EUSKADI GAZTEA MAKETA LEHIAKETALau talde
EUSKADI GAZTEA
8 kanta
EL COLUMPIO ASESINO, HIRA, ANGER ETA OFFSET
Hona hemen Euskadi Gaztea irratiak azkenengoz antolatutako izen bereko Maketa Lehiaketan era batera edo bestera irabazle suertatu ziren taldeen lanak entzuteko aukera. Dagoeneko jakingo duzuenez, El Columpio Asesino taldea izan zen Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketaren hamargarren edizioko irabazlea. Halere, lehiaketa horretan beti egin ohi den moduan, irratiko entzuleei ere eman zitzaien gustukoen zituztenak hautatzeko aukera eta Hira, Anger eta Offset taldeak izan ziren aukeratutakoak. CD honetan guztien lanak eskaintzen dira, hau da, El Columpio Asesino taldearen "Azul" eta "Amarillo", Hiraren "Nortasuna" eta "Begiak Itxita", Angerren "Zure barruan" eta "Zuhaitz lehorra ereiten" eta Offseten "Odol gaua" eta "Bi aldiz".
LIBURUAK
EL HUESPED DE LA NOCHE Anjel Lertxundi
ALBERDANIA
133 orrialde
2.200 pezeta
88 libera
"PIZTIAREN IZENA"REN GAZTELERAZKO EGOKITZAPENA
Alberdania argitaletxearen eskutik kaleratu berri du Anjel Lertxundik "El huesped de la noche", duela urte batzuk argitaratu zuen "Piztiaren izena" idazlanaren gaztelerazko egokitzapena. Halere, bada aldaerarik batetik bestera. Narrazioaren protagonista nagusia den bentaria, kasu, Milia izenez bataiatua izan da gaztelerazko bertsioan, eta gainera, jatorrizko lanean baino kontzienteago denez, haserretuago agertzen da "El huesped de la noche"n. Nolanahi ere, garai ilunetan bizitzea egokitzen zaie Anjel Lertxundiren nobela honen pertsonaiei, hau da, agintean daudenen gustukoak ez badira edozein huskeriagatik su emanda erre eta kiskaltzera zigortuak izan daitezkeen garaietan. Bizirik iraun nahi izanez gero ankerkeriari nola edo hala aurre egin behar zaionez, bistan da, bakoitzak ahal duena egingo du heriotza krudel horri ihes egiteko. Adi ibili beharra izango dute, ordea, zenbait herritar koldar agintari gupidagabeen salatari bilakatu direlako. Sinesmenak eta sineskeriak bat egiten dute egoeraren kontzientzia handiena duen jendearen aurka, eta hain zuzen fede kontu horietaz baliatu beharko dira hauexek, sinesmenean irautea agintzen duen gizarte antolakuntza hori nolabait irauli ahal izateko.
BERLIN ALEXANDERPLATZAlfred D÷blin
IBAIZABAL
506 orrialde
3.225 pezeta
169 libera
DÖBLINEN IDAZLAN NAGUSIA EUSKARATURIK
Anton Garitanok euskaratu du "Berlin Alexanderplatz", Alfred D÷blin idazle alemaniarrak 1929an plazaratu zuen nobela ospetsua. Iragan mendean Europa odolustu zuten bi mundu gerren artean girotua dago eleberria, eta garai hartan Alemaniako hiriburua zen Berlinen kokatua, hain zuzen. Franz Biberkopf behartsuaren istorioa kontatzen zaigu, bereziki, bertan. Igeltsero eta garraio langile izan zen Franz, bere ibilera zoroak espetxera eraman aurretik. Ezagutzen dugun unean, kartzelatik irten berria da, eta handik aurrera zintzo jokatzeko asmo sendoa du, benetan. Baina Infernua ere asmo onez beterik omen dago eta, D÷blinek maisuki bezain gordin eta errukirik gabe erakusten digun auzunean hondamendira doan zibilizazio horretan, ez zaio erraza gertatuko Franzi bere zina betetzea.
RISKI ETA BERE LAGUNAKJoxemari Iturralde
ELKARLANEAN
109 orrialde
1.130 pezeta
45 libera
HAMAR URTETIK AURRERAKOENTZAKO ABENTURAK
Hauxe da Joxemari Iturraldek gaztetxoei zuzendurik argitaratu duen azken idazlana: "Riski eta bere lagunak". Hamar bat urteko mutikoa dugu Riski. Lagun asko ditu eta bai ikastolan, bai handik kanpo, oso ondo pasatzen dute elkarrekin jolasten eta bihurrikeriak asmatzen... eta egiten. Batzuetan muturtu muturtzen dira ere, baina haserrealdiak ez die gehiegi irauten. Riskiren koadrila mutilez osatua da, ez neskak atsegin ez zaizkielako, haiekin ibiltzea kosta egiten zaielako baizik. Riskiri, adibidez, izugarri gustatzen zaio Anuxka deitzen den neskatoa, baina honek ez dio kasu zipitzik egiten eta gure mutikoak ahalik eta egokien egoerari eustea beste erremediorik ez du. Liburu honetan, Riski eta bere lagunei azken aldian gertatu zaizkien abenturen eta koadrilan edo bakarka egin dituzten aldrebeskerien berri izango duzue.
BAT SOZIOLINGUISTIKA ALDIZKARIABatzuen artean
ESI
95 orrialde
1.000 pezeta
40 libera
BAT SOZIOLINGUISTIKA ALDIZKARIAREN 36. ALEA
Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen erakundeak plazaratzen duen aldizkari honen 36. zenbakian, besteak beste, honako lan hauek aurki ditzakezue: Xabier Isasiren "Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta normalkuntza", David Anaut-en "Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzeko dekretua", Olatz Altunaren "Euskal Herri mailako erabileraren laugarren kale neurketa abian", Pablo Suberbiolaren "Itzultzaile baten ametsa... egunero", Jordi Baņeres-en "Hizkuntza politikako legearen eragina araua oraindik hedatu gabeko eremuetan", Iņigo Urrutia Libaronaren "Kronika: Hizkuntz Zuzenbideari buruzko Nazioarteko Kongresua" eta "Enpresetako normalkuntza plangintzak gaur egun" gaia hizpide zutela, Elhuyar, EMUN, Artez eta LKS-ko ordezkarien artean eginiko mahaingurua.