"JAZZAK EZ DU MUSIKA HERRIKOIAK DUEN PURUTASUNA"

  • Iñaki Salvador pianojole eta konpositoreak halako bizitasuna erakusten du galderak erantzutean. Hamaika gauzetaz hitz egin genezakeen 37 urteko musikari donostiarrarekin, baina oraingoan, "Iñaki Salvador piano solo" azken diskoa hizpide hartuta hurbildu gatzaizkio.

2001eko otsailaren 04an
Kataluniako Satchmo Jazz Records zigiluak eskatuta, piano aurrean jarri, euskal kanta herrikoiak hartu eta horien gainean inprobisatzeari ekin zion arratsalde batez Iñaki Salvadorrek. "Uxo zuria", "Goizian goizik", "Axuri beltza", edota Laboaren "Txoria txori" abestiak birrasmatu zituen jazzaren askatasuna baliatuz. Diskoa iazko abenduan argitaratu zen eta azken bolada honetan zuzeneko aurkezpenak egiten ari da. Ez da hau darabilen proiektu bakarra, makina bat istorio baititu eskuartean, Tanttanka antzerki taldearekin egiten ari den bira kasu, edota Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Golden Apple Quartet taldearekin gauzatzen ari den ikuskizuna. Hori gutxi balitz, Euskadiko Musikalari Elkartuak elkarteko lehendakari da, hala nola Donostiako Musika eta Dantza Udal Eskolako irakasle. Iñaki Salvadorrek lorik egiten ote duen zalantzarik izan lezake batek baino gehiagok.

Bost disko kaleratu dituzu dagoeneko, baina "Piano solo" bakarka egiten duzun lehena da. Nola heldu diozu lan honi? Erronka berezirik suposatu dizu?
Seigarrena dut hau, nolabait esateko lider moduan egindakoa, baina piano baten aurrean bakarrik nagoela egiten dudan lehena da. Egiazki nahikoa desberdina izan da aurreko lanekin alderatuta, piano-soloak bi alderdi dituelako. Alde batetik sekulako askatasuna ematen dizu, esan nahi baita aurretik zehaztutako gauza askorik ez dudala estudiora eraman behar. Asko inprobisatzea ahalbidetzen dizu horrek, martxan gauzak aldatzen ahal dituzu, azken finean, bakarrik zaudelako. Bestetik, erronka ere bada, entzulearen arreta mantentzearen zailtasuna duelako. Intentsitate musikala zure esku dago bakarrik eta ezin zaitezke soberan erlaxatu, lagunduko zaituen musikaririk ez dagoelako. Gozamena handia da erabateko askatasuna dudan aldetik. Disko honetan %99 inprobisazioa da. Ia ez nuen ezer aurretik zehaztu estudiora joan nintzenean.

Grabazio prozesua nolakoa izan da? Zein da estudiora daramazun oinarria?
Ez zait umil faltsua izatea gustatzen. Egi osoa esan behar badizut, disko honetan kanta bakoitza behin jo nuen. Beste batzuetan aldiz, abesti bakoitzatik hiruzpalau "toma" egiten dira eta gero onena aukeratzen da. Azken diskoan ordea, den denak lehendabiziko "tomak" dira. Kasik etenik gabe grabatu nuen, arratsalde batez. Kanta bat jo, atseden labur bat hartu eta hurrengoarekin hasi. Arratsalde horretan atera zenaren ondorio da diskoa.

Dena dela, euskal musikaren gainean lan egitea ez da berria zuretzako.
Zilbor Hestea taldearekin egin nuen "Bi taupada" izenburuko lanaren sormen iturburua eta planteamendua berbera izan zen. Abiapuntua musika herrikoia izan zen eta gero inprobisazioarekin edo jazzaren munduarekin nahastu genuen. Azkeneko lana ordea, ildo beretik doa, baina oso disko ezberdinak dira. Batetik, Zilbor Hestea oso talde jendetsua zen, eta moldaketa lan handia eskatzen zuen. Disko hau guztiz alderantzizkoa da, hots, musikari bakar batek egina da. "Piano solo" diskoa oso inprobisatua egiteko apeta nuen, zer geratuko zen oso ongi jakin gabe. Filosofia musikalak baina, antzekotasunak ditu nire ibilbidearen bi errealitate ezberdin uztartzen saiatu naizelako. Batetik, musika inprobisatuak pizten dizkidan interesa eta grina dago. Bestetik, euskal kulturaren inguruko familia batetik ez natorren arren, nire ibilbidean konstante bat izan da, betidanik euskal musika jorratzen duen jendearekin lan egin dut. Urterik gehienak Mikel Laboarekin lanean eman ditut, baina asko miresten ditudan abeslari ugarirekin izan naiz baita ere, Imanolekin esaterako. Oskorrirekin ere grabatu dut adibidez. Euskal musika ezagutzea ahalbidetu dit horrek, baita maitatzea ere. Horrelako lan batean ateratzen dena oso organikoa da, zure bi "pasio" txikiak azaleratzen dituzu: jazza eta zure herriko musika tradizionala.

Diskoaren liburuskan agertzen den testu batean zentzu metaforikoan diozu zuhaitzak erroak izan ezezik, adarrak ere badituela. Esan nahi duzu errotik abiatu eta musika unibertsalizatzeko asmoa duzula?
Mezua aski konkretua izan zedila nahi nuen, nondik nora nindoan garbi uzteko, eta aldi berean, anbiguoa ere bai, poetikoa, hau da, iradokitzailea izan zedin, norberak nahi bezala interpretatu ahal izateko. Mezuak dio zuhaitza sentitzen zarela, ezinbestean leku jakin bateko sustraiak dituzula. Horrek pertsonalitate bat markatzen du, hala nola jite eta estimu batzuk. Dena dela ez naiz leku bakar batekoa sentitzen, ezta leku horri lotuta ere. Horregatik, adar garaietatik mundua ikusteaz gain, miretsi ere egiten duzu. Hori da azaldu nahi dudana. Errenkarnazioan sinestuko banu, bizitza bakoitzean lekuz aldatzea gustatuko litzaidake, ez bainago sobera harro naizen lekukoa izateagatik, ez eta lotsatuta ere. Musikalki hori da sentitzen dudana eta batek musikalki adierazten duenean, bitalki ere adierazten ari dela uste dut. Disko honetako musikak hori biltzen du. Sustrai handiko musika entzuten da, oso gureak baitira melodiak, baina planteamendu musikalak globalizatu egiten ditu modu batean. Beste gauza askorekin nahastu eta kutsatzen dira, musika amerikarrarekin eta kutsu erdi-karibearra edo erdi-flamenkoa duten musikekin esaterako.

Zer dauka jazzak musika herrikoiak ez duena eta zer musika tradizionalak jazzak ez duena?
Galdera zaila da. Lehenik, jazzak baduena eta musika tradizionalak faltan duena inprobisazioa da. Hau, dena den, ez da erabat zehatza, musika herrikoia ahozko transmisiotik datorrelako, hau da, eskuarki ez da garatu, hazi eta aldatu hezkuntza musikal indartsua duten pertsonen bidez, hots, partiturak idazten dakien jendearen bidez. Belaunaldiz belaunaldi transmititu egin da kantuen eta musika tresna herrikoien bitartez. Jendeak melodiak entzun eta erreproduzitu egiten ditu. Albisteekin gertatzen denaren antzekoa da: zuri era batean kontatzen dizute eta zuk gehien hunkitu zaituen horretan enfasia jartzen duzu eta ondorengoak berdina egiten du. Hartara, azkenean albisteak antz gutxi du zuri kontatu zizutenarekin, nahiz eta prozesua ez den intentzio txarrarekin gertatu. Orduan, ahozko tradizioa izaki, beti izan da inprobisaziorako tarterik. Adibiderako, aitak semeari kantatzen dio abestia eta honek beste bati... horrela heldu zaizkigu. Ondorioz, gertatzen diren inprobisazioen batuketa da. Ez dugu ahaztu behar dena den, hainbat pertsonek abesti hauek biltzeko egin duten lana, Aita Donostia edo Resurreccion Maria Azcue esaterako. Alderantziz, jazza Estatu Batuetan sortu zen, baina segituan kutsatu eta hainbat eraginekin uztartu zen: musika afrikarra, brasildarra, pop eta rocka... Beharbada horregatik jazzak ez du musika herrikoiak daukan purutasuna. Purutasuna ongi ulertua ederra da baita ere. Ni euskal musikak askotan hunkitzen nau, oso indartsua eta soila baita. Oparotasun falta horrek batzutan zirrara sortzen dizu. Jazza aldiz, batzuetan nota eta eraginen leherketa bat da. Hainbatetan jazz musikariak alderantzikoa den zerbaitekin hunkitzen gara, xumeagoa den zerbaitekin.

Azken urteotako jazzaren tendentzia beste musika batzuekin uztartzea izan da, dela flamenkoa dela musika latindarra. Horrek esan nahi du jazzaren bide tradizionalak agortzen ari direla edo alderantziz, bilakaera naturaltzat har dezakegu?
Nire ustez eboluzio natural bat da, fenomeno berri bat badirudi ere. Musikari guztiak geure erroetara itzultzen ari gara, ni neureetara, euskaldunetara, eta Chano Dominguez flamenkora. Badirudi berria dela, baina nik ez dut horrela bizi. Gaur klasikotzat dugun jazz musikari
-Charly Parker eta besteek egin zutena, hau da, gaur estandartzat duguna, 40ko hamarkadaz geroztik beti jo diren kantuak biltzen zituena- erreparatu besterik ez dago. Azken buruan, 20, 30 eta 40ko hamarkadetako musikoek Broadwayko musikal amerikarretatik hartzen zituzten kantuak eta gero horien gainean inprobisatu egiten zuten. Gu gauza bera egiten ari gara neurri batean. Nik Broadwayko melodia bat hartu beharrean, Mikel Laboaren abesti bat hartzen dut.

Nola aukeratu zenuen diskoaren errepertorioa?
Abesti bakoitzean arrazoi bat izan da. Batzuetan arrazoia erabat musikala da, kantuaren letrari erreparatu gabe, hau da, abestira hurbildu naiz oso ederra delako eta inprobisaziorako oinarria ematen duelako. Beste kasuetan aldiz, lilura testuetatik zetorkidan batik bat. Esate baterako, Mikel Laboaren "Txoria Txori" kantua. Dena den, abestiak aukeratzeko tenorean irizpide amankomun bat erabili dut: kanta oso ezagunak hartu ditut. Izan ere, nire ustez batzuetan publikoari bizkar emanda lan egiten dugu. Jazza zenbaitetan jendeak gustuko ez duen musika bihurtu da nere irudikoz, zertxobait arraroa, beharbada; musikariak, adibidez, soinu batzuk ikertzen gabiltzala, gure gozamen pertsonalean itxi garelako. Onartu behar dut batzuetan publiko zabalerako zailak diren produktuak sortu ditugula. Hortaz, kantuen aukeraketan, publikoari eskua luzatu diot nolabait, hau da, gure inkonsziente kolektiboan dauden zenbait abesti oso ezagunak hartu ditut eta entzuleari ezezagun gerta dakiokeen leku batera eramaten saiatu behar dut, beti ere, goxoki horretatik abiatuta. Beharbada, nahi gabe izan arren, diskoak nolabaiteko izaera didaktikoa dauka.

Entzuleak nola egin behar dio aurre diskoari? Aholkurik emango zenioke?
Jendeak kezka izan dezala gauzak entzuteko, nahiz eta gero gustukoa izan edo ez. Izan ere, bi hitzen arteko ñabardura bat egitea gustatzen zait. Bata "gustatzea" da eta bestea "interesatzea". Adibidez, zinetik ateratzean, ikusi dudan pelikula asko interesatu zaidanaren sentsazioa izan dezaket, gustatu ez zaidan arren. Ez da gomendatuko nukeen pelikula, harekin ez dut topera gozatu, baina kontatzen zuena asko interesatu zait. Guztioi gertatzen zaigun gauza da: ikuskizunak aukeratzeko tenorean -zinea, antzerkia edo futbol partida bat- aurrez identifikatzen garen gauzetara jotzeko joera daukagu. Askotan sobera zuzenduak goaz eta batzuetan kuriositate pixka bat falta zaigu, gauza ezberdinak ikustearen kuriositate hori. Horixe nire aholkua.

Diskoa inprobisazioan oinarritzen da. Zuzeneko emanaldietan ere inprobisatzen duzu?
Jende askok galdetzen dit hori. Diskoaren aurkezpenetan, kontzertua entzutera joaten direnek gero diskoa erosiko badute, antzeko zerbait aurki dezatela saiatzen naiz. Noski, kontzertuetan ere inprobisatzen dut, ez dut egunero gauza bera egiten, baina grabazioko abesti bakoitzaren abiapuntua, erritmoa eta espiritua biltzen saiatzen naiz.

Euskal Herrian goi mailako jazz jaialdi askotxo ditugu (Getxo, Gasteiz, Donostia...), baina badirudi handitasun horrek kalean isladarik ez duela.
Bai, hala da neurri batean. Zinearekin berdin gerta daiteke. Oso zine jaialdi inportantea daukagu eta Donostian badira zine areto asko, gero eta gehiago. Gakoa da zer programatzen den zine areto horietan. Nik uste dut jazzarekin antzeko zerbait gertatzen dela. Jazz jaialdira jende asko gerturatzen da, eta urtean zehar ere jendeak musika kontsumitzen jarraitzen du, baina ez uda aldean gertatzen den proportzio berdinean.

Antzerkigintzarako eta telebistarako musika ere konposatu duzu. Diskoaren aurkezpen kontzertuak kenduta, zertan zabiltza sartua orain?
Eskuartean dudan proiektuetako bat, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Golden Apple Quartet ahots taldearekin batera ekainean eman behar duen kontzertu sorta da. Nik nire hirukotearekin, Iñaki Salvador Tríorekin alegia, kolaboratuko dut, eurekin eszenatokia partituko dugularik. Kontzertu hauen egitaraua prestatzen ari gara. Protagonista nagusia Golden Apple Quartet izango da noski, baina ni languntzen ari natzaie. Madrilen bizi den Carlos Puig orkestadore kubatarraren eta Golden Apple Quartet taldearen artean bitartekaritza lana egiten ari naiz. Bestetik, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak ipuin batentzako musika egiteko enkargua eman dit, zeinaren testua Andoni Aleman ari den idazten. Aldi berean, Tanttaka taldearekin antzerki bira bat egiten ari naiz "Novecento, ozeanoko pianista" ikuskizuna taularatuz.

Bukatzeko. Euskadiko Musikari Elkartuak elkartearen jarduera zertan dago une honetan?
Azken bi urteotan, esan genezake elkartearen lana kanpora begira baino, barrura begira izan dela. Bazkideei gero eta zerbitzu gehiago eskaintzean oinarritu da gure jarduera: aholkularitza juridiko egoki bat, subentzioen gaineko informazioa... Baina, orain, 2001eko hasiera honetan jauzi txiki bat eman behar dugu, egoitza bat ireki behar dugulako Donostian, orain arte bata eta bestearen etxean biltzen baikinen, gehiagorako baliabiderik ez zegoelako. Bestetik, kanpora begira ekintzak antolatzen hasiko gara, kontzertuak, akaso disko berri baten argitarapena...


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude