orain dela 30 urte
Euskal Herriko arrantzaleen artean liskarra eta zatiketa eragin zuen antxoaren arrantzak. Egoera horri irtenbidea bilatzeko deia luzatu zuen orduko aleak.
Denok ditugu geure boladak. Batzuetan, bost axola zaigu zer nolako eguraldia egiten duen: ona, txarra ala nahasia, pozik gabiltza geure horretan, elkar ulertzeari berebiziko garrantzia emanaz. Besteetan, berriz... hobe kontu eta arreta handienarekin badabiltza gurekin! Zer egingo diogu, zerua ere boladaz urdin eta bestetan beltz jartzen da, ezta? Bada, ZERUKO ARGIA ezin izan gutxiago, bere editorialei zegokionez, batez ere. Eta 1971ko martxoaren erdialde hartan oso haserre zebilen, hara! Egoerarekiko onespen gehiegi somatzen zuen inguruan, eta ezin jasanezkoa zeritzon jokaera horri.
ETORKIZUNAREN HARIAN
"Ondo dakigu gure arazoak berri-berriak dirala. Egungo gizarteak bizi dituen bide-gurutzeak sekula ez bezalakoak direla. Lehenagoko erantzunetan ez dugu federik. Zerbait berriaren billa asi behar dugula. Eta berriaren billaketan, denok izan nahi dugu aurrenak. Denok agertzen gera gazte moduan: jazkeraz eta bizi-tankeraz. Baiñan, bestalde, gurea oso egoera larria da. Ez baitigu ezer egin dezakegun esperantzarik. Ezer egin, alegia, mundu onen zimentuak aldatzeko. Ikusi bai ikusten dugu gauza konkretoak egin dezazkegula: baiñan mundua, kontrola ezin ditezkeen indarrak eragiten dutela uste dugu".
Eta noski, horrela, ezin oso urrutira joan: "Praktikoak izan nahi dugu. Nahiago dugu beteko ez dan idealik ez artu, eta gauzak datozen moduan jasan".
Hori guztia "dugu" baterakoia erabiliz esaten bazuten ere, haatik ez zezala inork pentsa bihotz hil horien uste berekoak zirenik! Hauxe zen, beraien ustez, "etorkizunaren arian" ez egotearen ondorioa: "Uste oietan kokatzeak, eta loari emateak, esnatze triste bat ekarriko digu. Gure aurrerabiderako, elburu baikor eta eraginkorrak behar beharrezko ditugu. Gure etorkizunaren jabeak geu izatera iritxi gaitezen, ahaleginetan leiatu beharko dugu. Beteko ez ote dan bildurrez, nahiago dugu ez erabaki etorkizunaren aria; baiñan ez erabaki nahia ere, erabakitzeko modu bat da".
ANTXOA ZELA-ETA
"Gipuzkoarrak alde batetik, bizkaitarrak bestaldetik eta lapurtarrak berriz beretik, euskal arrantzaleen artean, ba da oraintsu istillurik eta ezin ikusirik. Zer gertatzen da? Beti bezala, euskaldunen artean itsutasuna eta berekoikeria nagusi".
Adierazpen etsikor hori egin eta gero, egoera ilun haren zergatia azaltzen zuen: "Bordeleko biltzarrean lapurditarrek lehen berea zuten 3 millatako uraldea 6 millataraiño aunditzea lortu zuten. Beraz, bizkaitar ez gipuzkoarrek ezin uralde horren barnean arrantzarik egin. Inoiz gipuzkoar ontziren bat neurri horietan arrantzan arrapatu dutenean, lapurtzat jo dute eta zigor ederra eman ere bai. Euskaldun izena benetan itz utsa bihurtu zaigu. Baina nolabait esateko are eta gehiago arritzen gaituana, Santanderren gertatutakoa da. Gipuzkoarrak etziran biltzar horretara joan, alferrikakoa zela ikusirik; bizkaitarrak berriz, han ziran. Hauek, Kantauri Itsasoko beste probintziekin bat egin zuten... Arritzekoa, baina ala da".
Honaino, aldizkariak eskaintzen zituen datuak eta kexak. Handik aurrera, ordea, Z. ARGIAk argi eta garbi uzten zuen euskaldunak bere artean banatzen zituen auzi hartan sudurra gehiegi ez sartzeko zeukan borondatea: "Ez goaz orain antxoa arazoarekin zer gertatzen den aztertzera" abisatzen zuen zintzoki, jarraian berak ateratako ondorioa huts-hutsean agertzeko: "euskaldunak, berriz ere, bakoitza gure aldetik gabiltzala bakarrik adierazi nahi genduke. Arazo bat iritxi eta elkartzea eziña zaigula. Honela ezin gindezke iñora joan!". Tamalez, hala izaki...
Iragarkia, 1971-III-14
Lautatik hiru euskaldunek ez daki ez irakurtzen eta ez idazten euskeraz. Garbiago esanda: euskaldun gehienak analfabetoak gara. Euskeraz hitzegiten dakigunok euskeraz irakurtzen eta idazten ikasi behar dugu, euskaldun bagara behintzat, euskaldun izan nahi badugu behintzat. Euskal literatura zabal eta indar dadin. Inork tontotzat jo ez gaitzan. Irakurtzen eta idazten ikasi behar duzu. Guk lagunduko dizugu. Guk lagunduko dizugu. Ikasi nahi al duzu? Guk lagunduko dizugu. Etorri zaitez gure kurtsilloetara.
P.D: Nola konpondu ote ziren ikasleak joateko, izango litzake galdera, zuzenbide arrastorik ez baitzuten ematen.
Astez aste, 1971-III-14
Zumarragatik Mekolalde bidean ibiltzen zan trenak egin du bere azken ibilaldia. Zer dala-ta? Bere burua ordaintzeko gauza etzalako hartu omen da erabaki hori, erabakia hartu dutenek diotenez. Gaurregun arrazoi hori oso ezaguna da eta askotxo erabiltzen da. Arrazoi hori dela-ta, beste zenbait tren ere geldituko zaigu. Zergatik ez dira tren-bide eta tren hobeak egiten? Ez ote luteke orduan, behar beste etekin aterako? Europistak bakarrik ote dute etekinik? Zer gertatzen da?
Basa-Jaun, 1971-III-14
Azken aldiotan ainbat adiskide daukaguz, danak gogoratute ezpagara be, gaixorik batzuk osetebakuntza egiña gaitik eta beste batzuk berezko gaixoren bategatik, batonbat, zorionez, estukure ortatik urtenda be aurkitzen dala; onetariko bat Elorriagatar Loren euskaltzale jatorra, ta beraz ZERUKO ARGIAren irakurlea. Elorriaga adiskide zintzoa, Bilboko osatetze baten osatebakuntza eginda aurkitzen zan, baiña, zorionez ederto baten sendatuta errian ziar ezer jazo ezpalitzaken bezela dabil. Benetan poztutzen gara Loren, zeu barriz orretara ondo ikusitiaz. Bai-ta pizkat txarrago aurkitzen da osatebakuntza gogor bat egin ondoren, nai-ta beren etxean aurkitzen dan, Zorriketatar Bittor adiskide ta aberkide kementsua. Adiskide on au, baiña, beti izanda adoretsua ta, oraingoan-be gaixo zital ori jaurtiñaz barriz sendotuko dalakoan gara ta orretara izan daiten gura genduke. Aurrera Bittor! Oraingoan-be zulako euskaltzaleen bearrian gara-ta. Bai-ta Bilboko osatetxe nagusian, Hospitalean, guztiz txarto aurkitzen da, lerro auek idatziten duguzanian, Bilbaotar Mikel "Miguel Aberatsa", itxaropen andi barik. Ez aal-dau urtengo oraingoan euskaltzale zintzo kementsu onek? Benetan poztuko gintzakez bizkortuko ba-litz, orrelako gizon zintzoaren bearrean aurkitzen dalako gure Euskalerria. Jainkoaren naia izango aal-da.
![]() |
|
||||
1801 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa