Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-04-15 -- 1804.zenb


KONTSEILUAREN BATZARRA

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak batzar nagusia egin zuen apirilaren 4an Iruñean. Bertan 2001 urterako Kudeaketa Plana onartu zen eta zuzendaritzako kide berriak aukeratu ziren: AEK, Oinarriak eta Emun kooperatiba. Halaber, bi kide berri ditu Kontseiluak: Eire (Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea) eta Hitzez euskaltegia. Zuzendaritzak euskararen normalizaziorako ekintza plan bat aurkeztu zuen, baina beste batzar batean aztertuko da.


"ZINEA EUSKARAZ" EKIMENA ORAIN ARTEAN

Iazko udazkenean abiatu zen "Zinea euskaraz" egitasmoa eta oraino zortzi film estreinatu dira euskaraz eta gaztelaniaz. Pelikula ikusi duten guztietatik %25ak aukeratu dute euskarazko bertsioa. Helduentzako filmak bi astez izan dira karteldegian eta haurrentzakoak hilabete inguru. Donostian izan dute arrakasta gehien filmeek, haren ondotik Bilbon eta azkenik Gasteiz eta Iruñean.


ANDOLIN EGUZKITZA EUSKALTZAIN OSO

Andolin Eguzkitza poeta eta hizkuntzalaria hautatu du Euskaltzaindiak Villasantek utzitako lekua betetzeko. Eguzkitzarekin batera, Koldo Zuazo zen hautagai; azkenean Eguzkitza nagusitu zen, emandako 23 botoetatik 13 bereganatuta.1991tik euskaltzain urgazle da eta hiru aldiz izan da euskaltzain oso izateko hautagaia.


DEUSTUARRENTZAKO ALDIZKARIA "PREST"

Deustualdeko Berbaizu euskara taldeak "Prest" aldizkariaren lehen alea kaleratu berri du. Aldizkarian San Pedro ingurukoez gain, besteak beste, Arangoiti eta Deustuko Erriberako berriak agertuko dira. Euskarazko agerkariak garrantzi berezia emango die kultura eta aisialdiari.


ITZULTZAILEEN BABESERAKO

MARTXOAREN amaieran egin zen Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen urteko Batzar Nagusian aditzera eman zenez, itzultzaile eta idazleen egoera hobetzen laguntzeko fundazio bat sortu nahi du EIZIEk. Horretarako, dagoeneko Jaurlaritzarekin eta diputazioekin harremanetan daude. Fundazio honen zeregina zein izango litzatekeen nahiko finkatua dute dagoeneko. Besteak beste, itzulpen literarioa bultzatzea eta itzultzaileen lan-baldintzak hobetzea izango dira fundazio honen xede nagusiak.


EUSKAL ILUSTRATZAILEAK

ZABALIK dago dagoeneko Donostiako Okendo Kultur Etxean "Euskal ilustratzaileen erakusketa". Luis Alonso, Asun Balzola, Jose Belmonte, Angel Dominguez, Xabier Erostarbe, Jesus Lucas, Belen Lucas, Iñaki Martiarena, Juan Ignacio Mendizabal, Jokin Mitxelena, Elena Odriozola, Pedro Oses, Jose Antonio Telletxea, Mikel Valverde, Agurtzane eta Jon Zabaletaren lanak daude ikusgai bertan. Horrez gain, zenbait ekitaldi dago antolatuta erakusketak iraungo duen maiatzaren 15a bitartean. Apirilaren 11n eta apirilaren 25ean Mikel Valverdek eta Begoña Vicariok hitzaldi bana eskainiko dute, hurrenez hurren. Eta gainera, arratsaldero 17:30etatik 19:30 etara marrazkilariek marrazkiak egingo dituzte bertan zuzenean.


FILMEN LEKUALDATZEA

HAMAR milioi metro pelikula zine euskarrian eta ehun milioi bideo euskarrian hartu ahal izango ditu Euskadiko Filmategiak izango duen egoitza berriak. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Donostiako Gas Lantegi ohian egoitza berria eraikitzeko 500 milioi pezetako inbertsioa (20 milioi libera inguru) onartu berri du. Eraikuntza berriak filmak gordetzeko girotutako zazpi artxibo izango ditu. Euskadiko Filmategia 1978an eraiki zen eta orduan 600 metro pelikula zuen zine euskarrian. 2000ko bukaeran ordea, 2,4 milioi metro zituen euskarri horretan eta 10 milioi metro bideoan.


PUBLIZITATEAREN LEHIA

MAIATZAREN 31 eta ekainaren 2a bitartean egingo da Donostian Zinema Publizitarioaren XVI. Jaialdia. Bigarren urtez Kursaal Jauregian burutuko da eta bertara 2.000tik gora ordezkari bertaratuko dira. Zinema eta telebista, grafikoa, irratia eta interaktiboa dira Jaialdiaren lehiaketaren atal ezberdinak. Aurten gainera, zuzendari berria du jaialdiak: Agustin Elbaile, hain zuzen.


