PARASMAParasma
OIHUKA
12 kanta
2.195 pezeta
87 libera
TRASH-METAL, DEATH ETA CORE SOINUEN INDARRA
Parasma taldearen estraineko diskoa dugu orain dela ez askoOihuka diskoetxeak plazaratu duena. Halere, 1998an maketa bat -"Bizitzera beharturik" izenburu zuena- grabatua zuen jada Parasmak, Etsaiak taldearen altzoan jaiotako musika talde honek. Parasma hitzak armiarma esan nahi omen du Lekeitioko hizkeran, eta armiarma pozoitsu baten sarearen antzekoa da beraiek eskaintzen dutena: soinu eta hitz bortitzak, trash-metal, death eta corea. Hamabi kanta, denera, beraietako bat instrumentala. Hona hemen haien izenburuak: "Askatasun eza", "Ez ditut gustuko", "Herri zaharren mendekua", "200000", "Kaosmentala", "Irabaziko dugu", "Ez dakit", "Malkoen jabe", "Kontuz", "Zergatik?", "Agian berandu da" eta "Beldur naiz".
MAGALIK BADAKIPatxi Zubizarreta
ANAYA HARITZA
80 orrialde
875 pzta. / 35 lib.
MAITATUA SENTITZEA OROREN EUSKARRI
Patxi Zubizarretak idatzi eta Elena Odriozolak marraztutako ipuina dugu "Magalik badaki". Iparraldeko herri hotz batean kokatzen da, ez dakigu non, Norvegian izan daiteke, Danimarkan beharbada... Halere, Magali neskatoaren galdera unibertsala da. "Zer izan izan nahi dut handitzen naizenean?", galdetzen dio bere buruari. Eta berak ez daki. Zalantza asko dituen neska da, agian gurasoak beti kanpoan daudelako, lan eta lan, edo bere ahizpa kuttuna, Karlota, New York-en bizi delako. Baina Karlota itzuli egingo da, eta itzulipurdikatu egingo du Magaliren galdera hori eta bere bizitza. Errealitatean fantasia eta magia sartuko ditu, eta segurtasun izpia emango dio ahizpa txikiari, beharbada txikiek ere badutelako ereduen beharra, handiek bezala. Errealitatean fantasia sartuko du, eta Magalik ez zekiena jakiten lagunduko dio. Haur literatura, haurrek ere irakur dezaketen literatura dela esan omen zuen horretaz jakitun zen norbaitek, eta "Magalik badaki" sei urtetik aurrerako haur zein helduentzat egindako ipuina da. Gainera, euskaraz ez ezik, gazteleraz, katalanez eta gailegoz plazaratu du Anaya Haritza argitaletxeak, herrialde horietako guztietako irakurleen gozagarri izan dadin.
BIDEGILEAK: ALTUBE, ZAITEGI, MIRANDE, VILLASANTE Batzuen artean
EUSKO JAURLARITZA
16, 24, 28, 20 or. 1.000 pzta./ 40 lib.
EUSKARAREN MAITALE SUTSUAK
Sebero Altube (1879-1963), Jokin Zaitegi (1906-1979), Jon Mirande (1925-1972) eta Luis Villasante Kortabitarte (1920-2000) oroituak ditugu, zehazki, "Bidegileak" bildumaren karpeta honetan. Josemari Velez de Mendizabalek ematen digu Sebero Altube linguista, filosofo eta literaturgilearen bizitzaren berri. Pako Sudupek Jokin Zaitegi aztertzen du, bere hitzetan, euskal idazlea, irakaslea eta apaiza izateaz gainera, euskararekin maiteminduriko kixote idealista, mezenasa, argitaldaria eta euskal kulturaren aldeko indiano guatemaltarra izan zena. Jon Mirande idazle, poeta eta itzultzaile handi bezain heterodoxoak bizitzan izandako gorabehera gaitzaz, berriz, Lurdes Otaegik idazten du. Eta Elixabete Perez Gazteluk, besteak beste, Euskaltzaindia eraberritzen lemazain izan genuen Aita Villasantez.
UTZI DROGA HORI, KOPON! Dagmar Kekulé
EREIN
206 orrialde
1.850 pezeta
74 libera
GAZTETASUNA ETA DROGEN MUNDUA
Pello Zabaletak euskaratu du "Utzi droga hori, kopon! Paulinaren ametsak eta atsekabeak" izenburua duen idazlan hau. 14 urtetik aurrerako pertsona guztiei zuzendua dagoen arren, ezin esan eredugarritzat jo daitekeen liburu horietakoa denik, alegia irakasle arrunt batek bere ikasleei bereziki gomendatuko lieken horietakoa, gordin islatzen baitu egungo gazteek aurre egin behar izan ohi dioten arazo larri bat: drogek sortutakoa. Paulina, protagonista nagusia, hamazazpi urteko neska adoretsu bat da. Baita behar ere, zeren, guraso bananduen alaba izateaz gain, bere amak edateari eman dio, eta kartzelatik irten berria duen mutil laguna gizatxar batzurekin elkartu zaio, eta haien amarrukeria dela bide, droga saltzaile bilakatu beharrean da. Hala ere, Paulinak ez du etsiko eta atsedenik hartu gabe lagunduko die, bai amari, bai mutilari.
ESCRITORES CARLISTAS EN LA CULTURA VASCAJosé Javier
López Anton
PAMIELA
398 orrialde
3.000 pezeta
120 libera
EUSKAL KULTURAK IZAN DITUEN IDAZLE KARLISTAK
Hauxe da José Javier López Antonek Pamiela argitaletxean plazaratu duen azterketa honen izenburu zehatza: "Escritores carlistas en la cultura vasca. Sustrato lingüístico y etnográfico en la vascología carlista". Eta bertan, historiografia tradizionalak bazterrera utzi izan duen gaiari heltzen dio López Antonek, Arturo Campionen inguruko tesiaren bidez Historia doktoretza lortu zuen gizonak. Oraingo lan honetan, fedearen eta kulturaren arteko harremanak euskal literatur mugimenduetan dauzka batik bat ikergai. Oro har, 1939. urtea arteko idazle karlisten kultura alderdiak aztertzen ditu, begien bistan utziz berebiziko garrantzia dutela Euskal Herriaren historia ezagutzeko garaian, karlismoa ere ez delako izan bat eta bakarra, eta hura osatzen dutenak aztertuz euskal kulturaren berpizkundea modu berri batean ikus daitekeelako.
JULENE AZPEITIA LEHIAKETA. 2000 URTEABatzuen artean
DURANGOKO UDALA
123 orrialde
JULENE AZPEITIA LEHIAKETAN SARITUTAKO LANAK
Hirurehun lan aurkeztu ziren 2000. urteko Julene Azpeitia Ipuin eta Bertso-paper Lehiaketara. Eta hain zuzen ere, horiexen artean saridun gertatu zirenen ipuin eta bertsoak ematen ditu argitara liburu honetan lehiaketa horren antolatzailea den Durangoko Udalak. Umeak omen zituen Julene Azpeitiak etorkizunerako ardatz eta itxaropen, eta gehienbat gazteak; oso gazteak dira haren izena daraman lehiaketan parte hartu zutenak ere. Bederatzi ipuin eta bi bertso-paper suertatu ziren saridun. Hona hemen beraien egileen izenak: Saioa Gorroño Belar, Janire Arrillaga, Iraia Gallastegi eta Irantzu Lauzurika 11-12 urte sailean. Libe Atxotegi eta Gontzal Alkorta Garai 13-14 urte sailean. Ainara Monasterio Marcos, Jasmina Gorroño Elorriaga eta Peru Magdalena Arriaga 15-16 urte sailean. Nagusienean, berriz, Vicente Gil de Paules.
UROLA GARAIA: MENDE BAT
IRUDITANBatzuen artean
ZUM EDIZIOAK
223 orrialde
UROLA GARAIA: EHUN URTE ETA HAMAIKA GERTAERA
Argazki zoragarriz horniturik dator Salva Navarro, Gorka Salmeron, Josema Azpeitia, Ritxard Tolosa eta Joxe Manuel Bereziartuaren artean egindako liburu hau, "Urola Garaia, mende bat iruditan" izenburua daramana. Ezkioko agerpenak, Errepublika garaia, Urolako trena eta beste hamaika gauza jasotzen ditu, nahiz Zum Edizioak osatzen duen talde honek argi eta garbi utzi nahi izan duen "Urola Garaia, mende bat iruditan" ez dela eskualde horrek XX. mendean bizi izandako historia zehatz eta erabatekoa, azken ehun urte hauetan suertaturiko hainbat gertaeraren bilduma baizik, eta etxean gordeta dugun "argazki album" batekin gertatzen denaren antzera gerta daitekeela honekin ere, hau da zenbait ospakizun falta izatea, hain garrantzitsua izan zen pertsona horren argazkia ez azaltzea... hutsuneren bat egotea, azken batean.
CUENTOS POPULARES RUSOSA. Nikoláievich Afanásiev
SENDOA
202 orrialde
1.800 pezeta
72 libera
AFANASIEV IDAZLEAREN IPUIN HERRIKOI ERRUSIARRAK
Eugenia Boulatova, Elisa de Beaumont Alcalde eta José Manuel Pedrosaren artean egin dute Alexandr Nikoláievich Afanásiev-ek (1826-1871) bere garaian idatzi zituen "El pájaro de fuego y otros cuentos populares rusos" izenburua daraman liburu honen atariko azterketa, gaztelerazko itzulpena eta edizioa. Ipuin herrikoi askoren egilea dugu Afanásiev, eta guztiak gazteleratu eta plazaratzeko asmoa du Sendoa argitaletxeak, bere "Biblioteca Mítica" sailean. Oso pertsona aurrerakoia genuen Afanásiev, eta agintean zeudenen zigorra ere ezagutu beharrean izan zen. Errusiar herriaren artean zabaldurik zeuden ele zahar eta ipuinetan oinarriturik dauden kontakizun hauetan ere igartzen da aurrerakoitasun hori, nahiz heroez, printzesez, maitagarriez, sorginez, belagilez, otso grisez eta beste hainbat pertsonaia mitologikoz beteta egon.