KORRIKA 12

KORRIKARENAK

Korrika guztietan izaten da omenduren bat edo omenduren batzuk. Aurten bertsolaritza aukeratu dute, Korrika ongi irudikatzen baitu; molde berrietara egokitu da, sustraiei uko egin gabe. Protagonistetako batek, Hernaniko Iraulio Panttalone bertso eskolako Iker Osak, sei bertso eskaini dizkio Korrikari.

Iker Osa


2001-04-01

KORRIKA degu abian eta

kontentu gaude benetan

Bi urtean behin izaten baita

gainera fetxa hauetan.

Udaberrian normalena da

irrifarra zuhaitzetan

KORRIKArekin bat jarriko da

euskara ere loretan.

Martxoan zehar ere KORRIKA

kulturalean barrena:

gure Pernando, gure Txirrita,

Xenpelar, Arozamena.

Nahiz koadrila hau korrikarako

ez zen izango onena;

bertsolaritzak jaso berri du

merezi zuen omena.

Berriz KORRIKA badatorrela

oroitzen gera goizero

denok hartu nahi baitegu parte

denak baikaude hain bero.

Diego Gartzian markak hausterik

nahiz ta ez dugun espero

berriro forman jarri beharra!

ia bi urte ta gero.

Nafarroan galdu omen gintezke:

hango seinale ta arau

ardo gorriak gida gaitzala

helmugara arte ri-rau!

Ibil gaitezen han eta hemen

egunik egun, gaurik gau

batzuk mantsotzen saiatu arren

euskarak korrika dirau.

"No sé euskera" dioteneri

jarri gintezke begira

eurentzat ere izan liteke

mezu emaile, sikira.

Euskararikan jakin ezean

ezin heldu urrutira:

etxetik irten korrika eta

handikan euskaltegira!

Abiadura gauza ederra

ez da izandu sekula

orduko zenbat hartuko dugun

ezin nezake kalkula

nahiz ta KORRIKA ez joan korrika

ta izan martxa ahula:

Euskal Herriko txoko guztiak

bixitatu ditzagula.


Argia.com 2012