren arteko harremanak elkarlana hasi zenetik egoerarik larriena bizi dutela agian, hala ere, zenbait ekintza sindikaletan ditugun diferentzien gainetik, gatazka politikoaren inguruko zenbait ikuspuntu desberdinen gainetik, talde politiko abertzaleen arteko desadostasunek sortzen duten blokeoaren gainetik eta jasotzen ari garen eraso eta inposaketa guztien gainetik, abagaune politiko hain garrantzitsuaren aurrean dugun ardurari erantzun behar diogu eta aro politiko soberanista martxan jartzeko geure eskuetan ditugun indarrak aktibatu eta lanean jarri behar ditugu.
Burujabetzaren alde gauden sindikatuon arten hausnarketa sakona eta elkarlan iraunkorra burutu behar dugu aipatu estrategia sindikal hori arlo soziolaboralean eta soziopolitikoan zein nazioarte mailan zehazteko eta praktikara eramateko. LABek, joan den apirilaren 3an Gernikan burututako ekitaldian, elkarren arteko lan horri hasiera emateko, hain zuzen ere, planteatu zuen Euskal Herriko sindikatuen arteko konferentzia bat egiteko proposamena
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.