Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-04-08 -- 1803.zenb

AZTIK IKERKETARAKO INSTALAKUNTZA BERRIAK DITU PARISEN

Pasaiako portuak Azti teknologi eta elikaduraren institutuaren ikerketa zentro berri bat du, joan den martxoaz geroztik. Institutuaren egoitza nagusia Bizkaian dago, Sukarrietan. Pasaiako gune berri honek 2.000 metro koadro ditu, eta 300 milioi pezetako (12 milioi libera) inbertsioa behar izan du. Portuko garai bateko ontziratu gabeko gaientzako biltegi batean dago kokaturik. Aztiren egoitza berri hau Donostian zegoenaren ordezkoa da, eta Urdaibaiko itsasadarrean, Sukarrietan, duen egoitzaren osagarri izango da, eta Ozeanografia, Ingurumena eta Arrantza Baliabide sailak izango ditu.
Zentro berri honek oso zeregin garrantzitsuak burutuko ditu euskal arrantza sektorearentzat. Ikerketa ozeanografikorako behar diren bitarteko guztiak ditu, hala nola laborategi kimiko eta sedimentologikoak, itsasontzi ozeanografikoa, itsaso azpirako ibilgailua, albo-ekorketarako sonarra eta satelite bidezko kokapen eta komunikazio sistemak. Gune berri eta moderno honek euskal arrantzategien egoera ikertuko du, eta informazioa emango dio Europako Batasunari arrantzaren inguruko politika ezartzeko eta arrantza espezieen kuotak jartzeko. Halaber, itsas-korronteak benetako denboran eta jarraipenez neurtzen dituen estazio ozeano-metereologikoa du, eta era honetakoa dagoen bakarra da.
Aztik, gaur egun, 300dik gora enpresari eskaintzen dio bere zerbitzua, eta Europako 30 proiektutan ari da lanean. Zentro berri honi esker, enpresei eta administrazio publikoari egiten dien eskaintza teknologikoa eta haien esku jartzen dituzten zerbitzuak zabaltzeko aukera izango du. Aztik burutuko duen ikerketa eta transferentzia eginkizunak, bertako arduradunek diotenez, jarduera aniztasun handiagoa eskaintzeko aukera emango dio Pasaiako inguruneari, balioa eta irudia erantsiz.
Azti 1984an sortu zen. Institutu hau osatzen duen profesionalen taldearen kalitateak eta gaitasun teknikoak izen eta itzal handia eman dio adituen artean, nazio mailan zein nazioartean. Aztiren eguneroko lanak berarekin aritzen diren enpresa nagusienen bermea eta administrazio publikoen babesa du.
Institutuak hiru sail tekniko ditu itsas ingurunean, baliabideetan eta elikagaien industrian bereziturik. Bestalde, administrazio, informatika eta liburutegiko zerbitzu orokorrak daude hiru sail hauei laguntzeko, eta Marketingeko sail bat ere badu merkatuari buruzko orientabidea eskaintzeko.
Bertako administrazio kontseilua Administrazioko eta arrantza, ingurumen eta elikadura esparruko sektoreetako ordezkariek osatzen dute. Gaur egungo lehendakaria Luis Miguel Macias da, Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordea. Bokalen artean, Administrazio Publikoko beste pertsona batzuekin batera, hainbat erakundetako ordezkariak daude, esaterako, Alturako Ontzi-jabeen Elkarteko Jaime Tejedor, Arrantzaleen Kofradien Federazioko Jose Manuel Goikoetxea, Iparlateko Iņaki Sanz, Hidronorreko Antonio Barbier, Sanemarreko Felix Arroitajauregi, Eroskikoak eta Conservas Garavillakoak.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan