ANTZERKIA
ARTEAZ BIZITZEKO PASA BEHARREKO KOMERIAK
Ainara Gurrutxaga
Markeliñek estreinatu berri duen "Underground" lanak euren arteaz bizitzeko asmoa duten hiru musikariren istorioa du ardatz. Hiri bateko metroan murgilduko dira protagonistak ezjakintasunak dakarren ilusioaz. Baina, ba ote dago norbait beste aldean eurak entzuteko prest?
Markeliñe taldearen azken lana lurrazpiko komedia bat da, berehala ikuslea bereganatzea lortzen duten istorio horietako bat. Urte hasieran haurrei zuzendutako "Manbrú" arrakastatsua estreinatu ondoren, publiko helduarentzat prestatu dute "Underground". Talde zornotzarrak ohikoa duen moduan kontatzen digu istorioa: keinu bidezko antzerkiarekin, hots, hitzik esan gabe. Ekialdeko Europatik heldutako Fridok, Lasok eta Pollik euren herrialdean entzute handiko orkestrekin jo badute ere, dirua biltzeko xedearekin mendebaldera bidaiatzea erabaki dute. Bakoitzak bere musika tresna alboan hartuta -zeharkako txirula, soinua eta biolina hurrenez hurren- ilusioz beterik metropoli handietan jende gehien igarotzen den gunera joatea erabakitzen dute: metro geltoki batera, alegia. Duten gutxia eta guztia eskaintzeko prest daude bertan: euren erraietatik irtendako musika. Bertan topatuko dutena, ordea, ez da ziur aski hainbestetan amestutakoa. Geltokian alde batetik bestera presaka doazen pertsona anonimoek ez dute inoiz nota bakar bat entzuteko astirik.
Markeliñe mimo klasikotik sortutako taldea da nahiz eta gaur egun ia ohiko antzerkira gerturatzen den. Hala ere, taldekideek diotenez, orain arteko lan guztietan ez dute hitzik erabili eta aurrerantzean ere ez dute uste erabiliko dutenik. Paco Trujillo, Jon Kepa Zumalde eta Javi Renobales dira "Underground"eko aktoreak, Frido, Laso eta Polliri oholtza gainean bihotza eta begirada jartzen diotenak. Ikusleari poloniera iruditu dakiokeen hizkuntza ezezagun batean mintzo dira taula gainean: "Inprobisazioarekin hasi ginenean zenbait fonema irten ziren, eta horiek errepikatuz joan gara ondoren. Polonieraz nola irakurtzen den jakin ere egin gabe bertako zenbait testu kontsultatu genituen... baina taula gainekoa ez da inongo hizkuntza", azaltzen du Javier Renobales aktoreak.
IKUSEZINA IKUSGARRI BIHURTUZ.
"Underground" antzezlanean ideia adierazteko moduak hartzen du protagonismo osoa. Aktoreek keinuen bidez eta ia elementu fisikorik gabe munduak marrazteko gai direla erakusten dute. Xumetasunaren aberastasuna. Oholtza gainean objektu bakan batzuk direla ikusleak esfortzu gehiegirik gabe lur azpirako bidaia egiten du. Izan ere, "Underground"ek maisuki uztartzen ditu keinu antzerkian ezinbestekoak diren hiru elementuak: magia, umorea eta sorpresa. Hiru aktoreen abileziei esker edozein irensteko prest dagoen trena ikusten dugu, txanpon baten truke edonor hozkatzeko prest dagoen zakurra edota beti kontrako zentzuan doan eskailera mekanikoa... Hasieran hiru musikarientzat aukera apartak eskaintzen zituen ingurunea irteerarik gabeko labirinto bilakatuko da. Ekialdeko Europatik heldutako hiru pertsonaiak euren artearekin zerikusirik ez duen hamaika errekurtso erabili beharrean aurkitzen dira: dantzatu, antzerkia egin, lapurtu... Lur azpirako bidaia honen amaieran ikuslearengan ezezik Frido, Laso eta Pollirengan ere aldaketa izango da.
TALDE LANAREN FRUITU.
Markeliñekoek ohikoa duten moduan sortu dute "Underground" ikuskizuna: taldekide guztien artean jorratu nahi duten ideia erabaki eta ondoren inprobisazioetan oinarritutako sorkuntza prozesuan murgiltzen dira. Inprobisazio horietatik jaiotzen dira istorioa, pertsonaiak, musika... eta hala "beti dira taldearen neurrira eginiko antzezlanak, Markeliñeren ahalbideekin bat doazenak". "Underground"en kasuan hiru musikarik dirua lortzeko egin zezaketen guztia aztertzea zuten helburu taldekideek. Prozesu honek guztiak ikuskizun baten prestaketa-denbora asko luzatzen du. "Underground"en prestaketan urte eta erdi eman ditu taldeak. Taldekideen aburuz ikuskizunak bi errealitate islatzen ditu: "Batetik, kanpotik etortzen diren inmigranteen egoera. Oso jende prestatua da askotan eta sarritan inork nahi ez dituen lanak egitera behartuta daude. Bestetik, hemengo kulturaren kontzepzioa islatzen du. Izan ere, jendea ikusgarriak edo barregarriak diren gauzek erakartzen dute... eta horregatik ordaintzeko prest dago". Musikak Markeliñeren aurreko lan gehienetan bezala, berebiziko garrantzia du. Hori dela-eta askotan narratzaile ere bilakatzen da. Besteak beste gitarra, perkusioa, baxua edota esku soinuaz osatutako musika bandak kontakizunean ezinbestekoa zaigun informazioa ematen digu. Fran Lasuenek hartu du musikaren ardura lan honetan, eta musikari apartak izan ditu gainera bidelagun: Râo Kyao, Kepa Junkera eta Angel Lßzaro. "Underground" antzezlanerako konposatutako doinuekin gustura gelditu dira Markeliñekoak eta etorkizunean disko bat plazaratzea ere badute buruan.
Egun Markeliñek lau ikuskizun dauzka publikoari eskaintzeko prest. Haurrei zuzendutako "Manbrú" eta "Kartoibiraka" ikuskizunak, kalean egitekoa den "Alo, Europa" eta helduentzat eta aretoan taularatzeko pentsatua den "Underground". Taldekoen iritziz, "gaur egun sekulako eskaintza izan behar da, eta ahal bada formatu ezberdinetan. Bestela urte osoan bizirautea eta proiektu berriak sortzea ezinezkoa da"
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.