NORA EZEANNoraezean
IZ
10 kanta
1.895 pezeta
75 libera
Aritz Arrutiaren baxuak, Fran Velaskoren bateriak, Mikel Bayerren gitarrak, Janire Sanchezen ahotsak eta Pedro Hermosillaren gitarrak osatzen dute Noraezean taldea. Eta, izen bera du orain aurkezten dizuegun diskoak. Hamar kanta, denera, euskal heavy melodiko onaren erakusgarri: lehenxeago aipatutako "Nora ezean", gehi "Bizitza", "Justizia", "Herriaren oihartzuna", "Denbora", "Bakarrik", "Zure zain", "Akerbeltz", "Emakumea" eta "Zatoz". Oro har, taldeak badaki samur izaten, baina baita ehundalakoak salatzen ere. "Emakumea" kantan, adibidez, hauxe diote: "Hogeita hamar urte/ puta kume horrekin/ seme-alabak alde egin dute/ nere arima haiekin joanez/ orain nirea da, haiek egin zuten (...) Lehen zapaldu ninduenak/ orain ikusiko du"...
EGUN DENAK EZ DIRA BERDINX. Etxeberria
ELKAR
227 orrialde
2.200 pzta./88 lib.
XABIER ETXEBERRIA IGARTZA SARIAREN IRABAZLE
Xabier Etxeberria dugu Igartza bekaren aurtengo irabazlea. "Egun denak ez dira berdin", egitura poliziakoa duen nobelarekin irabazi du CAF enpresak, Beasaingo Udalak eta Elkarlanean argitaletxeak sortutako beka hori, idazle gazteek lan berriak sortu eta argitaratzeko xedez. Xabier Etxeberriaren idazlanak azkenean elkar hartzen duten bi ildo nagusi ditu. Horietako baten protagonista nagusia Tasio dugu, ez neskarik, ez lanik duen mutila. Hogeita sei urte ditu, inoiz ez du ezer tajuzkorik egin eta dagoeneko bizitzaz aspertu samar dago. Une horretan, kontzientzia-objekjzioa dela-eta, Gurutze Gorrian ari da lanean. Memento jakin batean, ordea, heriotza batekin egingo du topo, eta heriotza horren inguruan buruari bueltaka hasiko da, ea horren atzean krimenen bat ez ote dagoen bere kasa ikertzen. Nobelak duen beste protagonista, berriz, Miren tabernari gaztea da, irakurzale amorratua izateaz gain maitasun istorio batean erabat murgildu eta galtzaile irtetea egokitu zitzaion pertsona. Egileak dioenez, gizon guztiek omen duten alde femeninoa arakatzen ibili behar izan omen du hau idazteko. Bide batez, gaur egungo mutil koadrila baten erretratu zorrotza ere egiten du, ironia darien pasarteetan.
BIDEGILEAK: MOKOROA, JAUREGUIBERRY, SANTAMARIA, BARANDIARANBatzuen artean
EUSKO JAURLARITZA
24, 20, 20, 28 or. 1.000 pzta./ 40 lib.
EUSKARAREN LAU SUSTATZAILE HANDI
Justo Mari Mokoroa (1901-1990), Madalena Jaureguiberry (1884-1977), Karlos Santamaria (1909-1997) eta Joxe Migel Barandiaran (1898-1991) dira, zehazki, Mikel Atxagak zuzendutako "Bidegileak" bildumako karpeta honetan agertzen direnak. Xabier Kintanak ematen digu Aita Justo eskolapio, idazle eta euskaltzalearen bizitzaren berri. Pierre Berzaitzek, aldiz, besteak beste euskararen argizalea eta "Begiraleak" elkartearen lehendakari zein sustatzaile bikaina izan genuen Madalena Jaureguiberry zuberotarrarena. Xabier Andonegi Santamariak, bere aldetik, Karlos Santamaria irakaslea, zientzialaria, bakezalea, pertsonalista, politikoa eta euskaltzalea aurkezten digu. Eta Jexux eta Jon Aizpurua Barandiaran anaiek, Joxe Migel Barandiaran handiaren bizitza eta jakinduriaren isla agertzen dute.
KONTATZEKE LAGATAEdu Romero
ARAMAIOKO UDALA
63 orrialde
1.200 pezeta
48 libera
III. SAGITARIO SARIA IRABAZITAKO LANAREN JARRAIA
Edu Romero ibiltari zaildu eta nekaezinak eskuratu zuen, iaz, Aramaioko Udalak urtero antolatzen duen Bidaiari Handien Sagitario Saria, "Postalerako luzexko" izenburua zuen kontakizunarekin. Namibian zehar ibilitakoan jasotako zirraren berri ematen zuen hartan. Haatik, Botswana eta Zimbabwen ere ibilia zen narratzailea, lehiaketaren oinarriak eskatutako luze-laburraren mugak zirela-eta, horietan bizi izandakoak kontatzerik izan ez zuen arren. Eta hain zuzen horixe da "Kontatzeke lagata" liburuan egiten duena: Botswanako iparraldean eta Zimbabweko Victoria Falls hirian ikusiak, entzunak eta pentsaraziak aditzera eman, ironi puntu fin bezain zorrotzez, irakurlearen imajinazioa ernaraztea helburu. Halere, bere oroimenak leitzera animatzen den orori esaten dio: "Hobe bazter koloretsu haietaz zerori egiatan gozatzen baduzu".
EUSKALTZAIN-DIAREN OROITIDAZKIABatzuen artean
EUSKALTZAINDIA
340 orrialde
EUSKALTZAINDIAREN NONDIK-NORAKOAK 1999.EAN
J. L. Lizundia, I. Rekalde eta P. Telleriaren artean osatua da, Patxi Goenagaren testu gainbegiraketarekin, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez kaleratu den "Euskaltzaindiaren Oroitidazkia 1999", non jasotzen den, oro har, Ekin eta Jarrai goiburu gisa duen Akademia horrek aipatu urtean izandako nondik-norako osoa, diru kontuak barne. Hau da, sailez sail eta batzordez batzorde hartutako erabakiak, egindako ekitaldi eta aurkezpenak, erakunde mailako harremanak, antolatutako sariketak eta abar luze bat. Hiztegigintza izanik Euskaltzaindiaren lanik behinetakoena, lan horretan ari diren batzorde eta lantaldeak aipatzen dituzte aurretik. Era horretan, irakurleak aise jakin ahal du, adibidez, "Orotariko Euskal Hiztegiaren XII." liburukiak argia ikusi duela, edota "Ohiko Euskal Mintzamoldeen Antologia" ere eskuragai duela.
HISTORIAKO PROZESURIK GARRANTZI-TSUENAKBasandere Taldea
GAIAK
279 orrialde
2.300 pezeta
92 libera
HISTORIA, ZENBAIT EPAILEEN ERABAKIAK JUZGATUZ
Alizia Stürtze, Mertxe Korta eta Ramon Iriondo izan dira mintegikide Gaiak argitaletxeak kaleratutako "Historiako prozesurik garrantzitsuenak" hau osatzeko garaian. Bertan, besteak beste, banan bana aztertzen dira Atenaseko Herri-auzitegiak Sokratesen aurka egindako auzia, juduen jainko omen zen Jesus haren kontrakoa, Pierre Lancrek Lapurdin hedatu zuen sorgin ehiza, Ofizio Santuak Galileo Gailei (eta bide batez zientzia) zigortu zuenekoa, Oskar Wilde idazlearen homosexualitatearen aurkako epaiketa, Frantziako armadako Dreyfusi eginiko gerra-kontseilua, Sacco eta Vanzetti anarkistei ezarritako heriotza epaia, Fidel Castroren defentsa Batistak jarritako epaimahaiaren aurrean, Nelson Mandelak jasandako epaiketa, Francok ETAren aurka burututako prozesuak, Pantera Beltzek pairatutakoak...
HISTORIA GENERAL DEL PAIS VASCO. TOMO IIM. Goyhenetche
TTARTTALO
357 orrialde
4.200 pezeta
168 libera
EUSKAL HERRIA XVI-XVIII. MENDE BITARTE HORRETAN
Euskal Herriaren historia kontatzen digu Manex Goyhenetchek Ttarttalo argitaletxearen eskutik. Baina duela hilabete batzuk plazaratutako liburuan gure herriaren historiaurrea, erromatarren garaia eta Erdi Aroa izan bazituen hizpide, oraingoan XVI-XVIII. mende bitarte horretan izandako garapen politiko eta instituzionala aztertzen du, bere lanaren izenburu zehatza hauxe delarik: "Historia General del País Vasco. Evolución política e institucional entre los siglos XVI y XVIII. Tomo II". Eta lehen atalean euskaldunontzat hain ankerra izan zen Nafarroako gerra hura aztertu zuen bezala, bigarren honetan aipatu mendeetan gure herrian martxan jarri ziren erakunde politikoen garapen eta eraldaketa ditu ikergai. Laster kaleratuko duen hirugarren atal batean, berriz, gure herriaren arazo sozialak aztertuko ditu.
BILBAOJulia Gómez Prieto
EVEREST
192 orrialde
4.995 pezeta
199 libera
GAURKO BILBO, LUXUZKO LIBURU BATEAN ISLATUA
Everest argitaletxeak duen "Monumental y Turística" bildumaren lehen izenburua duzue "Bilbao", Julia Gómez Prietok idatzitako lana (nahiz Manuel Monterok, Kosme de Barañanak, Angel Maria Ortizek eta Alfonso Martínez Cearrak ere bertan parte hartu duten), Santiago Yaniz Aramendiaren argazkiak lagun dituelarik. Izan ere, Bizkaiko hiriburua gaitzat duen liburu hau, duela zazpi mende luze Diego López de Harok sortu zuen hiri horren argazki bilduma ere bada. Gaurko Bilboren argazki bilduma, ordea, azken urte hauetan inoiz baino itxuraldaketa gehiago izan dituen hiri horrena, horien guztien berri ematen baitu "Bilbao"k, superportua, Erakusketa Azoka zein Guggenheim museoa, lorez osatutako Puppy atariko txakurra eta guzti agertuz, haatik Bilboko itsasadarra eta bilbotarrak ahaztu gabe.