POLINIZAZIOA ETA ALERGIAK
POLENA AIREAN, AZKURA SUDURREAN
Maider Zapirain
Udaberriaren etorrerarekin batera askok alergien ondorioak jasan behar izaten dituzte. Sarritan horien sortzailea polena izan ohi da. Polinizazioa nola gertatzen den eta zorioneko eta zorigaiztoko polenak eragindako alergiaren ezaugarriak aztertu ditugu.
Polena, organu garraiatzailea izateaz gain, gameto arra babestuko duen egitura da. Lorearen alde emera iritsi eta ernalkuntza ahalbidetzen duenean beronen funtzioa bertan amaituko da. Polena garraiatzen deneko prozesu honi polinizazioa deritzo.
Polena garraiatzeko modu asko daude baina garrantzitsuenak, guztiok ziurtatu ahal dugun bezala, haize eta animali bidezkoa dira. Animalien artean intsektuak aipatu behar ditugu, nork ez du ikusi lorerik lore dabilen erlea.
Angiospermak, loredun landareak dira, lore hauek kolore eta usain tentagarria izaten dute eta honela intsektu asko, erreklamo hauek guztiek engainatuta lorera hurbiltzen da. Jakin gabe, landareen ugal funtzio garrantzitsuenean parte hartzen dute, polenaren garraioa. Garraio honetan laguntzeko, polen garauak substantzia oliotsuetan bildurik askatzen dira, honela itsaskorragoak izan daitezke. Beste kasu batzutan, egitura arantzatsuak izango dira, landarearen ondotik igaro daitekeen animaliaren bati erantsi ahal izateko.
Gizakioi ere oso erakargarri egiten zaizkigu loreak eta polinizazio horretan parte hartu dugu inoiz. Loraketa ikusgarri horien adibide asko aipa genitzake, ekilore, almendrondo, arrosa landarea... Badaude bestelako animali polinizatzaileak oso deigarri egiten zaizkigunak, adibidez hegazti txiki nektarzaleak kolibriak bezala, edo euli hegaztiak. Hauek denek, ntsektuen atzetik dabiltzala polinizazioan laguntzen dute. Saguxarrek ere ekintza honetan lagun dezakete. Zenbait ur landarek uraren bidezko polenaren garraioa burutzen du.
Polinizaziorako haizea erabiltzen deneko kasuetan, polinizazio anemofiloa denean, ezaugarri hauek guztiz aldatzen dira. Landare hauen loreak ez dira erakargarriak, orokorrean ez dute kolore ikusgarririk ezta usain tentagarririk ere. Haize bidezko polenaren banaketa errazteko ez dute substantzia oliotsurik. Normalean polen garauak txikiak eta leunak dira, honela flotagarritasuna handiagoa da eta aire bidezko garraioa errazago gertatzen da.
Honelako landare kasuak aipatzeko inoiz deigarri gertatu ez zaizkigun loreetan pentsatu behar dugu, euren artean, olibondoa, gramineoa, artea, zumarra...
Alergia sortzaile den polena izateko airean egon behar du, beraz, nagusiki landare anemofilo hauek dira eragileak, izan ere animalia bidez polinizatzen den polenak zailtasunak ditu airean mantentzeko bere dentsitatea dela-eta. Azken honek alergia arazoak sortzeko kontzentrazio handian egon behar du, edo pertsona bera landaretik oso gertu ibili behar da.
Aire bidezko polen garauen askapen eta banaketak, dagokion zonaren klimatologi eta metereologiarekin zerikusi handia du. Faktore hauek zonaldeko landaretza mota baldintzatuko dute baita ere, azken hauen arabera loratuko direneko urtaroa ere aldatuko da. Polenaren banaketa atmosferikoan gehien eragiten duten parametro metereologikoak hauek dira: euria, tenperatura, hezetasuna, haizearen abiadura eta norabidea. Parametro hauek positiboki edo negatiboki eragin dezakete polinizazio honetan.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.