BOZAK IPAR EUSKAL HERRIAN
Iparraldean buruturiko herri eta kantonamendu bozek ez dute aparteko ustekaberik ekarri. Angelu eta Hendaiako auzapezak eta hainbat kantonamenduetako kontseilarien hautaketa datorren igandean erabakiko den arren, bertako politikak lehengo lepotik du burua.
Ipar Euskal Herriko herri eta kantonamenduetako bozen lehen itzulia burutu ondoren, heldu den igandeko bigarren itzuliaren bozek argituko digute erabakitzeke geratu diren udalerri garrantzitsu batzuk. Iparraldeko bost Herriko Etxe nagusietako hiru auzapezak nortzuk diren erabakiak daude: Baiona, Miarritze eta Donibane Lohizunekoak. Herri hauetako auzapezen zeregin politikoa ezaguturik, bertako aginteak lehengo lepotik burua izaten segitzen duela baiezta daiteke.
JAUN-GORENAK GOIAN.
Miarritzen datu adierazgarriena abstentzio handia izan da. Didier Borotrak berriz ere auzapezaren makila eskuratu arren, miarriztarrek ez dute, antza, orotariko zerrenda ulertu auzapezak uste eta espero bezala. Oso da adierazgarria ere bai, RPRko Jean-Benoit Saint-Cricqek lorturiko bozen %21,63. 2.454 boz, alegia. Didier Borotrak 6.364 boz eskuratu ditu Max Brisson RPRko buru miarriztarra bere zerrendan parte izanda ere. Zernahi gisaz, UDFko senatoreak auzapez gisara bere azken agintaldia berritu ahal izan du, eta ez da gutxi.
Donibane Lohizunen esperantza handiak ziren RPRko presidentea den Michele Alliot-Marie auzapezgotik kentzeko. Abertzaleek osaturiko hautagaitzak -alderdi eta joera abertzale guztiak bildu dituena- ez ditu espero ziren emaitza lortu, ordea. Miarritzen izan diren emaitzak kontuan harturik, batek baino gehiago pentsatzen hasia du Alliot-Marie bertako alkatetza hartzeko bidean jarri dela. Bere aitak -urte askoan auzapeza izandakoa- Didier Borotraren aurka galdu zuen agintea eta MAMek (horrela ezagutua da politikan emakume hau) Miarritzeko auzapezgoa berreskuratzeko irrikan dihardu.
Angelun bigarren itzulia beharrezkoa izanen da auzapeza ezagutzeko. Jean Espilondo diputatu sozialistak ez du auzpez makila erdietsi, eta bigarren itzulian ez du aise lortuko. UDFko Robert Villenavek bost puntu baino ez zaizkio falta izan auzapez kargua lortzeko. Itxura guztien arabera, bigarren itzulian hirugarren gelditu den Jean-Claude Lamourekin akordio batera iritsiko dela dirudi. Diputatua izanagatik Jean Espilondok ustez zuen abantaila ezerezean gelditu da. Edo Frantziako ezkerraren ahuleziak hasiak dira sumatzen edo Espilondok hasia du ordaintzen bere diskurtso bortitza. Ipar Euskal Herriko frantses ezkerra ez da inondik ere indartua atera lehen itzuli honetan. Hendaia ezker frantsesaren plaza izan bada gaur arte (Raphael Lassallette izan da auzapeza orain arte) aldi honetan bigarren itzulia beharrezkoa izanen da herri honetan. Auzapeza ohiaren erretiroak nolabaiteko krisia sortarazi du Hendaian. Bokale herria komunistaren esku izatera pasa da, eta hori izan daiteke ezkertiarren garaipen eta kontsolamendu soila. Abertzalei berriz kontsolagarri egin dakieke Senpere, Hazparne, Urruña, Hiriburu eta hainbat herri txikietako auzapezak bigarren itzulian hautatzerakoan beren botoak erabakigarriak izatea. Beren sustengua erabakiorra izanik beren aldarrikapenak mahai gainean jarriko dituzte, naski.
BIGARREN ITZULIAREN BEHA.
![]() |
|
||||
1800 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa