INDEPENDENTISMOAK BAKARRIK EZIN DU
Iņaki Esnaola
Maiatzaren 13ak ez du EAEko mapa politikora berrikuntza handirik ekarriko, hala ere, uste dut nazionalismo espainiarrak ez dituela hauteskundeok irabazi behar, eta ez dituela, ondorioz, "Autonomien Estatuak" eskaintzen dituen aginte kuotak bereganatu behar. Gaurko independentismo ofizialak uste du Euskal Herriak "independiente ala ezer ez" izan behar duela; eta ez dirudi asko axola dionik PP eta PSOEk Baskongadetako Gobernua eta Parlamentuko gehiengoa beren gain hartzeak. Hori hola balitz, oker handi bat egiten ariko litzateke.
Independentistentzako autonomismoa tranpa da, bai. Baina, gauza bat da autonomismoa Estatua bera sendotzeko nahi den organizazio moeta bat bezala hartuta, eta oso gauza diferentea da antolakuntza modu hori Euskal Herri osoak bere etorkizuna erabaki ahal izan dezan baliabideak bilatzeko tranpolin gisara erabiltzea.
INDEPENDENTISTA garen asko ez gara soberanistak ezker aber-tzale ofizialak soberanismoa plantea-tzen duen moduan. Ezinezkoa da independentzia politikoa eraikitzea Ipar Euskal Herrian %10a baino ez bagara, Hego Nafarroan abertzaletasuna osoa minoritarioa bada eta Baskongadetan ere herrialderen batean gehiengo arazo zorrotzak ditugula. Hori gutxi balitz, Baskongadetan, gaur autonomien Estatua antolatuta dagoen moduan abertzaletasuna maioritario izan daitekeen lekuan, hemen ere nazionalismo erradikal espainiarrak irabaz dezan onartuko dugu? Nafarroan hainbat alorretan Sanz erakusten hasi dena Baskongadetan ere irabazleek hori bera sartzea onartuko dugu? 20 urteotan EAJk mantendu dituen aginte puskak PP eta PSOEren esku utziko ditugu?
Nork esan dezake aginte kuota horiek hutsaren hurrengoak direla? Eta EAJk hobeto defenditu dituela PSOEk eta PPk baino? Nork ukatuko du ezker abertzaleak aginte horiek garatzeko posibilitatea izan duela azken legealdian eta hala egin ez badu azkenean EAJ eta EArekin adostasun batera iritsi ez delako izan dela? Hain zaila al da EAEko agintea kontrolatzea independentista-soberanista izanik, edo independentzia lortzeko Euskal Herriko biztanlegoak eskatu behar duela eta hori gerta dadin Baskongadetan oso indartsu izan behar dela uste duen independentista izanik? Abertzaletasunak ez al ditu bere une goren eta baikorrenak tregoa garaian bizi izan, autodeterminazio eskubidea mamitu dadin zimentuak ipintzen hasi zenean? Ez al da bere gorabehera eta guzti ere Udalbitza une haren fruitua?
Bizitzako alor guztietan bezala, abertzaletasunean ere ez du inork arrazoi osoa. Tregoak zekarren garapen politikoagatik EAJk "zorabio politikoa" jasan izan zuela, hori ere bai. EAJren base guztiak abertzaleak ez direla, baita ere. Atal horretan sartzen dira aginte postuak edukiz egunero demokraziaz ari diren batzuk, aldi berean ezkutatzen dutenak demokraziaren atal nagusietako bat (autodeterminazio eskubidea) oraindik eskuratu gabe daukagula, zergatik eta haiek 1978an egokia ez zela erabaki zutelako, eta bitarte horretan defizit demokratiko bat jasaten ari garela, areago EAJk eta gehiago EAk esan dutenean beren zuzendaritzetatik eskubide oinarrizko hori gauzatze aldera goazela.
BEHAR bada hauteskundeok EAJrentzako -ez hainbeste EArentzako- Berrezarkuntza politikoaren hauteskundeak izanen dira. EAJk EArekin irabaziz gero, oso sendo ikusiko dituzte beren buruak eta berriro PSOErekiko itun bateruntz eraman nahiko gaituzte, berriro gerta ez dadin gaur nazionalismo erradikal espainiarraren "dena ala ezer ez" hori.
Ezker abertzaleak ez bakarrik gerri politikoa, iniziatiba hartuta aurrekoa ezustean harrapatu eta gainditzeko ahalmena ere eduki behar du: ikusitakoa ikusita, jakin behar du batasunetik bakarrik egin daitekeela aurrera; eta ezin dugula ametitu Madrilek Baskongadetatik hainbeste kostata lortu diren aginte pusketatik bakar bat ere galtzea. Eta hortik ez bakarrik lortuko direla puska gehiago, baizik eta abertzaletasunaren helburuen aldera aurrera egingo dugula, ez bakarrik EAEn, hemen ikusiko baitu bere burua ispilu batean bezala Euskal Herri osoak.
Tregoa garaia laboratorio garai zoragarri bat izan da. Han esperimentatu genuena hasi gaitezen errealitatera eramaten, eta ez ditzagun martxan jarri nazionalismo erradikal espainiarrak agintea erabiltzera bakarrik eramango gaituzten estrategiak. Malgutasun politiko horrek ez dakar ez utzikeriarik eta ez nortasun galerarik. Soilik esan nahi du ez jarraitzea bakardadezko bide batetik, ikusirik Madril alde guztietatik ari dela saiatzen gure arteko zatiketaren bila. Ezker abertzaleak froga garai horretan ez zuela bere nortasunetik tanta bakar bat ere galdu, eta aldiz, ikusten dut arerio politikoarentzako batasunak zer nolako eragina izan zuen. Une hartan adostasun batera iritsi ez izanak ez du ekarri behar orain Mayor eta bere laguntzaileei txekea zurian entregatzea. Independentismoak ezin du bakarrik egin bidea, bide itxi batetik, bi estrategiaren artean derrigor garapen ahalmenik gabe utziko dutelako.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.