GAZTEAK ETA LIBURUAK

ZAZPIGARREN aldiz egingo da Miarritzen "Gazteak letretan, liburuak bestetan" lemapean, Gazteen liburu azoka. Miarritzeko liburu saltzaileek eta herriko liburutegiak antolatutako azoka honek Miarritzeko kasinoa izango du kokaleku. Urtero legez, bost idazlek hamar ikastetxerekin pasako dituzte azokak iraungo dituen bi egunak, hots, apirilaren 21a eta 22a. Gainera, lehenengoz, lehiaketa antolatu dute, non ikastetxe batzuek literaturari buruzko galderak erantzungo dituzten.

Igor Calonge dantzari eta koreografoak honela zioen "Zabalik"en: "Dantzarien arazoa ikuslerik eza dela esango nuke. Dantza urtean hilabetez baino ez da programatzen Donostian edo Iruñean -adibidez-, eta are gutxiago herri txikietan".

Erramun Landa margolariaren ustez, "Arteak bere kabuz hitz egin behar du. Ikusleari inoiz entzun ez dituen ipuinak edo aukerak eskaini behar dizkio". Hitz hauek "Euskaldunon Egunkaria"n bildu zituzten.

Galtzagorri elkartekoek Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean zera salatu zuten: "Irakurlea bera sustatu behar dugu, zeren nahiz eta eskolako eremua hoberena izan daitekeen, haurrek jasotzen duten orientabidea amaitzean irakurtzeari uzteko arriskua dago".
Jokin Urainen hitzak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n esanak euskararen erabileraren inguruan: "Baldarra eta zaharkitua dela gure hizkuntza iruditzen zaigu, eta lotsatu egiten gara, eta auzoetako erdaretara jotzen dugu. Geurearekiko ezjakinez eta lotsaz jotzen dugu, ordea, auzokoaren ederraren bila".

Iruñeko Udalari emango diogu berriz ere ikatza. Ingurumena oinarri duten ipuinen lehiaketa antolatu du eta lanak euskaraz eta gaztelaniaz aurkez daitezke. Euskarazko lanak aurkezten dituztenek, ordea, gaztelaniazko itzulpena bidali beharko dute horrekin batera. A zer pagotxa!

Miren Agur Meabek lehen eleberria kaleratu du Aizkorriren eskutik. "Itsaslabarreko etxea" Gazte eta Helduentzako bildumaren baitan argitaratu du. Gainera, euskarazko poesian eskuratu berri du kritika saria "Azalaren kodea" lanagatik. Narratiban, Ramon Saizarbitoriaren "Gorde nazazu lurpean" gailendu da.
Akelarrek apirilean plazaratuko du "Gorria" izeneko hamabostgarren diskoa.
Jon Irazabalek "1937 martxoak 31. Durango" izeneko liburua kaleratu berri du.
Antonio Mercero zinemagile lasartearraren inguruko "El humor y la emoción: el cine y la televisión de Antonio Mercero" izeneko liburua plazaratu berri dute Euskadiko Filmategiak eta Vital Kutxak.
MarØa Zamakolaren "Usoa" laburmetraia apirilaren 3an estreinatu zen. Filma Patxi Zubizarretaren ipuin batean oinarritzen da.

PRINTZA

Joseina Etxeberriak "Gara"n eginiko hausnarketa da honakoa:
" (...) Euskal rocka gaztea da. Gaztea eta berantiarra. Hori bai, urte gutxian sekulako ibilbidea egin du. Eta hegoaldean batez ere. Denbora gutxian, euskaldunok sinfoniko, progresibo, folki, punky, metalzale, elektroniko, izendaezin eta auskalo zer izan gara. Gaur egun, hemengo talde eta bakarlariak geratu gabe ari dira lanean. Gure artean musika emana ikaragarria da. Astero disko bat kaleratzen da gutxienez. Udaberria eta Durangoko azoka aurreko asteak, izugarriak izaten dira. Diskoak, diskoak eta diskoak. Ondorioz, esan genezake, eta zalantzarik gabe, aurrera egin dugula, baina dirudienez, ez denean. Ekoizpen erraldoi honek arazo batekin egin baitu topo: merkatu ziztrin edo txiker batekin. Zenbat gara, bada, euskaldunok? Eta hemengo rocka gustuko dugunok? Azken urte hauetan, ekoizpena biderkatu bada ere, merkatuak tamainu berean jarraitzen du. Edota, zerbait hazi bada, inolaz ez sormena adina. Ritxi 'Oihukak' esaten duen bezala: 'Tarta beraren aurrean jatun gehiago gaude orain. Garai batean Hertzainak, La Polla edota Kortatuk lortzen zituzten salmenta zenbakiak, amets egiterik ere ez dugu gaur egun'. Diskoetxeentzat ez da erraza izango, urtean egiten dituzten disko guztiei buelta ematea. Zerbait pentsatzen hasi beharrean gaude".

Andoaingo Udalak "Euskara Merkataritzara" abiatu du. Azken bi asteotan herriko denda eta ostalaritza establezimenduetan izan dira iaz Siadecok egindako ikerketaren berri emateko. Iritzi ikerketan euskararen inguruko datuak ezezik, gai komertzialei buruzkoak ere jasotzen dira. Dena erabilera sustatzeko.

hemeroteka

1803. zenbakia | 2001-04-08
1802. zenbakia | 2001-04-01

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan