HIZKUNTZ ESKUBIDEEN DEFENTSA
Ikasle Abertzaleak taldeak euskal ikasleen eskubide linguistiko eta kulturalak aldarrikatzeko intsumisio kanpaina antolatu du. Otsailaren 23an ekitaldi nazionala egingo du Iruñean, irakaskuntza ertaineko emaitzak baloratzeko eta Unibertsitate mailako kanpaina aurkezteko asmoz. Besteak beste, euskarazko ikasgaien falta eta "kurrikulum espainiarrak" salatuko dituzte.
EUSKARAZKO IRRATI PUBLIKOA IPARRALDEAN
France Bleu irrati publikoak urte amaiera aurretik euskarazko irrati bat sortzeko helburua duela adierazi du. Irrati honek egunean hiruzpalau orduz emitituko luke Zuberoa eta Nafarroa Beherean eta beste orduetan France Bleu Pays Basque-ren programak entzungo lirateke. Egun irrati honek orrdubetez emititzen du euskaraz. Uda aurretik irrati honek France 3 telebista katearekin inkesta bat egingo du, entzuleek zer nahi duten jakiteko.
IKASTOLEI BURUZKO HITZALDI SORTA
Beasaingo Andramendi ikastola dugu Kilometroak 2001 jaiaren antolatzailea. Aste honetan "Garena garela, etorkizunean gaudela" kultur astea burutzen ari da, ikastolen ibilbideaz hausnartu eta hezkuntza eredu berritzaile baten urratsak nola bideratu aztertzeko. Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx"-ek, Bernardo Atxagak eta Pedro Miguel Etxenikek emango dituzte hitzaldiak.
EUSKARA ELKARTE BERRIA AZPEITIAN
Baite du izena Azpeitian euskara normalizatzeko asmoz sortu den elkarte berriak. Azpeitiko euskalgintzako elkarte eta erakunde guztiak biltzen dira bertan, eta, besteak beste, euskarazko kultur espresioak sustatu eta euskararekiko dugun jarreraz hausnarketa kritikoa bultzatuko dute.
ORIOKO BERTSOAK
ORIOKO herriak eman duen bertso uzta jaso dute liburu batean Ibai Esoain, Xabier Sukia eta Iñaki Iturain bertsolari gazteek. "Orio, mende bat bertsotan" izenburupean, ehun eta berrogei ta hamar orrialdetan zehar Orioko bertsolaritzaren historia bildu dute. XVIII. mendeko bat-bateko bertsolaritzaren lehen urratsetatik hasi eta hemeretzigarren mendearen bukaeran eta honen hasieran sortutako bertso giro handitik igaroz, Orioko Bertso eskolaren historia ere aztertu ditu lan honek. Horretarako, hainbat argazki zaharrez hornitu dutelarik. Liburua Orioko Udalak argitaratu du Kutxaren laguntzarekin.
"DODECATHLOS" EUSKALDUNAN
BI urteko lanari esker, ekaina aldera izango da Euskalduna Jauregiaren kanpoko aldean Vicente Larrea getxotarraren "Dodecathlos" eskultura. Guztira, 80 tonatako pisua izango du burdinezko eskultura handiak. Eskultura langileen sinboloa da eta Herkules heroi erromatarraren omenez egina da. Egun "Dodecathlos" eskultura labeetan dago, non polietilenoa burdin bihurtuko den. Larreak Rekalde aretoan aurkeztu zuen bozetoa lehen aldiz, eta ondoren Bizkaiko Diputazioak bozeto hura egiteko eskatu zion.
DEBA GARAIKO ABESBATZA
LAUSARDI izena hartu du Gipuzkoako Deba Garaiko bailaran sortu den abesbatza berriak. Bergarako Orfeioak eta Arrasateko Goikobalu abesbatzak sortu dute proiektua eta euskal musika sinfoniko korala bultzatzea du helburu. Horretarako, egun 90 kide bildu dira Lausardi Koru Sinfonikoan, baina euren asmoa inguruko abesbatzak ere proiektuan parte hartzea da. Gainera, bi pertsona izango dira honen buru: David Azurza eta Iñaki Maidagan.
EKITALDI EZBERDINAK
SEASKAKO Integrazio Batzordeak antolatuta eta "Ezberdintasunaren errespetua: hitzek obrak behar" lemapean kanpaina berri bat jarri da martxan ahalmen urriko haurren integrazioa ikastoletan bultzatzeko asmoz. Iazkoak izan zuen arrakastari jarraiki aurten ere hainbat ekitaldi antolatu dute. Hilaren 17an egin zen mintzaldiaren ostean, martxoaren 31n Kepa Junkerak eta Mikel Urdangarinek kontzertu bat eskainiko dute kanpaina honen baitan Donibane Lohizunen.
ZALDIKO MALDIKOREN URTEMUGA
ORAIN 20 urte sortu zen Iruñeko Zaldiko Maldiko kultur elkartea, euskara sendotzeko xedez eta honen inguruan hainbat ekitaldi antolatzeko asmoz. Ordutik, urtero, ekitaldiak antolatzen dituzte. Aurten, urteurrena ospatzeko, beste hainbat emanaldi antolatu dute. Besteak beste, udaberrian elkartearen urte hauetako gorabeherak jasoko dituen aldizkaria argitaratuko dute.
GALÍNDEZI BURUZ DOKUMENTALA
"CHE" edo "Mafia en la Habana" dokumentalen arrakastaren ondoren, Igeldo Produkzioak "GalØndez" izenekoa prestatzen dihardu. Ana Diezek zuzentzen duen lana udan estreinatuko da eta 1956an bahitu eta ondoren erail zuten EAJko kide Jesús de GalØndezen bizia du oinarri.
Kepa Gallego aktoreak honela zioen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Telebistek egun lan ugari eskaintzen diote aktoreari, baina antzerki eskoletan-eta ez da ikus-entzunezkoen kontua irakasten; eta irakasten bada, oso gainetik. Hori gero nabari da casting-etan (...) Horregatik ikusten dira beti aktore bertsuak telebistan, aktore 'seguruen' bila joaten garelako".
Lucia Etxebarriaren ustez, "Euskarazko literaturarik onena poesia da. Eta ziur aski ahozko tradizioagatik izango da (bertsolariengatik), euskarak, deklinazioari eta genero desberdinei esker, aukera handiak ematen dituelako". "Euskonews & Media"k jaso du iritzi hori.
Mikel Olaziregik, egun Donostiako Zinemaldiko zuzendari denak, honakoa adierazi zuen "Gara"n: "Zinemaldi batek kultur funtzioa eta industriarekiko zerbitzua bete behar ditu batetik eta bestetik, ospea eta glamour-a ere izan behar ditu" .
Tomas Aragues musikariak "Euskaldunon Egunkaria"n esandakoaren arabera, "musika garaikidean askotan gertatzen da obra behin bakarrik jotzea; kosta egiten da bigarren aldiz eskaintzea. Askotan, gustura gelditzen gara behin interpretatzea behintzat lortzen delako".
Gasteizko Udaleko Lehendakaritza Batzordeak euskararen ordenantzako orain arteko lan taldea deusestatzea erabaki du. Hala, batzordeko alderdi politikoek, PP, PSE eta UAk, osatuko dute lan talde berria eta bertan zeuden talde euskaltzaleak eta Euskaltzaleon Elkarguneko taldeak kanpo geratuko dira.
Pablo Malo donostiarrak sari berri bat eskuratu du Cadizeko film laburren lehiaketan. Oraingoan gidoi hoberenaren saria eskuratu du "Jardines deshabitados" film laburraren zuzendariak.
Jesus Olaizola ikerlari gipuzkoarrak Arabako Diputazioaren Merituaren Domina jaso berri du. Dominarekin Sancho El Sabio Fundazioan eginiko lana eskertu nahi izan diote.
Andu Lertxundik "El huésped de la noche" liburua argitaratu du Alberdaniaren "Alga" bilduman.
Luther talde eibartarra eta Haurrock lapurtarra suertatu ziren Gazte Leiho maketa lehiaketaren irabazle. Lehena, Rock-Heavy atalean, eta bigarrena berriz, Orotarik atalean.
Ana Urkizak "Gela ilunetik" izeneko liburua plazaratu zuen joan den astean Hiria argitaletxearen eskutik.
PRINTZA
Andoni Egañak eginiko hausnarketa da hau bertsolaritzari buruz "BertsoZalea" aldizkarian:
"Nola goazen? Betiko moduan: karga karga eginda. Elkartearen ibilbideak horixe izan du ezaugarri. Kargarena, alegia. Artean Elkartea zazpikia baino ez zelarik, bileren nondik norakoa bertsolarion esku geratzen zenean, hitzaspertuak egiten genituen baina komenentziara. 'Sermoiak motz eta afariak luze' arrazoi zaharra oso geneukan barneratua. Afalondo are luzeagoei zor diegu haserako kargarena. Hori bai: urtero omenaldi bat antolatzen zen.
Ametsez kargatu ginen gero. Lehen Batzarra egin genuen. Elkarteak bertsolari eta bertsozaleena izan behar zuela erabaki genuen. Herrialdeetako Elkarteak taxutzen hasi ginen, telebistarako urratsak gauzatzen...
Ametsak egitasmo bihurtu genituen gerora, eta karga egiazkoa bilakatu zitzaigun. Xenpelar Dokumentazio Zentrua, bertso eskolak, eskolan bertsoak, txapelketa gehiago, telebistako programaren partaide izatea, Bertsolamintzak, gogo-jardunak...
Eta kargari karga erantsi diogu azken urteetan. Lanku, Web-orria, ahozkotasuna eskolan, epaile eta gai jartzaile taldeak... Zorionez. Zamaketariak ere berriak baitatoz. Sisiforena gogoratu nahi nieke. Gizonak ez zuen sekula harritzarra maldaren goiko puntara eramaterik lortu. Baina giharrak ikaragarri landu zituen ahaleginean".
"Berbalagun" egitasmoa abiatu da Elorrion. Helburua euskaldun zaharrek eta berriek euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea da eta horretarako taldeak sortuko dituzte. Interesa dutenek udaletxean eta AEK euskaltegian eman dezakete izena. Elorrioz gain, Bizkaiko beste bi herritan gauzatuko da ekimena.