INTERNET MUSIKAREN ETORKIZUNA DA
Mikel Errazkin
Nahiko ezagutzen dudan gai batetaz hitz egiteko aukera hau ematen didatenez, alde batetik arreta deitzen didaten xede batzuk azpimarratu nahiko nituzke eta bestetik hausnartzeko beste batzuk ere. Baliteke idatzitako hau zentzu gutxikoa iruditzea edota hala-moduz egindakoa, baina gauza asko ditut esateko eta tarte gutxi. Ez nuke arreta jarriko abesti bat egitearen ekintzan soilik, baizik eta ondoren datozen lanetan, hau da, abesti horren moldaketak.
Kanta bat aise egiten da, orain, abestia polita izatea... hori zailagoa da. Hala ere kanta bat, polita ala itsusia, alda daiteke moldaketaren arabera. Prozesu honetan, pixkana-pixkanaka pianoa, baxua, gitarra... sartzen da eta azkenean iristen da unea non "dagoeneko, osatu dut!" esaten den... Abesti horrek besterik behar ez duela badakizu. Agian grabaketa garaian edo kontzertuan xehetasun txiki bat jarriko diozu, baina dagoeneko entzun behar den bezala entzuten da. Egon behar duten instrumentu guztiak han daude, bestela ez zen abesti hori izango.
Nik beti, musikari hitzari baino garrantzi handiagoa eman diot, hala ere hitza ez da ahaztu behar. Mezua hitzak duela ulertzen dut, baina hau baztertu gabe,musikak lan sakonena eskatzen du niretzat. Idazleentzat, bertsolarientzat,kantautoreeentzat... hitza nagusiki hartzea ulertzen dut baina, nire ustez,mezu bat komunikatzen duten hitzak bihotzeraino irits daitezkeenak dira. Baina horri ahotsa, pianoa, gitarra, bateria... melodia gehitzen badiozu bihotz sakonean sartuko zaizu.
90.eko hamarkadan arlo berri bat sortu da, merkatu berri bat: Internet. Ez dut uste Internet txarra dela esango duen musikariren bat egongo denik. Gai honetan, hau da Interneteko gaian nahiko galduta gabiltzala eta jaio berriak garela esango nuke nik.
Gai hau itxaropenez ikusten dut, musika trantsizio garai batean dagoela iruditzen zaidalako. Internet etorkizuna da. Laster musika birtualki erosiko da. MP3 modan egongo dena izango da, are gehiago MP3 formatuak patentea du eta laster honengatik tasa bat kobratuko dutela diote. AIFF formatuak berriz patenterik ez du, eta ez du izango, beraz, seguraski bi formatu hauen artean lehia sortuko da.
"Pirateria" beti izango da; izan ere, denak piratak gara. Jende askok Napster ezagutzen du, askok ere kasetetan edo CDtan musika grabatzen dute eta beste hainbatek liburuak fotokopiatzen ditu... beraz, denak piratak gara. Guri atsegin zaigun talde edo abeslariaren azkeneko kanta Interneten lortzea erraza da. Internet kontrolatzea zaila da, hala eta guztiz ere etorkizuna dela iruditzen zait. Badira artista ugari, musika elektronikoan batik bat, merkataritza birtualaren bidez diru asko irabazi dutenak. Abestiak MP3 formatuan, web orrialde baten barruan sartzea nahikoa izango zen; edo sare barruan ezagunak diren "supermerkatu birtualetan". Gero, bai, sarearen bidez promozio on bat bete behar da, e-mailak, foruak edo publizitate bannerrak erabiliz. Metodo hau ez da hutsik gabekoa ezta automatikoa ere, baina zalantzarik ez, merkeena eta erosoena dela esan daiteke. Etxetik mugitu gabe egin dezakezun promozio bat da. Arlo elektroniko honetan, eta gero eta musika gutxiago programatzen dela kontuan harturik, musika bolada txar bat pasatzen ari dela esango nuke, batzuk desagertzear dagoela diote. Gizarte eta teknologi aurrerapenei esker, laster dena egiterik izango dugu, Txinan edo Japonian bezala lanera joateko soilik aterako gara.
Hala eta guztiz ere, nire ustez musika sortzen, kontzertuak antolatzen eta estudioetan grabaketak egiten jarraituko da. Musika dendek planteamendu berri bat asmatu beharko dute, disko salmenten jaitsiera sumatzen ari da eta. DVD musika ez aipatzeagatik, estereo izan ordez surround, baina hau beste gai bat izango zen.
Poliki-poliki bai musikoak baita konsumatzaileak ere aldaketaz ohartu behar dugu eta musika erosi edo sortzeko era moldatu. Euskadin dagoen musika merkatua gaztea da, baina berri samarra izan arren berrikuntza behar du. Musika estilo ezberdinak egotea ondo dago baina mugak ixtea XXI. mendean...
80ko urtekada duela asko pasa zen eta oraindik garai hartako musika da gehien kontsumitzen dena; eta badira beste musika interesgarri batzuk, berritzeko asmoarekin sortzen direnak eta oharkabekoak pasatzen direnak.
Denak puntu berean gaude, musikarekin gozatu eta zergatik ez, merkatua berritu.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.