Julen Madariaga, Aralar Ildoko kidea: "Ezker abertzaleko hautagaitzarik orain aurkeztu ezingo balitz, hemendik bizpahiru urtera begira hautagaitza alternatiboa prestatzen hastea litzateke arrazoizkoena".
Patxi Zabaleta, Aralar Ildoko kidea:"Aralar ezker abertzaleko taldea da. Berau oinarritu, indartu eta eraberritu nahi dugu, ez dugu gure burua ikusten ezker abertzalekoa ez den inolako eskaintza politikoari babesa edo laguntza ematen".
Jose Maria Aznar, Espainiako Gobernuko lehendakaria: "Ibilitako bidean asko egin beharko dute atzera EAJkoek, EAJ orain ez delako irtenbidearen alde bat, arazoaren alde bat baizik".
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria: "Amorratzen nau Aznarrek ez errespetatzea nire ideiak nik bereak errespetatzen ditudanean".
Marisa Arrue, Getxoko PPko zinegotzien bozeramailea: "Getxon horrenbeste kale borroka ekintza badago, hori da Iņaki Zarraoa alkatearen jarreragatik".
Alain Lamassoure eurodiputatuak Baiona-Angelu-Miarritze (BAM) herri erkidegoaren lehendakari kargua uzteko asmoa azaldu du. Lamassoure Angeluko udaletxearen izenean izan da BAMeko lehendakaria. Aurrerantzean Miarritzeko ordezkoa hilaren 13an hautatuko da, baina Didier Borotra auzapezak hartuko bide du honen segida.
Zutik alderdiak datozen maiatzaren 13ko hauteskundeetan botoa inorentzat ez eskatzea erabaki du. Azken urteetako bere joera halako hauteskundeetan botoa HBrentzat eskatzea izan da, nahiz eta harekiko ikuspegi kritikoa azaldu.
Roman Sudupe Gipuzkoako Ahaldun Nagusia Ertzaintzaren helikopetero batek atera zuen iragan larunbatean Urbiako zelaietan zebilenean. Ertzaintzaren esanetan, ETAko komando bat zebilen zonaldean eta Sudupe izan zitekeen haren helburua.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Azienda larriari eman ohi zaion pasmo-belarra sasoian dago, eta batzuek pasmoari aurre egiteko erabiltzen duten arren, botika indartsuak ditu eta kontuz erabili behar da.
guztia irakurri
OSASUNA
Jabier Agirre
Udaleku eta jolasguneak ugaritu ahala haurrek zorriak elkarri kutsatzeko arriskua ere areagotu egin da. Haurra buruan hatz egiten ikusten baduzu egin kontu ondoko aholkuei.
guztia irakurri
EH LEGEZ KANPO UZTEKO SAIOA
BALTASAR Garzonek argi utzi du bere azken autoan EH dela hurrengo bere helburu nagusia eta taldea legez kanpo jartzeko ahaleginak egingo dituela, aurretik KAS, Ekin eta beste batzuekin egin izan duen moduan. PP eta PSOEko zenbait buruzagik halako neurririk hartzea ondo legokeela adierazi dute. Hauteskunde autonomikoen aurretik gerta daitekeela ere aipatzen da. Egoera oso larria bizi du euskal gizarteak egun eta halako neurri batekin are okerragora egingo luke
GREBAREKIKO ATXIKIMENDUAK
EH-K hilaren 10erako deitu duen greba orokorrarekiko atxikimendua erakusten ari da gizarte alor desberdinetako zenbait talde. "Euskal Herriak bizi duen erasoari erantzutea" eta burujabetzari bultzada bat ematea da grebaren helburua. EHk bakarrik deituta, gaur egunean nekez izan daiteke greba orokorrik Euskal Herrian; EHrentzat, aldiz, mobilizaziorako tresna garrantzitsua bide da eta bere indarrak horretara bideratzen ari da egunotan.
UDAN BETEKO DA ITOIZ
APIRILEAN Espainiako Gobernuak baimena eman ondoren, udan hasiko da betetzen Itoizko urtegia. Teorian 510 metrotik gora ezin da oraindik bete Entzutegi Nazionalak debekatua duelako, baina Ebroko Ur Konfederazioak ez du betetzeko arazorik ikusten. Europako Batasuneko Ingurugiro Batzordeak, halaber, ez du oraindik onartutako kexuari buruzko erabakirik hartu, baina agintariek ez dute uste hori arazorik izango denik. Antza, segurtasunarena da proiektua geldiarazteko azken borrokagunea, baina oraingoz Arturo Rebollo eta Antonio Casas aditu ospetsuek egindako txostenei muzien egin zaie estamentu ofizialetatik. Ikusi behar Espainiako Auzitegi Gorenak zer dioen.
MAULE: AZKENEAN SOZIALISTAK
AZKEN urteotan, Mauleko PSren eta PCren artean izandako tirabirak agerian geratu dira azken bozetan. Bigarren itzulian PSk eta PCk elkarrekin Mixel Etxebest euskalzalea garaitu bazuten ere, udaletxeko karguen banatze orduan etorri ziren arazoak. Lehen osoko bilkura kalapitatsuaren ondoren Barbe-Labarthe sozialista auzapeza izendatua izan zen. Komunisten eta sozialisten arteko arazoak Robert Perez sozialista eta Louis Labadot komunista buruzagien arteko harreman txarren ondorioz omen dira. Robert Perez hautetsi historikoa udalbatzatik kanpo geratu da.
EGIBARREN ERANTZUNA EH-RI
JOSEBA Egibar buruzagi jeltzaleak EHk egindako trantsizio proposamenari erantzun berri dio zenbait egunkaritan argitaratutako iritzi artikulua medio. Kontsiderazio askorekin batera, proposamena aurreranzko ihesia dela dio Egibarrek, ez duela biolentzia egoera kontuan hartzen, ez dela gehiengo sozialetan oinarritzen eta euskal gizartearen pluraltasuna ez duela kontuan hartzen, eta, azkenik, edozelako marko aldaketarako gaur egungo errealitate instituzionala oinarritzat hartzea ezinbestekoa dela.
DESBERDINTASUN SAKONAK
ARALAR Ildoa ezker abertzaleko korronteak azkenean ez du hautagaitzarik aurkeztuko EAEko hauteskunde autonomikoetarako. Aralar Ildoa nagusiki Nafarroako talde gisa agertu da orain arte, baina hautagaitzen auzi honetan Bizkaian ere badela talderik ikusi da. Edozein modutan, auziak orain arte baino ageriago utzi du ezker abertzalearen baitan dauden desberdintasun sakonak eta egungo testuinguru politikoan hauek elkarren ondoan jarraitzeko dituzten zailtasunak.