Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-04-15 -- 1804.zenb

Lapurdiko Barrualdea.

MUGALARI ETA IRAULTZAILEAK

Iosu Etxaniz

Lapurtar barrualdea ezagutzera goaz eta, horrela, gure hurrengo geldialdia Sara herrian burutuko dugu, sakabanatutako baserri ederrez jantzitakoa eta betidanik mugalarien sorterri izan dena. Sorterri ezin egokiagoa, zenbait baserri, nahiz eta bertaratzeko bide bakarra Saratik eduki Nafarroako lurretan aurkituko ditugulako, mugaren gain-gainean baina metro batzuk hegoalderago.

Larrun mendiaren MAGALETIK 4 kilometro eginda "kontrabandisten hiriburu", Axularren "Gero" liburuaren sorterri eta Joxe Miel. Barandiaranen babesleku izan zen Sarako plaza-frontoira iritsiko gara, Herriko Etxea eta San Martin eliza ondoan dituela.
Sarako Lezeetara joateko frontoitik lehenbizi "Lehenbizkai" eta gero "Route des Grottes" seinaleak segitu behar ditugu. Bidea ondo seinalizatuta dago.


SARA

Bertako esaera zaharrak (eskuorri turistikoek ere behin eta berriz errepikatzen dute) "Saran astia" dio, hau da, bertako bizimodu lasaian murgiltzeko, jende atsegina ezagutzeko, baserri ederrak behatzeko edota antzinako leze ospetsuak miresteko... presarik gabe ibili behar dela. Herria bisitatzeko gonbite gisa har dezakegu esaer hau.
Pirinioetako lehen gailur garrantzitsuaren pean dago Sara (Larrun mitikoa) eta halere itsasotik oso gertu dago; kokapen inbidiagarria du. Herriak itzeleko monumenturik erakusten ez badu ere, plaza aldeko eta auzoetako baserri multzoa ikustekoa da.
Honi guztiari leze famatuetako historia misteriotsua eta herriko kontrabandista mitikoen kondairak gehituz, osotasun ezin erakargarriagoa sortuko zaigu.
Izan ere, arrazoi bategatik edo besteagatik, hemendik igaro edo hemen geratu diren pertsonaia ospetsuak asko dira: Pedro Axular (bertan erretore zegoela "Gero" idatzi zuen), Napoleon III eta Eugenia, Luis Mariano, Winston Churchill... eta nola ez, Joxe Miel Barandiaran antropologoa (Ataungo baserriari Sara izena jarri zion).

Ikustekoak
Sara baserriez osatutako auzotan barreiatutako udalerria da, zentru txiki eta politak lotzen dituena. Zentru hau, Lapurdiko beste asko bezala plaza baten inguruan biltzen da eta bertan pilotalekua, eliza eta Herriko Etxea daude.
Saran ere berdin gertatzen da, baina beste batzuek baino enparantza handiagoa eta politagoa du; handiagoa pilotalekua luzea delako (errebotean aritzeko egokia da) eta politagoa plaza inguratzen duten etxe koloretsuek enparantza edertzen dutelako.
Tamalez, frontoia askotan aparkalekutzat erabiltzen da, irudia erabat txikituz. Bestalde, frontoiak berak harmaila ikusgarri eta irregularrak ditu, leku gutxitan ikusiko ditugun modukoak.
Frontoiari begira gaudela, gure atzean arkupedun Herriko Etxea dugu, lehen aipatutako etxe ederren artean oso ondo nahasten dena. Enparantzan baita ere, San Martin elizaren kanpandorre trinkoa. Erlojuaren gainean, denbora etengabe aurrera doala gogoratzen digun esaera dago:
Oren guziek dute
gizona kolpatzen
azkenekoak du
hobirat egortzen.
XVII. mendeko eliza hilerriak inguratzen du, Ipar Euskal Herriko ohiturari jarraikiz; barruan berriz, bost erretaulak eta Erdi Aroko Kristoren irudia, zurezko gizonezkoentzako galeriak (emakumeek meza behealdean entzuten zuten) eta lurreko hilarriak azpimarra ditzakegu.
Axular idazlea bertan apaiz izan zela gogorarazten digun inskripzioa ere ikusiko dugu, Luis Luziano Bonaparte frantziar printze eta euskaltzaleak eginikoa.
Enparantza aldea bisitatu ostean, Sarako baserri batzuk ikustera biratxo bat egitea gomendatzen dizuegu. Auzo gehienek dituzte baserri atseginak, baina agian dotoreenetako batzuk Lehenbizkai auzoan aurkituko ditugu, erdigunearen hegoaldetik gertu eta Sarako Lezeetarako bidean (frontoia ezkerrean utziz, eskuinerantz jo).
Larrun trenbideko geltokia bisean bisko bidea hartuz gero Ortillopitz baserrira helduko gara. XVII. mendeko eraikina da eta ateak zabalik ditu inguratzeko gogoa duen bisitari ororentzat (54. orrialdean duzu baserriak erakusgai duenari buruzko informazioa).

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan