2001-04-01 -- 1802.zenb
Arabar Errioxa ondo mugatutako hegoko eskualdea da, iparraldean Toloño-Kantauri mendikatearen harresi naturala eta hegoaldean "beste" Errioxarekin muga markatzen duen Ebro ibaiaren artean kokatua. Antzinatik populatua, hemen Euskal Herriko trikuharririk interesgarrienetako batzuk aurkituko ditugu, ("Chabola de la Hechicera" izenekoa kasu), edota historiaurreko herrixka oso baten hondarrak (La Hoya aztarnategian). Bertako klima leunak eta orografia lau samarrak, erromatarrak bizitzeko konbentzitu zituen. Horren ondorio dira esaterako, Mantibleko zubi ikusgarriak, beste aztarna askorekin batera. Baina batez ere, monumentu gehien Erdi Arokoak ikusiko ditugu, garai horretan zonaldea Gaztela eta Nafarroa borrokatzeko aitzakia baitzen: Biasteri, Bastida, Buradon-Gatzaga, Urizaharra... denak gotorleku garrantzitsuak ziren. Izan ere, zalantzarik gabeko kokapen estrategikoaz gain, ziur gaude bertan sortzen den primerako ardoaren ekoizpena kontrolatzea ere, orduko jauntxo eta erregeen gogoan zegoela. Kontuan izan behar da Arabar Errioxak betetzen dituen 316 km2-etatik 80 km2 inguru bertako mahasti ospetsuez estalirik daudela, urtero 30 milioi litro ardo bikain sortuz. Berau dastatzea nahi baduzue, herri gehienetan upeltegi edo bodegak aurkituko dituzue.
guztia irakurri© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa