Santiago Valdivieso, Espainiako Guardia Zibilaren zuzendari nagusia: "Terrorismoarekin amaitzeko balioko lukeela jakinez gero, heriotza zigorra onartuko nuke".
Santi Abascal, "Nuevas Generaciones PPko gazteen lehendakaria: "Erosotasunean eta lelokerian eroritako burgesia nazionalistak (EAJri erreferentzia eginez), beren proiektu totalitarioan soberan dituzten 500.000 euskal herritarren erbesteratzea bilatzen du".
Jaime Tapia, adin txikikoen epailea: "Adin txikikoak, gehienetan, ez dituzte sartuko
zentroetan. Epaileak neurri egokia ezarri ahal izango du gaztetxoa gizarteratzeko. Egia da, azken aldaketen ondotik legeak atzera jo duela oinarrietan"
Juan Cotino, Espainiako Polizia Nazionalaren buruzagia: "Armak alboratzeko asmo argirik agertu ezean, edozelako su-eten izango da susmagarria".
Txus Martinez de la Hidalga, Ekinen aurkako operaziotik bermepean aske geratutakoa: "Espainiaren proiektua Euskal Herriaren proiektuaren aurka, hori da; eta Garzon da Euskal Herriaren aurkako Espainiako Estatuaren estrategia horren buru agerikoena".
Max Brisson udal kontseilari miarriztarrak Didier Borotra auzapezak proposaturiko herri hausteskundeetarako zerrendarekin bat egin du. RPRko Brisson eta ABko Jacques Abeberri kandidatura berean izanen dira hartara. Alta, horretarako Max Brissonek RPR alderdia utzi behar izan du.
Igor Solana, urriaren 16an Sevillan atxilotutako etakideak ihes saioa egin zuen Langraitzeko espetxean. Espetxe zuzendaritzatik jakinarazi zutenez, ziegatik ateratzea lortu eta harresietako bat gainditzea lortu zuenean harrapatu zuten.
Rafael Larreina EAko Eusko Legebiltzarreko parlamentariaren osasuna hobera doa eta jadanik Arreta Berezien Unitatetik kanpo dago. Hilaren 14an biriketako tronbolismoarekin iritsi zen Gasteizko Santiago ospitalera oso egoera larrian.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Negua itotzen ari den epeltasun zoroa landare poxpolinengan desoreka sortzen ari da. San Jose lore fidela, hala ere, loretan da jada, udaberri atari ederra datorkigunaren seinale.
guztia irakurri
OSASUNA
Jabier Agirre
Ottawa eta Habanako unibertsitateetako adituek pneumonia eta meningitisaren aurkako txerto berri bat aurkitu dute, orain arte zeudenak baino dezente merkeagoa dena.
guztia irakurri
MELITON MANZANASEN DOMINA, NORABIDE BATEN AGERGARRI.
MELITON Manzanas ETAk 1968an hildako polizia ezagunari Espainiako Gobernuak emandako meritu zibilaren domina, PPk hartu bidearen adierazgarri da. Meliton Manzanas torturatzaile ez zela esatea baino larriagoa da egindakoa, hark egindakoen balorazioetan sartu gabe baina jakinik hark torturatutako dozenaka pertsona bizirik daudela gaur egun, gobernuak hark egindakoa zuritu eta saritu du eta. Horrez gain, berriz ere PSOEren ahuldadea agerian geratu da PPk bere kasa administratzen baitu bi alderdiek sinatutako ituna. Euskal Herrian eskandalua sortu da baina ez da horren harrigarria Manzanasi emandako domina, batez ere kontuan hartzen badugu azken hogei urtetan beste torturatzaile askoren lanari ordainsari berdintsuak eman zaizkiola.
TELEMADRIDEKO ESKANDALUA
EGINDAKO pertsonen hautaketa ikusita, Telemadrideko erreportajean Euskal Herriko errealitatera hurbiltzeko ahalegina somatzen da, eta halakorik edozein lekutan eskertzen da, areago Madrilen. Silvio Gonzalez Telemadrideko zuzendaria bere kargutik kentzeak, PPk bere eremuan desbideraketa informatibo txikiena ere onartuko ez duela erakutsi nahi du. Espainiako komunikabide nagusienetan ez da zentsuraren beharrik, baina behar denean desbideratuekin nola jokatzen den erakutsi nahi izan du PPk.
"BAKEA BAI" SORTU DA IPAR EUSKAL HERRIAN
"BAKEA Bai" izeneko plataforma sortu da Ipar Euskal Herrian. Argitxu Noblia da taldearen bultzatzailea. Orain arte, bertako 70 pertsonek egin dute bat ekimenarekin. Nobliaren esanetan, joan den urrian Baionako Euskadi Irratia-ren egoitza erre izan ostean inoiz baino argiago ikusi zuen bakearen alde jardun beharra. Talde honen lehen betebeharra bakearen esanahia zehaztea izanen da.
OCTAVIO DE TOLEDO, UPN-KO BESTE HAUTAGAIA
HASIERA batean, otsailaren hasieran UPNk egingo duen 6. Kongresuan alderdiaren lehendakaritzarako hautagai bakarra zegoela pentsatu zen: Miguel Sanz. Azken asteetan, aldiz, Francisco Javier Octavio de Toledo notario iruindarrak bere hautagaitza aurkeztuko duela jakin izan da. Jose Ingacio Lopez Borderias kontseilari ohia da Octavio de Toledok duen sostenguetako bat. Sanz gailentzea zaila dela aitortu du hautagaiak, baina Nafarroa osoan militanteen botoak lotzen ari da eta bere aldekoen ustez, 700 bat lortu ahal izango lituzke. Kongresura UPNk dituen 4.000 afiliatuetatik 1.500 bat joango direla espero da, eta alde horretatik esperantzaren bat ere badute.
TIRO POLIGONOA LUZERAKO
BARDEETAKO tiro poligonoari buruz Nafarroako Foru Komunitateak eta Estatuak egin beharreko negoziaketarako bideak ez du aurrerapausurik egin orain arte. Negoziaketarako batzordea Nafarroako Gobernuea, UPN, PSN, CDN eta Bardeetako Juntak osatzen dute eta orain artean ez dira Estatuarekin negoziatu beharreko gutxienekoen adostasunera heldu. Hurrengo bilera otsailaren 7an egingo dute eta Nafarroako Gobernuak iragarri duenez, ez da Espainiako Gobernuarekin bilduko aldez aurretik batzordean akordiorik ez badago. Iragan ekainaren 10ean Nafarroako Legebiltzarrak Tiro Poligonoa Bardeetako Parke Naturalean sartzeko lege bat onartu zuen eta, beraz, datorren ekainaren 9an Estatuari tiro poligonoa erabiltzeko epea bukatzean, ezingo litzateke hi-tzarmenik berriztatu. Estatuak ordea, lege horren aurkako helegitea jarriko luke Auzitegi Konstituzionalean, irabazteko aukera oso zabalarekin, Gobernuak lurralde horiek Defentsaren interesekoak izendatu zituelako Nafarroako Legebiltzarrak aipatu legea onartu ondoren. Intereseko izendatze horren ondorioz, Nafarroako Gobernuarekin akordiorik ez balego, tiro poligonoko lurrak bereganatuko lituzke Estatuak eta kito negoziatu beharrari. Gauzak horrela, tiro poligonoa luzerako izango bide da; hala izan dadin dago aurreikusia operazio guztia.