TRIKI TA KETriki Ta Ke
ELKARLANEAN
13 kanta
2.195 pezeta
87 libera
TRIKI TA KE TALDEAREN LEHEN DISKOA
Zirikagarria benetan, Triki Ta Ke taldearen lehen disko hau. Badira bospasei urte Iker eta Gurutze Dorronsoro anai-arrebak soinu txikia etengabe astinduz erromeriz erromeri ibiltzen hasi zirenetik. Oraingoan baina, Triki Ta Ke taldeko partaide bezala agertzen zaizkigu, Anabel Arraizaren ahots nagusiarekin, Igor Telletxearen bateria, perkusioa eta teklatuarekin, Imanol Goikoetxearen gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa eta ahotsarekin eta Joseba San Sebastianen baxuarekin batera. Haimairu kanta eskaintzen dituzte denen artean. Hauexek: "Buruzagiburu", "Zaharrak berri", "Trini", "Bi", "Urruntasuna", "Ez nago bakarrik", "Euripean", "Guk ez dugu nahi", "Berriz ihes egin didazu", "Erantzunik ez", "Zoaz hegan", "Giltzapeturik" eta "Biharamonean".
SISIFO MAITE MINEZLaura Mintegi
TXALAPARTA
181 orrialde
2.000 pezeta
80 libera
MAITEMINEZ MAITEMINTZEN DENEAN BAT
Barne sentimenduak azaltzeko joera agertu izan du beti Laura Mintegik. Eta hain zuzen ere, horixe egiten du "Sisifo maite minez" deritzan eleberri honetan, apika inoiz baino gehiago gainera. Bere idazlanean intriga ere nabarmendu daiteke, benetazko arreta maitasun suharrak pertsonaien artean eragindako egoeretan jartzen duen arren. Eta denen gainetik nagusi azaltzen den pertsonaia Ane dugu, bizitza lasaia daraman emazte eta ama arrunta, ahalik eta behingoan sendagile batez maitemintzen den arte. Harrez kero ezingo du maiteminak leher zorian daukala beste inortxotan eta ezertan pentsatu. Eta halako batean, maitasun hutsaren maiteminez, senarra zein alabak utzi eta Nikaraguara alde egingo du maitemin hori ernatu dion pertsonarekin. Baina hala ere, ez du lortuko barne baretasunik, berataz jabetu den maitasun sentimendu horrek muturreko egoeretara eta beti ezinegona eta jeloskortasunaren menpe egotera daramalako. Azkenean, senarra eta alabengana itzuliko da, alabaina bere senetik aterata. Eta itzulera horretan kokatzen gaitu Laura Mintegik, emakume horren ingurukoekin heriotzaren, misterioaren, psikoanalisiaren eta maitasun suharraren bideetan ibilaraziz.
BIDEGILEAK: BONAPARTE, B—RD, HUMBOLDT, WEBSTERBatzuen artean
EUSKO JAURLARITZA
16, 24, 28, 20 or. 1.000 pzta./ 40 lib.
JATORRI ATZERRITARREKO EUSKALTZALEAK
Luis-Luziano Bonaparte (1813-1891), Gerhard Bähr (1900-1945), Gilen Humboldt (1767-1835) eta Wentworth Webster (1828-1907) dira, zehazki, orain aurkeztera goazen "Bidegileak"en karpetan bildurik agertzen direnak. Rosa Miren Pagolak ematen digu Luis-Luziano Bonaparteren berri (Napoleon I ospetsuaren iloba izateaz gain, hizkuntzen aztertzaile eta euskararen ikerketari bikaina izan zen). Halaber, Elixabete Garmendiak Gerhard Bähr euskalari alemaniarraren xehetasunak eskaintzen dizkigu (Legazpiko Adunan jaio zen jatorri alemaniarreko hizkuntzalari eta liburuzale hau). Xabier Altzibarrek, berriz, Giles Humboldt jakintsu, estatu gizon eta hezkuntza eraberritzailea ezagutarazten digu. Eta Patri Urkizuk, Wentworth Webster apaiz protestante ingelesa eta gainera euskaltzalea izan zena.
HISTORIA DE TAFALLA (I eta II)Jose Mari Esparza
ALTAFFAYLLA
1.519 orrialde
14.800 pezeta
592 libera
TAFALLA, URGAINERATU ZENETIK GAUR EGUN ARTE
Altaffaylla kultur elkarteko partaidea dugu Jose Mari Esparza, eta aipatu elkarte tafallar hori izan da, hain zuzen ere, Nafarroa, Madril edota Londreseko bibliotekak arakatzen urte mordoa eman dituena, bere herriaren historiarik dokumentatu eta zabalena idaztea helburu. Baita lortu ere! "Historia de Tafalla" izenburutzat duen hau lekuko, ezinbesteko kontsulta liburua herri nafar horren historiako xehetasunak ezagutu nahi dituen ororentzat. 1.500 orrialde baino gehiago, kolorez, grabatuz eta argazkiz horniturik, Tafalla kokaturik dagoen lurraldea urgaineratu zenetik gaur egun arte bertan suertatu diren gertaera gogoangarrien zein egunorokotasunari lotutako besteen ezagutza ahalbideratzen dutenak: hau da, nola bizi izan diren tafallarrak historian zehar, zer egokitu zaien pairatzea eta beste asko kontatzen digutenak.
VILLA TESEYAngel Mosquito
POTXO
25 orrialde
"TUSITALA" KOMIKI BILDUMAREN LEHEN ZENBAKIA
Lunfardo ukituak ditu "Villa Tesey" komikiak. Izan ere, Buenos Aires hirikoa dugu Angel Mosquito -aitatu berri dugun fanzine horren egilearen ezizena-, eta hiri horretako "Producciones Insalubres"ekin batera bideratu du "Villa Tesey", Argentinako hiriburuan suertatzen diren bidegabekerien inguruko komikia, orain Oñatiko Potxo "argitalzulo"ko lagunek bere "Tusitalia" bilduman Euskal Herrian plazaratu dutena. "Tusitala" hitzak, berriz, jatorri samoarra ei du eta "istorioak kontatzen dituena" esan nahi omen du, Potxo "argitalzulo"koek adeitsuki azaldu digutenez. Norbaitek oñatiar hauekin harremenaten jartzeko gogoa balu, fanzine hau edota aurretik kaleratutako zenbakiak eskatu ala beste galderaren bat luzatzeko asmoz, jo beza Oñatiko 118. postakutxara, edo potxo@ozu.es helbide elektronikora.
EKOLOGIA ETA INGURU-GIROAREN GIDABatzuen artean
GAIAK
318 orrialde
2.300 pezeta
92 libera
EKOLOGIA DIZIPLINA, HIZTEGI TEMATIKO MODUAN
Alizia Stürtze, Juan Inazio Abrisketa eta Alfontso Mtz. Lizarduikoa Sarda Taldeako partaideak ditugu, eta "Ekologia eta Ingurugiroaren gida" liburuaren egileak, non ekologia diziplina zientifiko osoa dela azaltzen duten. Izan ere, egile hauek diotenez, askok besterik uste duen arren, Ekologiaren eginkizuna bizidunen munduak dituen antolakuntza maila guztiak aztertzea da, hasi norbanakotik eta bioesferaraino, populazioak, biozenosiak, ekosistemak eta paisaiak osatzen duten ekosistema multzoak barne. Gainera, eta besteak beste, liburuan honoko atalak aztertzen dituzte: biosfera, naturako energi fluxua eta erregai fosilak, energia nuklearra, hondakin erreaktiboen arazoa, eguzki-energia, fusio nuklearra, berotegi-efektua, oxigenoaren zikloa eta ozono-geruza, euri azidoa, zer da biodibertsitatea, populazioen dinamika...
KOMUNIKAZIOAREN GIDALIBURUAEuskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioa Lehendakaritza
EUSKO JAURLARITZA
676 orrialde
EUSKADI 2001-EKO KOMUNIKAZIOAREN GIDALIBURUA
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Lehendakaritzak kaleratzen du, urtero-urtero, "Komunikazioaren Gidaliburua. GuØa de la Comunicación" izenburua duen argitalpen hau. Eta hain zuzen ere horixe du helburu: Batik bat lurralde autonomo horretan kokaturik dauden erakunde (Eusko Jaurlaritza eta honen sail desberdinak, kasu), elkarte (Industri Arloko Elkarte Publikoak, Euskal Herriko Enpresa eta Berrikuntzarako Zentroak, Teknologi Elkartegiak, adibidez), alderdi politiko, sindikatu, eliza (Katolikoa, Ebangelikoa, Jehovaren Testigo Kristauak...), udaletxe, hezkuntza eta unibertsitate, Ikastolen elkarte, Giza-Ekonomia eta Lan-Mundua, komunikabide eta abarrei buruzko argibideak ematea. Gidan agertzen da ere Nafarroako lurraldeari eta Gobernu Zentralari dagozkion hainbat datu.
HITZ LAUZKO LANAK II(1928-1949)
Aita Polikarpo
Iraizozkoa
NAFARROAKO GOBERNUA
388 orrialde
2.500 pzta./100 lib.
AITA POLIKARPO IRAIZOZKOAREN AZKENEKO LANAK
Frantzisko Ondarrak prestatu du "Hitz Lauzko Lanak II", Nafarroako Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako argitalpena. Euskararen Foru Legeak erabakitakoaren arabera, "itzal eta babes berezia izanen dute Nafarroako euskalkiek". Eta hori kontuan harturik, 1997an Euskaltzaindiak Aita Polikarpo Iraizozkoaren lanez arduratzea proposatu zion goian aitaturiko Zuzendaritzari. Honek poz-pozez onartu, eta, bere garaian, 1897an Ultzamako Iraizotzen jaio zen kaputxino eta euskaltzale fin honen "Hitz Neurtuzko Lanak" eta "Hitz Lauzko Lanak I" argitaratu zituen. Orain plazaratu duen "Hitz Lauzko Lanak II"rekin amaitutzat ematen du asmoa. Bertan, Aita Polikarpok idatzitako Ama Birjinaren, San Jose, Aralarko San Migel eta beste zenbait santuren festetarako predikuak ageri dira.