Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-03-25 -- 1801.zenb


OINARRIAK AURRERA BEGIRA

Oinarriak plataformak plan estrategikoa onartu du eta, era berean taldea handitzeko asmoa du. Plan estrategikoan epe luzerako ildo baten beharra nabarmentzen da eta, halaber, plataformako kideak gehiago inplikatzea eta kide berriak bereganatzea. Etorkizunari begira, UPNren Gobernuaren erasoen aurrean euskara argitara ateratzea du helburu. Horretarako, euskaldunek lehen hitza euskaraz egitea proposatzen du, besteak beste.


LAU BAZKIDE BERRI TOPAGUNEAN

Aurreko astean Topaguneak, euskara elkarteen federazioak, bilera egin zuen. Bertan, herrietako elkarteek euskara gizarteratzeko arlo guztietan aurrera egin dutela, adierazi zuen Topaguneko lehendakari Jose Mari Muxikak. Guztira 60 elkarte biltzen dira federazioan; izan ere, lau bazkide berri baititu larunbatetik: Eskoriatzako Axtroki, Iurretako Gurien Bai , Zaldibarko Eixu! eta Pasaiako Abaraska. Halaber, 33 herri aldizkari, bi irrati eta bi telebista daude erakundean.


KONTSEILUA EUROPAKO PARLAMENTUAN IZAN DA

Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia Estrasburgon izan zen joan den astean eta euskal herritarren hizkuntza eskubideen berri emateaz gain, euren urraketa geldiarazteko elkartasuna eskatu zuen Hizkuntz Gutxituen eta Erregionalen Taldean eginiko bileran. Bestalde, Europako Kontseiluan Eurokartaren sinaketaz arduratzen di- renekin bildu zen Mendiguren.


FILMAK EUSKARAZ ESTREINATZEKO LAGUNTZA

Orain arte zazpi pelikula estreinatu dira euskaraz iaz "Zinema Euskaraz" plana garatzeko Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzari esker. Ekaina bitarte beste lau film estreinatuko dira. Orain beste 75.000 milioi pezetako laguntza emango du, komertzializatu eta bideo eta DVD euskarrietan kaleratu ditzaten.


BERTSO LEHIARAKO PREST

HASIAK dira dagoeneko Bertsolari Txapelketa Nagusirako Gipuzkoako kanporaketak eta baita Nafarroako Bertsolari Txapelketa ere. Lehenengoan, guztira, 66 bertsolarik hartuko dute parte hil honetan hasi eta maiatzaren 27a bitarte egingo diren 18 ekitaldietan. Udazkenean egingo den Txapelketa Nagusian 14 bertsolari gipuzkoar izango dira, horietatik sei, sailkapenean jardun gabe dute parte hartzeko eskubidea, inoiz Gipuzkoako txapelketako finalean edota Txapelketa Nagusiko aurrefinalean kantatu dutelako. Nafarroako Txapelketan, berriz, 22 bertsolarik parte hartzen dute, horietatik gehienak 18 eta 25 urte bitartekoak. Mariano Izeta baztandarraren omenez egingo dira Txapelketa honetako saio guztiak.


ANIMALIEI BURUZKO ARTEA

BIGARREN aldiz prestatu du "Organbidexka Col Libre" erakundeak Euskal Herriko Animali Artisten Erakusketa. Ekainaren 1ean hasi eta hil horren 4a arte margolariek, eskultoreek, argazkilariek, marrazkilariek eta hainbat arte tailerrek hegazti migratzaileak ardatz hartuta euren lanak paratuko dituzte Chambre d'Amour-en, Angelun. Ilustratzaileek eginiko komikiak, eskulturgileek landutako egurrezko artelanak, margolariek akuarelaz margotutako paisaiak... Horien guztien bidez, hainbat lekutako fauna eta landaretza ezagutzeko aukera eskainiko du erakusketak.


EMAKUMEA ARKITEKTURAN

HOGEITA HAMAR bat emakume arkitektuen lanak daude San Telmo Museoan, Donostian, paratu duten erakusketan. "Barnetik eraikitzen" izenburupean, emakumeek arkitekturari eginiko ekarpenak jaso dituzte. Erakusketak etxeari, lanari, elkarbizitzari eta oroimenari, hau da, eskulturen zaharberritzeari, eskaintzen dizkio, besteak beste, bere atalak eta ataletan erakusgai dauden lanak. Erakusketan, Gloria Ariztegi Huarte, Maite Apeztegia Elso eta Ana Arriazu Aranza, eta Cristina Perez Iriondo arkitektu euskaldunek hartzen dute parte.


MARRAZKIAREN HARITIK

APIRILAREN 6a arte izango da zabalik Izurako Haize Berri kultur etxeak antolatzen duen Hamabigarren Marrazkirri erakusketa. Urtero legez, batetik, marrazki umoristikoei dagokien atala dago, non "Demokrazia edo bleufo-ratcho krazia" gaiaren inguruan hamabost artista amateur eta ezagunen hogeita bost obra erakutsiko diren. Eta bestetik, Josephe Dubordieu Donapaleuko margolariaren omenaldia. Horretarako, hain zuzen, honen obrak Marrazkirrik irauten duen denboran ikusgai izango dira Haize Berrin.


LITERATURAREN GORDAILUA

LITERATUR Aldizkarien Gordailua aurkeztuko du Susak hil honen 24an. "Ibiñagabeitia Proiektua" izenpean 1975etik 2000 arte sortu eta desagertu diren euskal literatur aldizkarietako testuak jasoko ditu. "Korrok", "Xaguxarra" edota "Pott" bezalako aldizkarien edukiak ikusgai izango dira www.armiarma. com helbidean.

ò Arnaldo Otegi, EHko bozeramailea: "Konpromiso etikoez hitz egiten dutenek (Ibarretxe lehendakariari erreferentzia eginez) ez dute salatu joan den asten hamasei gazte atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak izan zirela".

ò Iñaki Zarraoa Getxoko alkatea (EAJ): "Abertzale bezala gauza askotan ikuspegi bera daukagu eta gauza askotan askoz hurbilago gaude EHtik PPtik eta PSOEtik baino. Une zailak izan arren, hau konpondu nahi badugu, ditugun loturei eutsi behar diegu".

ò Pablo Mosquera UAko buruzagia: "Feudalismo urte bi ondoren, PP-UA akordioak berpizkundea ekarriko du".

ò Juan Cruz Alli, CDNko lehendakaria: "Ondasun kultural gisa ikusi beharrean, UPNk kolonizazio politikoaren tresna gisa ikusten du euskara".

ò Iñaki Anasagasti jeltzalea: "Biolentzia gaitzetsi ezik, ez gara HBko talibanekin itzuliko".

òJoan Reventos, PSCko buruzagia: "Elkarrizketari mugak jartzea arazoaren ikuspegi okerretik abiatzea da".

Elika Fundazioa, Elikagaien Bermerako Euskal Iraskundea (zer ote da hori?), EAE ko kontsumitzaileari nekazal elikagaiak behar den moduan iritsiko zaizkiola bermatzekotan sortu da. Web orrialdea paratu du irabazi asmorik gabeko entitate honek, baina gaztelera hutsean dago. Beste behin ere baztertuta.

Koldo Izagirre idazten ari den nobelaren lehen kapitulua irakurgai da Susa argitaletxearen webgunean. Honek irakurleari bere iritzia helarazteko aukera eskaintzen dio. Nobela bukatuaren lehen bertsioa Internet bidez zabalduko da eta ondoren, behin betikoa liburu gisa.
Maider Lopez artista donostiarraren erakusketa zabaldu berri du DV Galeriak. Pintura eta eskultura nahasten dituen artistaren lanak apirilaren 21a arte izango dira ikusgai.
Menchu Gutierrezek "La mujer ensimismada" bere laugarren lana kaleratu berri du Siruela argitaletxearen eskutik.
Hira taldeak "nortasuna" izeneko diskoa argitaratu du berriki IZ diskoetxearen eskutik. Lanak hamar kantu biltzen ditu.

ZIRKUITURIK GABE

Javier Balda margolari iruindarrak elkarrizketa batean euskal artearen inguruan eginiko adierazpenak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n jasoak:
"(...) Lan interesgarriak egiten dira, eta artea askotarikoa da oso. Egun, zorionez, ez da euskal arteaz hitz egiten, euskal artistez baizik. Euskal artea garatuz joan da, helduz. Ez du ezaugarri bakar bat, nahikoa normalizatua dago, kontraesanekin, noski. (...)
Arte erakusketak ez du programarik. Instituzioek ez dute asmatzen. Dirua jartzen dute, baina ez da aprobetxatzen, erakusketek ez baitute jarraipenik. Ez dago zirkuiturik. Gipuzkoan, adibidez, Artelekuk egitarau bat dauka, Koldo Mitxelenak beste bat, eta ez daude gaizki, baina ez dago harremanik. Harremanik ere ez dago herrialdeen artean. Lore ikusgarriak sortzen dira- Guggenheim-, baina lan sakonik egin gabe. Salbuespenak badira, baina hemengo artearen jarraipenik egiten duen bildumarik ez dago. (...)
Atzerrian ez da erraza obrak erakustea. Renokoa salbuespena da, eta hango euskal komunitateei esker leku askotan egon da. Aurrerantzean gauza gehiago egiteko asmoa dute, baina bestela diru asko behar da, eta zaila da galtzeko prest egongo den norbait topatzea".

Bermeoko Itsuki irratiak Bermeoko euskararen 120 esaera eta esamolde zabaldu ditu iragarki bidez. Udal Euskara Zerbitzuak eta Itsuski irratiak antolatutako ekimena Joseba Mikel Ugaldek bertako euskaraz egin zuen lanean oinarritu da eta bertako esaerak berreskuratzea du helburu.

hemeroteka

1800. zenbakia | 2001-03-18
1799. zenbakia | 2001-03-11

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan