ERAKUSKETAK
"Arabako Euskal Hotsak" izeneko erakusketa dago ikusgai. Araban hizkuntza noiz eta nola erabili izan den ezagutzeko parada du bertara hurbiltzen denak.
Giovanni Battista Venturino Portugaleko Sebastian erregearen ezkontzara joateko Aita Santuaren legatua eta Alexandriako Patriarka Lisboara lagunduko zituen segizio ofizialeko kideetako bat zen. Ezkontzatik itzuleran, 1572ko urtarrilean, segizioa Gasteiztik pasa zen eta Venturinok horrela deskribatu zuen bertan topatu zuena: "Se advierte en ella (Vitoria) que las personas del pueblo hablan VizcaØno o Vascongado, como ellos lo llaman, lengua muy difØcil de aprender, si bien los nobles hablan castellano con toda claridad". Araban euskara mintzatzen zela baieztatzen duen adibide bat baino ez da honakoa. Egunotan eta martxoaren 25a bitarte Gasteizko Montehermoso Kulturunean ikusgai dagoen "Arabako Euskal Hotsak" erakusketan askoz froga gehiago topa ditzake bisitariak.
Estitxu Breņas eta Jabi Otsoa de Alda historiagileek paratutako eta Geu elkarteak antolatutako erakusketa honek hori baitu helburu: iraganean Araban euskara noiz, non eta nola hitz egin zen jakiteko informazioa eta lekukotzak biltzea. (Egun Araban euskara noiz, non eta nola erabiltzen den aztertzeak beste monografiko bat mereziko luke egileen esanetan, eta horregatik oraingoan ez dute garai honetan sakondu).
Zati ezberdinez osatua dago erakusketa zabala. Euskarazko idatzien egileen atalean 18 arabar aurkeztu dituzte, XVI. mendean euskarazko kristau dotrina zaharrena idatzi zuen Juan Perez de Betolaįatik hasi eta Odon de Apraiz (1896-1984) euskaltzale eta idazlearengana iritsi arte. Tartean, besteak beste, Federico Belaustegigoitia (1896-1984) laudiarra, Euskaltzaindiaren lehen estatutuak idatzi zituena, edo Abdon Gonzalez de Alaiza musituarra, "Txistu" 1927an "Argia"n argitara eman zen lehen euskarazko komikiaren egilea. Beste zazpi pertsonaia ere aipatzen dituzte beste atal batean, idatzirik utzi ez baina hitzez edo ekintzaz euskararen suspertzaile izan zirenak. Pertsonaien aretoan eskulturak ere badira, plastikoki aurkeztutako lekukotzak. Adibide gisara, eskuineko orriko argazkian ipini dugun eraztunaren dotrinaren irudia, eraztuna euskaraz aritzen zirenei zigor gisa jartzen zitzaieneko dotrinarena, alegia.
AGURAINGO ITZULTZAILEA.
Antzinaroko onomastika adibideak, euskarazkoak izan daitezkeenak, bildu dituzte beste gela batean eta liburutegietan bildutako dokumentu orijinalak ere badaude ikusgai. Gainera garai ezberdinetako egoera jasotzen duten mapak, euskararen atzeraegitearen arrazoiak biltzen dituen taula, datu bitxiak, XX. mendearen inguruko zenbait ohar... ere argigarri gertatzen dira. Azkenik Araban gazteleraz erabilitako euskal jatorrizko hitzen inguruko ikus-entzunezko bat bada. Eta beste bat erakusketa guztia laburtzen duena.
Amaitzeko erakusketaren babesleen artean Gasteizko Udala dagoela aipatu nahi genuke. Bertan jarduten duen bati baino gehiagori mesede egingo lioke Montehermosoko buelta egitea, Arabako hizkuntza zein den zalantzarik izan ez dezan.
![]() |
|
||||
1800 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa