Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-04-29 -- 1805.zenb


BIZKAIERAREN FONOTEKA

XX. mendeko bizkaieraren doinuak bilduko dituen datu basea Interneten paratu dute (bips.bi.ehu.es/fonoteka). Proiektua iaz jarri zen abian Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EHUren eskutik, eta Iñaki Gaminde eta Bilboko Goi Eskolako telekomunikazio ingeniari talde bat ari dira berau garatzen. Grabaketez gain, hizkuntza, kultura eta etnografiari buruzko informazioa kontsulta ahal izango da. Gaika eta eskualdeka egin daitezke bilaketak.


HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA

Kontseiluak egin zuen azken batzarrean Hizkuntz Eskubideen Behatokia martxan jartzea erabaki zuen, arlo pribatuan zein publikoan hizkuntza eskubideak bermatzeko. Herritarrek eta elkarteek salaketak jarri ahal izango dituzte Behatokiak horretarako propio ipini duen telefono baten bidez eta ondoren, Behatokiak salaketak bideratuko ditu. Helburu hori izanik, Kontseiluak Udalbiltzarekin egin du hitzarmena.


IRAKASLE ELEBIDUNEN FALTA IZANGO DA EHU-N

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskal unibertsitate publikoaren egoeraren inguruko azterketa egin du. Bertan dioenez, EHUren euskalduntze prozesuak irakaskuntza ez unibertsitarioaren hizkuntza logikak izan beharko ditu kontuan. Egun EHUn ikasten ari direnen %35ek egin dute sarrera proba euskaraz, eskaintza aldiz murritzagoa da, 1998an %21 ari zen euskaraz lehen mailan. EHUren euskalduntze planak hala jarraituz gero irakasle elebidunen faltan eta erdaldunak soberan izango dira.


ERREKURTSOA ATZERA NAFARROAN

Euskararen Kultur Elkargoak Euskararen Dekretuaren aurka jarritako errekurtsoa ez du ontzat eman Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Dekretua aplikatuz gero, interes orokorra eta partikularrak ez baitira arriskuan izanen, auzitegiaren esanetan.


HERRITARREN HISTORIA

ARGITARATU berri duen zortzigarren alearekin amaitu du Juan Garmendia Larrañangak "Euskal Herria. Etnografia, Historia" bilduma. "Obra osoa" izenburupean aurrekoetan landutako edukia laburbiltzen du. 1997an hasita, lau urtetan plazaratu ditu Garmendia Larrañagak ale guztiak. "Artisautza", "Artisautza II", "Jaiak. Inauteriak", "Jaiak eta jokoak", "Mitoak. Etnografia", "Herri medikuntza. Euskal etnografia lexikoa" eta "Historia" dira hain zuzen bildumaren edukiak. Hauen bitartez, XX. mendeko historia landu du egileak, horretarako herritarren usadioei erreparatuz.


KULTURA GARAIKIDEA DONOSTIAN

KULTURA Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eraikiko da Donostian lau edo bost urteren buruan. Zentro hori Tabacalera zegoen lekuan ezarriko da seguruaski. Honen ondorioz San Telmo museoko proiektua berrikusi egingo dute. Bertan Euskal Kulturaren Zentroa sortzeko asmoa bazuten ere, seguruenik proiektu hori zentro berrian egingo da.


PAIK-EN MUNDUA

MAIATZAREN 2an irekiko ditu bere ateak "Nam June Paik-en munduak" izeneko erakusketak Guggenheim Bilbao Museoan. Nam June Paiki 1982tik Europan eskaintzen zaion lehen atzera begirako erakusketa da hau. Artista korearrak telebista, bideo, instalazio eta abarren bidez ikus-entzunezko baliabideen kultura sortzen lagundu du. Gainera, erakusketan Paikek laser-teknologia bidez sortutako hainbat obra berri izango da ikusgai. Erakusketa irekita izango da irailaren 23a arte.


ZINEAREN KIMUAK

"KIMUAK 2000" egitasmoa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Honen bitartez EAEn iaz ekoitzitako film laburren hedapenean ahalegin berezia egingo da. "Kimuak 2000"k hiru atal ditu: "Kimuak katalogoa" da lehena. Honen barruan 16 film labur biltzen dira, euren datuekin. "Kimuak zirkuitua" da bestea. Honen bidez katalogoa osatzen duten 16 filmak EAEko hiri nagusienetan eskainiko dira. Azkenik, "Kimuak sorta"ren bidez, katalogoko filmetatik sei hautatu dituzte eta hauei buruzko materiala sortu dute nazioarteko lehiaketetan horien berri izan dezaten. Hauek izan dira hautatuak: "Hyde & Jekill", "Torre", "Hauspo soinua", "Hilarri", "Inventario" eta "Jardines deshabitados".


ARTISTA GAZTEEN JAIALDIA

GETXOKO Udalaren ekimenez eta Bizkaiko Diputazioaren laguntzaz maiatzaren 24tik 27ra "Getxoarte 2001" izeneko jaialdia egingo da Areetako Geltoki plazan. Ekitaldi honen helburua artista gazteen garapen profesionala bultzatzea da. Horretarako plaza honetan 2.500 metro koadroko karpa erraldoi bat jarriko da. Modu honetan eskakizuna aurkezten duten artisten artean berrogeita hamar izango dira aukeratuak. Artistak 35 urtetik beherakoak izango dira eta bakoitzak stand bana izango du dohainik bere lana aurkeztu ahal izateko. Horrez gain, Getxoko Udalak artisten curriculuma eta lana bilduko duen katalogoa argitaratuko du.


ELIZETAKO AGIRIAK INTERNETEN

EUSKO Jaurlaritzak 255 milioi pezeta (10 milioi libera inguru) emango ditu eliz-parrokietako artxiboetan dauden agiriak klasifikatzeko, digitalizatzeko eta Interneten jartzeko. Kultura Sailak eta EAEko hiru elizbarrutiek sinatutako akordioaren bidez, www.irargi.org webgunean izango dira eskuragai. 2003. urterako amaituko dira agiri horiek babesteko lanak. Bertan izango dira kontsultagai 1870etik eliz-parrokietan dauden agiriak, besteak beste, jaiotza edo heriotza agiriak eta historia eta ekonomiari dagozkionak.

Arantxa Urretabizkaiak honela zioen "Andra" aldizkarian: "Gaztelaniaz idazten duten lankideak harritu egiten dira gure liburuek hainbesteko tirada izateaz. Hau ez da hainbeste gertatzen irakurtzen duten pertsonengatik, gutxi direla hizkuntza guztietan bezala, baizik eta literaturaz akademia, euskaltegi eta abarretan egiten den erabilpenarengatik".

Laxaro Azkunek "Uztarria"n adierazitakoaren arabera, "Bertsolariak trebatu arren entzuleak behar ditu ordea, kantatzen duenari arreta jarri eta bere lanaz gozatuko duen jendea".

Mikel Laskurainen aburuz, "Euskal zinema hemengo jendeak hemengo dirulaguntzekin egindako zinema da, euskaraz edo gaztelaniaz izan". "Goienkaria"k jaso zuen iritzi hau.

Andolin Eguzkitzak "Gara"n zera zioen: " (...) Jendea lotsa da agertzeko eta ez du uste izaten idazlea denik kazetaria bada edo filosofiaz idazten badu. Sorkuntzazko literatura egiten ez badu, jendeak joera dauka pentsatzeko ez dela idazlea eta hori ez da egia".

Iñaki Martiarena "Mattin"ek "Lau Haizetara" aldizkarian dioenez, "helduentzako ilustrazioa botatzen dut faltan gehien".

aEAEko Artzai Eskolaren webgunean izan gara oraingoan eta nola ez, dena gaztelera hutsean topatu dugu. Bertan diotenez, latxa arrazako ardiaren hazkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititu da Euskal Herrian. Jakina, horrela jarraituz gero, ez dakit zein hizkuntza transmitituko diegun belaunaldi berriei!

Harkaitz Canok "Norbait dabil sute-eskaileran" bere bigarren poema liburua argitaratu berri du Susa argitaletxearen eskutik.
Dora Salazar artista altsasuarraren azken eskulturak daude ikusgai Bilboko Windsor Kulturgintza galerian maiatzaren 19a arte.
Elias Kerejeta zine-ekoizle hernaniarrak Salvador Puig Antich anarkistaren bizitza pantailara eramango du. Horretarako, Francesc Escribano kataluniar idazlearen "Cuenta atrßs" liburuan oinarrituko da.
Petxo Idoyagak batetik eta Joxerra Garziak eta Nagore Izagirrek bestetik liburu bana plazaratu dute Alberdaniako "Zerberri" sailan. "Euskal gatazkaren begiak" du izena lehenak, eta "Jose Elorrieta. Sindikalismoaren berri onak" bigarrenak.
Espido Freirek "La última batalla de Vincavec el Bandido" gazteei zuzenduriko bere lehen eleberria aurkeztu du.

PRINTZA

Seve Calleja idazle eta irakaslea haur literaturaren inguruan mintzo zen "Zabalik"en eginiko elkarrizketan: "Ikastetxeetan gazteen irakurzaletasuna bultzatzeko lan handia egiten da, horretarako girorik aproposena delako. Horrez gain, hein handi batean, haurrentzako liburuak idazten dituzten egile asko irakasleak dira. Eta ez direnek, berriz, hitzaldiak ematen dituzte eskoletan, haurrak ezagutzeko. Gurasoek erabat galduta ikusten dute euren burua, eta ikasleek zer irakurri behar duten jakiteko aholkuak behar izaten dituzte. Menpekotasun horrek bere arriskua ere badu, zeren eskolatik irten eta gero akuilu hori ez dutenean irakurtzen jarraituko ote dute? (...) Haurren literatura bigarren mailakoa dela, hori aurreiritzi oso zabaldua dela esango nuke, eta idazle askok ere hala uste du. Askok diote haurrentzat idazten duenak helduentzat egin ezin duelako dela, eta edozer kaleratzen dela. Haurrentzat testu asko idazten da eta denetarik egongo da. Baina, orokorrean, helduentzako literaturan sarriago aurkitzen dira idazle ez diren baina liburuak kaleratzen dituztenak. (...)
Haurrentzako literatura egokitua dela esango nuke, dozein gai ezin duzulako jorratu. Askotan helduentzako liburuak baino korapilatsuagoak izaten dira, haien unibertsoa eta erreferentziak menperatu egin behar direlako".

Alfonso Alonso Gasteizko alkateak euskaltegiei diru laguntzak kenduko zizkiela esan zuen, ingeles akademiei ematen ez dietela argudiatuz. Euskaltzaleon Elkarguneak alkateak esandakoaz baliatuz, PPk udal aurrekontuetan euskarari egindako kaltea salatu zuen antzezpen irudimentsu baten bidez. Hori da umorea!

hemeroteka

1804. zenbakia | 2001-04-15
1803. zenbakia | 2001-04-08

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan