Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2001-04-01 -- 1802.zenb


IKASLEAK GEHITZEKO KANPAINA

Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, euskararen egoera latza ikusita, kanpaina bat abiatu du, ikasleak emendatzeko asmoz. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, 6-24 urtekoen artean %11k bakarrik egiten dute euskaraz, hori dela eta, kanpaina bat egiteko beharra somatu zuten Seaskakoek. Hala, martxoaren 31n ikastolek ateak irekiko dituzte eredu pedagogikoa eta eskoletako giroa erakusteko.


AES-REN BERRANTOLAMENDUA

Abokatu Euskaldunen Sindikatuak (AES) hiru hilabeteko prozesu bat abiatu du sindikatua barnetik sendotzeko. Bi lantalde osatuko dituzte hurbiltasun geografikoa irizpidetzat hartuta. Talde bat Arabako eta Bizkaiko kideek osatuko dute, eta bestea Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko kideek. Sendotze honek euren ekarpen juridikoak gehituko dituela diote kideek. Besteak beste, Nafarroako Euskararen Dekretuari erantzun juridikoa eman nahi diote.


JAGONET KONTSULTARAKO ZERBITZU BERRIA

Euskaltzaindiak Jagonet zerbitzua paratu du bere webgunean. Herritarren hizkuntza mailan dituzten zalantzak argitzea du helburu baina profesionalei (itzultzaile, irakasle, kazetari...) dago zuzendua bereziki. On-line zerbitzuan galdera ohikoenen erantzunen datu base bat egongo da eta, erabiltzaileak nahi duena hor aurkitzen ez badu, posta elektronikoz jo ahal izango du akademiara.


EUSKARAZ BILA DAITEKE ALTAVISTAN

Altavista Interneteko bilatzaileak euskaraz ere eskainiko ditu bere zerbitzuak hemendik aurrera. Gaztelaniaz informazio gehien eskaintzen duen bilatzailea izaki- 10 milioi webgune-, Altavistak euskaraz, katalanez eta galegoz ere emango du informazio hori aurrerantzean, euskarazkoa es-eu.altavista.com helbidean.


LIBURU FILOSOFIKOAK

JAKIN irakurgaiak Europako filosofo garrantzitsuei buruzko hiru liburu argitaratu ditu. Horietako bi itzulpenak dira. Andres Urrutiak, Deustuko Unibertsitateko zuzenbide irakasle eta euskaltzainak Jean Etienne Marie Portalisen "Frantziako Kode Zibilaren lehen proiektua: Atariko hitzaldia" liburua itzuli du. Ignazio Aiestaran Euskal Herriko Unibertsitateko filosofia irakasleak berriz, Ludwig Wittgensteinen "Etika, zientzia eta antropologia" lana itzuli du. Eta azkenik, Juan Bautista Bengoetxea filosofo eta kimikariak "Filosofia eta Zientzia. Vienako Zirkulua" liburua plazaratu du. Bertan, zientziaren filosofia proposatu zuten XX. mende hasierako hainbat filosofok sortutako mugimendua jorratu du.


JANTZIEN ARTEA

LAUREHUN jantzi dira dagoeneko Guggenheim Bilbao Museoko hirugarren solairuko artelanak. Joan den larunbatetik iraila arte bertan izango baitira Giorgio Armanik azken 25 urtetan diseinatutako janzkietako batzuk. Bob Wilsonek egin du erakusketaren eszenaratzea, eta Michael Galasso izango da musikaren arduraduna.


URRATSA ARTE GARAIKIDERANTZ

BEAUMONT Fundazioak bere arte garaikideko bilduma eskainiko dio Nafarroako Arte Garaikideko Zentroari; Nafarroako Gobernuak hau eraikitzeko baliabide ekonomikoak eskainiko ditu eta baita bere arte garaikideko bilduma ere; eta Iruñeko Udalak, Iruñeko Ziudadela eta bertako bilduma eskainiko ditu zentroa bertan eraiki dadin. Hori da joan den martxoaren 16an hiru aldeek sinatu zuten hitzarmenaren ondorioz adostutakoa. Hurrengo urratsa Nafarroako Arte Garaikideko Zentroko Fundazioa osatzea izango da.


ISTORIO IKARAGARRIAK

BORJA Crespo, Koldo Serra, Gorka Vßzquez eta Nacho Vigalondo dira datorren udan estreinatuko den "Historias horripilantes" izeneko filmaren lau euskal zuzendariak. Munstroak, beldurra, estralurtarrak eta abar izango dira film luze hau osatuko duten atal ezberdinen protagonistak. Alaska kantaria izango da aktore nagusia, eta horrez gain, Siniestro Total musika taldeko Julian Hernandez eta Ion Gabella, MarivØ Bilbao eta Loli Astorekak lan egingo dute bertan. Filmarekin batera, komikia, diskoa, telebistako telesaila eta web orrialde bat sortuko dituzte.


ELIZ MUSIKA BILBON

ELIZ musikaren bigarren zikloari ekin berri diote Bilbon. Apirilaren 11 bitartean 15 kontzertu eskainiko dituzte Arriaga antzokian, Euskalduna Jauregian eta Bilboko lau elizetan. Euskalduna eta Arriagakoak ezik, beste emanaldi guztiak doan izango dira.

Javier Gonzalez de Durana Artium museoko zuzendariaren aburuz, "Euskal artistei egin diezaiekegun mesederik handiena atzerriko eta Espainiako artistak bezala tratatzea da". "Euskaldunon Egunkaria"k eginiko elkarrizketan eginiko adierazpena da hori.

Andres Nagel artistak honako zioen "El Pais"en: "Gauza bat logikoegia denean, logikoegia ez izatea komeni da. Koadro batek ez du zergatik argazki bat izan behar".

Anjel Lertxundi "El Correo"n idatzitakoaren arabera, "Zein irakurle-joerak dituzte belaunaldi berriek, nola erantzuten dute gaztelaniazko testu baten eta euskarazko baten aurrean? Nik dakidala, ez dakigu ezertxo ere irakurleez (...), ez gaitu batere kezkatzen euskararentzat hain garrantzitsua den kontu honek".

Ixiar Rozasek zera esan zuen "Aizu!"n: "ETBk akats handi bat dauka: askoz baliabide eta diru gehiago duten telebista kateak bezalakoa izan nahi du, eta hori ezinezkoa da".

Koldo Izagirrek "Beterriko Liburua" aldizkarian zioenez: "Marjinatua izan arren, gure literaturak eman dituen pauso historiko garrantzitsuenak poesiak bideratuta eman ditu".

Joan den astekoari jarraiki, nekazaritzan aritzen diren enpresei helduko diegu. Neiker ikerketa enpresaren webgunea aurkitu dugu eta orrialdea euskaraz ikusteko aukera ematen duen arren, sakatu egin dugu eta ez da aldatu. Ingeles eta gaztelaniazko bertsioak paratzea ez zaie ahaztu, ordea.

Laura Mintegik "Sisifo maite minez" izeneko bere azken eleberria aurkeztu zuen joan den astean. Bertan maitemintzeko prozesuaz mintzatzen da idazlea.
Petti Berako kantariak "Arrazoiak" disko berria aurkeztu berri du Bilbon Gaztelupeko Hotsaken eskutik.
Arnaud Artigau, Allande Elixagarai bezala ezaguna zen zuberoako istorio kontalaria zendu zen joan den astean.
Metak, Esan Ozenkiren ordez sortutako diskoetxe berriak lau lan plazaratuko ditu maiatzean: Basque Electronic diasporaren bigarren alea, Sagarroi eta Lif-en diskoak eta Etsaiak-en bideoa.
Tanttaka taldearen "Novecento. Ozeanoko pianista" lanak irabazi du Donostiako I. Antzerki Saria. Ondorioz, datorren urtean euskarazko ikuskizun berri bat estreinatzeko konpromisoa du.

PRINTZA

Txuma Murugarrenek "Euskaldunon Egunkaria"n idatzitako artikulutik jasotakoa da honakoa:
"Askotan izan dut eztabaida bera: euskal kultura Euskal Herrian egiten dena edo euskaraz egiten dena ote den. (...) Ikus dezagun, hasteko, zertan oinarritzen diren zorioneko bigarren iritzi horren aldekoak direnak. Bada, euskal gizartean badela euskaraz jakitea baino garrantzitsuago denik, Euskadi maitatzea eta horren alde borrokatzea, alegia. Euskal nortasuna, gainera, ez bide da euskaratik eratortzen. Hortik ere bai, baina ez halabeharrez. (...) Hemen egiten den kultura zehaztea erraza da, baina euskal kulturaren ezaugarritzat hartzen diren aberriarekiko maitasun eta borroka hori (horrelakorik sinestea zilegi balitz) nola neurtzen dituzte? Baten batek esango du (...) Barricada eta La Polla euskal kulturan sar daitezkeela, baina La Oreja de Van Gogh ez (...). Zertan oinarritzen dira haien euskalduntasun-maila neurtzeko? Mezu alternatibo eta ezkertiarra ematen dutela esango du norbaitek. Baina Reincidentes taldeak ere hala egiten du, eta estatuko taldetzat hartzen dute denek. Bestetzuek, haratago joaki, besterik ere esango dute, hara: gaurko Euskal Herrian eragingarriagoa dela erdaraz emaniko mezua, jende gehiagorengana iristen delako (...) Non geratzen da hizkuntzak berak, bere sintaxi bitxiak, mundua ikusteko duen modu berezkoak unibertsala den ore horri ematen dion erantsitako esanahi hori? (...)".

Bai Euskarari akordioa herritartzen ari da pixkanaka. Tolosaldeak, Sakanak, Eibarrek, Azpeitiak, Soraluzek, Ondarroak, Mutrikuk, Hernanik, Sarak eta Donostiako Altza auzoak oso aurreratuak dituzte lanak eta laster abia daitezke plan estrategikoak. Denen egoera ezberdina den arren, aurrera doaz.

hemeroteka

1801. zenbakia | 2001-03-25
1800. zenbakia | 2001-03-18

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan