Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-04-15 -- 1804.zenb

GATZAGAK

MINERAL GAZIA TERRAZAN ETZANDA

Iosu Etxaniz

Gatza egiteko modu tradizionala galdu da ia erabat. Lanbide zaharraren arrastoak ordea, hor dira eta herritarrek jakinmina duen ororen bistara jarri nahi dituzte.

Mapa batean begiratuz gero edo estatistika taula irakurriz gero, Aņana-Gesaltza Arabako haranetako eskualde bakartia zipriztintzen duten herrixka lasaia dela ohartuko gara. Ia probintzia osoan gertatu bezala azken seme-alabak hiriburura noiz emigratuko duten zain dago. Orain, lehen herria populatzen zuten 1.000 biztanletatik 200 ere ez dira geratzen eta horietatik gehienak egunero Gasteizera joaten dira ikastera edo lan egitera. Herria hustutzen zihoan, baina duela urte batzuk Burgosek inguratzen duen penintsulatxo arabarra, Valderejo, Natur Parke izendatu zuten. Valderejora joan nahi duenak ezinbestez Gesaltzatik igaro behar du eta Gesaltzatik igarotzen denak errepidearen ezkerraldera begiratzen du. Han dira gatzez betetako lauki handiak: gatzagak.
Aņana-Gesaltzako gatzagak ondasun historiko izendatuak daude. Bailaratxoaren erdia betez (herriak beste erdia betetzen du), mendian behera ia bost mila larrain barreiatzen dira, batzuk besteen ondoan, hainbat puskatan hautsitako ispilua bailitzan; terrazadun gatzagak dira, anitz urtetan herri honen izaera eta bizitza moldatu dituzten gatza egiteko laukiak. Gehienak hutsik edo belarrak janda daude. Oraindik horietako 200 bat erabiltzen dira eta bada tradizioari eutsiz lanbide gogor honi ekiten dion azken erromantikorik ere (horrelako gatzik ez omen dago beste inon). Dena den, udan lanean aritzen diren gehienak denbora pasa moduan edo aparteko sos batzuk ateratzearren aritzen dira, lanbidearen errentagarritasuna aspaldi galdu baitzen.
Gesaltzako gatzaren etorkizuna, terrazak ureztatzen dituen iturburu gazi bera erabiltzen duen enpresa da, Salinera Aņana izenekoa. Enpresa hau bailara gazi honen behealdean dago. Gaur egun hiru teknikarik badihardute ere, sistema errendimendu osoan funtzionatzen hasten denean, zazpi-hamar lagunen artean urteko 17.000 tona gatz ekoizteko moduan izango direla uste dute. Kopuru hau bailarako larrain guztiak abian izango balira denen artean ekoiztuko luketenaren (tona bat larraineko) hirukoitza baino gehiago da. Lan prozedura ere desberdina da, noski. Bailararako "langilerik finena" eguzkia bada ere teknologia honekin helburua produktu bikoitza lortzea da. Batetik, gatza lortuko da. Ur gazia berotu eta berau lurrintzean kloruro sodikoa geratuko da. Bestetik, energia sortuko dute. Makineriako motorrek ur gazi horren hotza eta lurrinketa baliatuko dituzte. Gatza eta energia, prozesu bakarrean. Gero, ekoiztutako gatza larru-ontzaileek, papergintzako enpresek, hiltegiek edota errepideen garbiketan aritzen direnek erabiltzeko salduko dute. Lehenagoko lana dute gure etxeetan ohikoena izaten den Torreviejako (Alacant) edo San Fernandoko (Cadiz) gatzagekin lehia gogorrean aritzea.
Baina bada Salinera Aņana enpresak aurrera eramango duen hirugarren "produktu" bat ere. Enpresako akziodunen artean Gatzagak taldea osatzen dute eta elkarte hau bailara gaziko larrainen jabea da (80tik gora kide ditu). Urtero enpresaren etekinen zati bat inguru monumental ikusgarria mantentzeko izango da.


HISTORIAURREKO ALTXORRAK.

