Lanak ematen zizkion Z. ARGIAri lanak: langileen egoera, borroka eta soldata eta haien beharraren kontura aberasten zirenak zituen gogoan astekariak.
Euskal langileriaz kezkaturik ageri zen Z. ARGIA 411. zenbakian. Aurreko aste eta hilabetetan izandako greba eta mobilizazio pilagatik, une latza bizitzen ari zelako edo, beharbada, urtarrilaren azken egunetan sarturik zeudelako jada eta patrikan ezer gutxi gelditzen zitzaiolako gehiengoari. Gauza da lana, "beharra" zuela aldizkariak hizpide nagusi, bai lehenengo orrialdean bai editorialean. Eta nola ez, lana eman eta lanetik bizi behar dutenen arteko tirabira latza.
LANETIK EZ DELA ABERASTEN?
TENTUZ, ASKATASUNERANTZ
Editorial kutsuko idazlan horren alboan, Juan Elustondok sinatutako "Langillea ta herria, elkartasunera" artikulua zetorren. Egun haietan, hain zuzen ere, Frantziako Estatuko sindikatu nagusiak -CGTk eta CFDTk- bat egina zuten, bost puntu elkarrekin defendatzeko asmoan bederen: soldata kontua, erretiroari zegokiona, hilabetero ordubete ordaindua izateko sindikatu bezala lantegi bakoitzeko langileei lan arazoen berri emateko laneko garaian, berrogei orduko lanastea lortzea eta lanpostuen gehitzea helburu izanik. Garrantzia handia ematen zion Elustondok bateratze taktiko honi, baina beldur zen horretan ere denak ez ote ziren berarekin bat izango, antza, eta bere neurriak hartzen zituen, alegia "Pundu hauek egokiak diren ala ez, hemen ez dugu aztertuko. Ortarakotz Frantziako egoeraren eta langilleriaren berri guk dakigun baiņo gehiago jakin behar da" ohartarazi eta gero heltzen zion adarretatik zezenari: "Hala ere norbaitek esan dezake pundu edo helburu horiek sozialista kutsu gutxi dutela". Hortxe, gakoa! Baina "helburu hauek motxerako izanik, motxerako neurriekin epaitu behar dira, ez luzerako neurriekin" erantzuten zien ustezko aurkariei, horretarako ere bere arrazoiak bazituen-eta: "Hau da guri gertatzen zaiguna, azken helburua bakarrik gogoan izan eta gaurko egoeratik azken helburuetara iristeko egin behar diran pausoak ez aztertu. Sozialismoa gauetik goizera ekarriko dugula uste degu. Gaur egunean, nere iduriko behintzat, gure artean dugun arazo latz bat motxerako eta erdi-maillarako helburuak eta helburu horiei dagozkien ekintzak proposatzea da. Hau oso zailla da. Baiņa behar beharrezkoa". Urrun joan nahi duenak pausoz pauso neurtu behar duela bidea, hara!
Editoriala, 1971-I-17
Zenbaitek diruak edo kapitalak menderatutako langilleri bat besterik ez du ikusten. Onelakoentzat, langilleriaren arazo bakarra, nagusiaren aurka jeiki eta berari burrukan egitea da. Burruka ori, ordea, langille guziak elkarturik egin behar dute. (...) Eta ortarako alde batera utzi behar dituzte elkarrengandik sakabanatzen dituzten izkuntza, izakera, abertzaletasuna eta gaņentzekoak... Estadu bateko langille guziak elkartu behar dute Estadu kapitalista menderatzeko... Munduko langilleak elkartu behar dute munduko kapitalismoa txautzeko. Gizona, ordea, ez du diruak bakarrik menderatzen. Gizon bakoitzaren pentsaera, ohiturak, kultura, kondaira, edertia, abestiak eta izkuntza zapaltzen diranean gizona dugu desegiten. Gizonari bere burua lantzen galerazten zaio... Nor izaten etzaio uzten... Langille-miņa eta erri-miņa erne behar zaizkio langilleari langille eta erritar bezela zapaldurik dagoen tokietan. Bestela osa-gabeko gizaki zazpiki eta erkitua izanen dugu. Langileeriaren eskubideak babestu dituan abertzaletasuna izan zan antziņan Euskalerrian. Diru-bide aundietan sartutako dirudunak galduarazi zituzten Euskalerriko mugak eta Euskalerriaren nortasun eta jabetasuna. Au da gure kondaira. Eta ez diteke alda, pentsa-molde jakin bat salbatzearren (...).
Xabier Lete, 1971-I-17
Kanta orain arte, beste adierazpen batzuek bezala, kontzientzia sortzearen tresna izan bada, ez dut uste hemendik aurrera tresna horrekin xede hori lor litekeanik. Eta gainera, kontzientzia soila hartzearen garaia pasa dela uste dut. Honezkero hartu ez duenak, ez du sekula hartuko. Orain kontzientzia hori sakonduz joan behar da, gure ideia eta nahimen abstrakto horiek zentzu eta mami konkretuekin bete eta hornitu behar ditugu. Gainera, kantari guziak eta poeta guziak eta eskritore guziak ez dira berdinak; euskaldun bezala eta signifikazio batzuekin onartuak izateko kondizio bereziak eskatu behar dizkiegula, konforme. Beste edozeini bezala. Baina hortik aurrera ere guziek kezka berdinak eta problematika berdina erabili behar dituztela pentsatzea bidegabekeria bat da. Kantuen gaiak ugariak eta aberatsak izan behar dutela uste dut, bai mami eta bai formaren aldetik. Hori da kultura mota aberats bat osatzeko era bakarra. Azkenean, "gora hau" edo "behera bestea" orroaka beti jardutea, alferrikakoa eta aspergarria izatez gainera, beste ezer esatekorik ez dutenen soluzio erraza bihur liteke. Uste dut, hala ere, kanta konprometituak behar direla; ez pentsa, aurreko guzia gatik, horien aurka noanik. (...)
Baina bide hori lantzea da hain zuzen zailena; gizarte baten kezka eta problemak sakontzea eta era poetikoan adieraztea ez pentsa erraza denik. Topikoak esatea bai, erraza da (...)
![]() |
|
||||
1793 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa