CD-ROM-AK KONTSULTATZEKO
Aurten Bai Fundazioa eta EHUko Informatika Fakultatearen arteko elkarlanari esker, "Ciberbiblio" programa jarri da abian Zornotzako liburutegian. Programa honen bidez multimedia euskarrian euskaraz argitaraturiko material guztia kontsultatzeko aukera izango du erabiltzaileak. Oraingoz 30 CD daude eskura. Laster Barakaldon eta Enkarterrin ezarriko da programa.
EUSKAL ADARRAREN MOBILIZAZIOAK
Euskal Herriko unibertsitateen euskalduntzearen alde jarduten duen Euskal Adarra taldeak mobilizazio ugari egin zuen pasa den astean euskarak unibertsitatean duen presentzia eskasa salatzeko. EHUn euskara plangintza ez da bete, Nafarroan 15 ikasgai euskaraz ikasteko aukera kendu egin dute eta Baionako kanpusean euskara ia ez da existitzen, taldekideen esanetan. Hala, Euskal Adarra taldeak fakultateka lan egitea proposatu du, bakoitza bere errealitatetik abia dadin.
EUSKAL KULTUR WEBGUNEAK
Plazagunea enpresak euskarazko kultur arloko webguneak doan sarerazeko aukera eskainiko du. Zerbitzuaz baliatzeko, baldintza batzuk bete beharko dituzte guneek: webgunearen arduradunek interes ekonomikorik ez edukitzea eta bestela interneterako sarbiderik izango ez luketen elkarteak izatea. Zerbitzu hau "www.euskalweb.net" helbidean paratuko dute.
241 DOKTOREGO TESITIK 16 SOILIK EUSKARAZ
Euskararen egoera are larriagoa da unibertsitateko hirugarren zikloan. Iaz EHUn eta Deustun aurkeztu ziren 241 tesitatik 16 bakarrik izan ziren euskarazkoak. Pixkanaka portzentaia handitzen doan arren, aldea oso nabarmena da. Lehen euskal filologiaren ingurukoak ziren gehienak; orain aldiz alor gehiago jorratzen dituzte.
"VAIVÉN" LABURMETRAIA
ANA Fernandez eta Ramon Barea dira "Vaivén" David Ilundain iruindarrak burutu duen lehen laburmetraiaren aktore nagusiak. Lana David Ilundain berak eta Carlos Mugirok idatzitako gidoian dago oinarritua. Filma Burguete-Auritzen eta Ariben errodatu zen eta martxoaren 30ean estreinatu zuten Iruñeko Golem-Yamaguchi zinema aretoetan.
ANTZERKIAREN IDATZIAK
BILBOKO Txotxongiloen Dokumentazio Zentroak antzerki liburuari eskainiko dio apirila. Batetik, apirilaren 2tik 30a bitartean "Antzerki egile eta argitaletxeak" izeneko erakusketa ikusi ahal izango da. Bestetik, hilabete osoan zehar antzerki munduko autore, ikertzaile eta argitaletxeen berri emango da hainbat ekitalditan.
KULTUR ONDAREA BABESTEKO
HIRU urtetan kultur balioa duten elementu higiezinak identifikatu, aztertu eta zerrenda osatu ondoren, EAEko kultur ondare higiezin guztiak babesteko plana jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Plana proposamena baino ez da eta maiatzean onartuko da. Une horretatik, zerrenda osatzen duten kultur ondareak babesturik geldituko dira. Batzuetan jabe partikularrek eta besteetan, Udalek edo Foru Aldundiek kontrolatuko dituzte. Guztira, 14.000 elementu dago zerrendan, horien artean 8.600 eraikin, 1.600 arkeologia ondare eta 5.000 ustezko arkeologia guneak.
HARRI ARTEKO ARTEA INAUGURAZIOA
apirilaren 24an egingo badute ere amaituak daude jada Arabako Arte Ederretako museoaren birmoldaketa lanak. Eraikina berritzeaz gain, bertan paratuko diren artelanak aldatu egingo dira. Euskal Herriko arte kostunbristak adibidez, garrantzi berezia izango du. Getariako Balenciaga Museoaren lehen harria ere orain gutxi jarri dute. 2003ko maiatzan inauguratuko dute Getarian sortua zen jostunak diseinatu zituen hainbat jantzi jasoko duen eraikina.
HUMBOLDT-EN MIKROFILMAK
WILHEM Von Humboldt hizkuntzalari alemaniarraren eskuizkribuen bildumarik garrantzitsuena eskuratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Maiatzan ekarriko da Euskal Herrira mikrofilmetan kopiatuta Euskal Herriari buruz honek egindako lan linguistiko, etnografiko eta historikoa.
ZINE ARETO GEHIAGO
BESTE zazpi areto izango ditu Gasteizek zinemari eskainiak. Vitoriana de Espectaculos (Vesa) enpresak Florida antzerkiak zuen lokalean eta ondokoetan eraiki ditu zinema berriak. Zinema aretoez gain, antzerkirako pentsatutako beste bat, eta hitzaldietarako beste bat ere egin dituzte.
Jon Sarasuaren iritzia da hau "Goienkaria" astekarian jasoa: "Iruditzen zait askotan bertsolaria beste pieza bat dela geroago eta nazkagarriagoa iruditzen zaidan euskal show-an, eta bazterrerago egon behar lukeela".
Irene Aldasoro idazleak "Emakunde" aldizkarian zioenez: "Gizartean izan duen bilakaera izan du emakumeak literaturan ere; azken finean, literatura gizartearen ikuspegi 'artistiko' bat besterik ez baita. Azken mende honetako emakumezko pertsonaiak askoz konplexuagoak dira, mugikortasun handiagoa dute, gazteluko dorrean, komentuan edo etxeko saloian agertzen ziren haien aldean, eta gai dira beren papera autonomiaz jokatzeko edo asumitzeko".
Mikel Urdangarinek "Gara"n esandakoaren arabera, "Musikak, adierazpen artistiko gisa, poesiak edo irakurmenak baino hunkitzeko eta emozionatzeko gaitasun handiagoa du".
Mari Zendoiak honela zioen hizkuntzaren inguruan "Gara"n: "Badirudi Euskal Herriko kasuan, hizkuntza ez dela klase sozialak bereizteko faktore bat. Euskaldunen artean eta erdaldunen artean, beste herrialdeetan ez bezala, denetarik egon daitekeela".
Iruñeko Udalak zerbitzu gestio zuzeneko zerbitzua eskaintzeko asmoz, bulegoa paratu du Marceliano etxean. Zerbitzu bat gehiago izango dute iruindarrek, baina haien eskubideak ez dira erabat errespetatuko. Izan ere, lokaleko errotuloak gaztelania hutsez daude. Dekretua ez da txantxa.
Robert Laxalt idazlea martxoaren 23an hil zen Estatu Batuetan. Nobela eta artikuluen bitartez Estatu Batuetako diasporaren berri eman zuen. "Sweet promised land" izan zen bere lanik arrakastatsuena.
Javier Agirresarobe argazki zuzendariak Malagako Zinema Espainoleko Jaialdiko hirugarren Ricardo Franco saria irabazi du. Agirresarobek lau Goya sari jaso ditu dagoeneko.
Parasma Lekeitioko taldeak izen bereko lehen diskoa kaleratu berri du Oihukaren eskutik.
Legaleón T-k eta Ur Teatrok lan bana estreinatuko dute datozen hilabeteetan. Lehenak "Bancarrota" izenekoa eskainiko du apirilaren 5ean. Bigarrenak "Sigue la tormenta" izenekoa ekainaren 14an.
Montxo Armendarizek apirilaren 24an estreinatuko du "Silencio roto" filma Iruñean.
PRINTZA
Oier Guillanek honela idatzi zuen "Hika" aldizkarian:
"Esistitzen al da gaur egun euskal antzerkia? Edo bestela esanda, esistitzen al da gaur egun nortasun propioko euskal antzerkirik? (...) Antzerkiak arlo artistiko gisa dituen arazo eta gabeziak hemen ere nagusi dira: hastapenetan dauden talde eta proiektuek ez dute laguntzarik jasotzen, antzerkia ikasi eta sakondu nahi dutenek kanpora jotzen dute askotan, ez dago ez antzezlanak prestatzeko ez emanaldiak burutzeko erraztasunik. (...) Nortasun propioko euskal antzerki bati erantzungo liokeen proposamen gutxi dago, ez dugu somatzen erreferentzia argirik, ezta dagoena eta egon daitekeenari buruzko gogoeta zehatzik. Iristen zaizkigun proposamen arriskutsuagoak eta bereziki balizko euskal antzerkiaren nortasuna islatu dezaketen proiektuak. Gure arteko produktu 'eginak' izaten dira sarri, apustu ziurrak (aurrez beste lekuetan arrakasta izan duten obrak), autore jada ezagunak, enpresa irizpideei erantzuten dioten proiektuak. Horrela ez denean, ideia pixkat berritzaileak eskeintzen zaizkigunean, bidea zaila izaten dute aurretik. (...)
Euskal Herrian kultura mailan mugimendu asko dago, baina zoritxarrez, antzerki taldeak sortu, bizi, eta desagertu edo itxuraldatu egiten dira segituan. Agian euskal antzerkiaren nortasunari dagokionez, eztabaida piztuko balitz, (...) motibazio bat gehiago izan liteke sormen lana bideratzeko orduan (...)".
Sopelako AEK-ko Nikola euskaltegiak Esaera Zaharren Txapelketa antolatu du zortzigarren aldiz apirilaren 7rako. Taldeei esaera zaharrei buruz galdetuko diete eta Algortako Bertso Eskolakoek eta E. Arozena Eta J.M. Irazuk jarritako bertsoen bitartez asmatu beharko dituzte. Irudimentsua, dudarik gabe.