Historialarien iritziz II. menderako jadanik lantzen ziren gatzagak eta batzuek historiaurrean kokatzen dituzte. 942. urterako beraiei buruzko agiri idatziak ere badaude. Erdi Aroan monasterio, jauntxo eta baita errege-erregina askok ere gatzaga hauek eta beste batzuk kontrolpean izatearren lehia bizian ibili ziren. Lehia bakarrik ez, liskarrak ere ugariak ziren. Adibidez, Gesaltzako gatza Portugal eta Extremaduran saldu ahal zen, baina Nafarroan eta Aragoin debekatuta zegoen. Garai hartan, beraz, gatzaren merkataritzak eta ekoizpenak garrantzi handia zuen.
Aņana-Gesaltzako Gatzagak taldeko idazkariak, Balentin Angulok azaltzen digun moduan, "lehen gizakia gatzaren menpe bizi zen, garrantzi sozio-ekonomiko handia zuen. Hozkailua asmatu arte jakiak kontserbatzeko (arraina, haragia, ganaduarentzako janaria...) ezinbestez behar zuen gatza. Gaur, berriz, gatza saihesten dugu, analisiek ezinbestekoa dela badiote ere osasunarentzat txarra omen delakoan".
Agian ez dute lortuko uste horiek aldatzea eta gatzak aspaldian zuen ospea berreskuratzea, baina Gatzagak elkartearen ekimena are erakargarriagoa da: "Bailara Gazia"ren errehabilitazio integrala. Gatzagak, ondasun historiko direnez, Arabako Foru Aldundiaren Ondasun Historiko Sailaren esku daude, eta Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin epe ertainean larrain multzoa eraberritu nahi dute. Berritzea era tradizionalean egingo da eta betiko materialak erabiliz, hala nola, pinuaren zura, buztina eta harritxo biribilak. Gatzagak barrutik zein kanpotik bisitatzea ahalbidetuko duten ibilbidetxoak prestatzeko asmoa ere badute. Gatzagen aurrez aurre dagoen antzinako bainuetxearen hondakinak bailarako interpretazio-zentro eta museo etnografiko multimedia bihurtuko dira. Bisitarientzako hotel-bainuetxea eraikiko da eta komunikazio bideak errazteko asmoa dute... Azken finean, plan integrala abian jarriz bailara jasaten ari den populazio hustuketari aurre egin eta ingurua biziberritzea da xedea. Horretarako bertako baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatu nahi dira, gatzagak, kasu. Lehen urratsak jadanik emanak dira. Larrain multzoaren perimetro osoa egurrezko langa luze batez itxi zen lehenbizi eta orain gatzagetan hainbat urtetan pilatu diren hondakinak ateratzen ari dira (hondakinok batez ere larrainak eraikitzeko lurraren ordez porlana erabiltzen hasi zirelako sortu ziren). Porlanezko gatzagetatik gatza garbiagoa ateratzen zen. Elkartearen asmoa hondakinak atera ahala lursail garbiak berriztatzea da, baina lan hau bukatzerako dozena erdi urte itxaron beharko dute. Dena den, elkartekoen iritziz, museoa lehenago eraikiko dute, besteak beste, instituzioek ekimen honetan interes handia erakutsi dutelako.


GiPUZKOAKO ETA NAFARROAKO GATZAGAK.

Alboko koadroan gatza ateratzeko modu tradizionala pausoz pauso kontatu dugu; horrelaxe egiten zuten garai batean Aņana-Gesaltzan (Euskal Herriko gatzagarik garrantzitsuenak hemen izan dira beti) eta baita Arabako Buradon-Gatzagan ere. Aipatu berri dugun herritxo honetan gatzagak eskola umeek lantzen zituzten, jabetza eskolarena zelako eta salmentaren etekinak eskolako ekintzetara bideratzen zirelako. Herrian gatza duela 30 bat urtera arte ekoitzi zen eta gaur egun, ur gazia saltzen du lehen aipatu dugun Salinera Aņana enpresak.
Nafarroan, Gesalatz herrian, ohiko sistema naturala (haizea eta eguzkia) darabilten pare bat famili enpresa ari dira lanean. Hauen ekoizpena Aņanakoarekin alderatuz txikia da, baina ezin ukatu lanbide tradizional honen adierazle direnik.
Gipuzkoan ere badira gatzagak, Leintz-Gatzagan. Klima (batez ere iturburu gazia isurtzen zen bailaratxo itxian) ez da Arabako bailaretakoa bezalakoa, eguzki bidezko lurrinketa ez da hain nabarmena. Egoerak behartuta, ur gazia zuzenean berotzen zuten suaren gainean lapikotzarrak zintzilikatuz. Instalazio hauek "dorla" izena hartzen zuten, eta horregatik omen dute Dorleta izena ondoko santutegiak eta Andre Mariak. Gatzaga hauek duela 40 bat urte arte funtzionamenduan aritu ziren baina gaur egun ez dira erabiltzen.

Erantzunak

kaixo, oso ondo dago eta gustatuko litzaidake nire ordenagailura informazioa aileagtzea . agur

yurema 2007-03-22 20:02:14

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan