EUSKARA IKASLEAK IRRATIAN
HABEk eta Euskadi Irratiak euskaltegietako ikasleentzako irrati lehiaketa antolatu dute. Helburua euskara ikasgelatik kanpo, ondo pasatuz, erabiltzea da, Europako hizkuntzen urte honetan. Lehiaketa "lauretan Babel" irratsaioan entzun ahal izango da asteazkenero. Programako kide bat euskaltegi batera joango da eta ikastalde bakoitzak lau proba egin beharko ditu, batzuk banaka eta besteak taldeka. Lehiaketa joan den astean abiatu zen; ekainean bi talde onenen arteko finala jokatuko da.
"EL SOCIAL" BASAURIKO ALDIZKARIA EUSKARAZ
Duela hamalau urte sortu zen Basaurin "El Social" aldizkaria. Hemendik aurrera euskara hutsez argitaratuko da, aldizkariaren arduradunak eta euskalgintzako herriko hainbat elkarteren, Euskarabila eta AEK euskaltegia kasu, artean egindako proiektuari esker. Aldizkariaren formatoa eta mantxeta mantenduko dituzte, baina edukiak aldatuko dituzte haur, gazte eta euskalduntzen ari diren pertsonengana iristearren.
URTE ERDIRAKO 600 HARPIDETZA DOAN
Gipuzkoako Foru Aldundiak "Gabonetan, opariak euskaraz" kanpaina egin zuen euskarazko jolasak sustatzeko asmoz. euskarazko jolasak erositako pertsonak saritu nahi izan ditu Diputazioak eta ARGIA, "Zabalik" eta "Euskaldunon Egunkaria" agerkarien 600 harpidetza zozketatu ditu, 200 hedabide bakoitzeko. Sarituek sei hilabetez jasoko dituzte euskal agerkari hauen aleak. Goza dezatela!
"ETXETIK HASI BEHAR DELAKO"
Horixe da Elgoibarko Udalak martxan jarri berri duen kanpainaren leloa. Haurra izan berri duten gurasoei zuzenduta dago eta familian euskararen transmisioa bultzatzea du xede. Horretarako, herriko euskaltegietan euskara ikasteko diru laguntzak emango dituzte eta baita babero bat oparitu ere.
SUPERARTISTEN KONGRESUA
ARTISTA gazteak, 23 urtetik 31 urte bitartera dituztenak, izango dira hilaren 25ean hasi eta hiru egunetan zehar Donostiako Egia Kultur Etxean egingo den Superkongresuko protagonistak. Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak gehienak, baina baita Lapurdi eta Arabakoak ere. Hauetariko batzuk dagoeneko arte munduan esperientzia izan dutenak, beste batzuk ordea, oraintxe hasi berriak. Donostiako Arte Ekinbideak antolatu du ekitaldia, bakoitzak bere lanaren berri eman dezan eta horrez gain, euren artean eztabaida sor dadin. Horretarako, egun bakoitzean hamar artistak -edo artista taldek- azalpen bana egingo dute. Goizeko hamarretan hasi eta ordubiak bitartean arituko dira bost, eta elkarrekin bazkaldu ondoren, arratseko lauretatik zortziak bitartean beste bost. Azken egunean festa ere antolatu dute.
ANTZERKIA, LUZEZ JANTZIA
AZPEITIKO Euskal Antzerki Topaketetan estreinatu ondoren, hil honen 16an hasi eta Gabriel Arestiren lana eta bizia oinarri dituen "Kaio Luma Zikina" antzezlana sei aldiz taularatuko du Maskarada taldeak Bilborock aretoan. Asteartero eskainiko dute emanaldia, arratsaldeko zortzi eta erdietan. Arestiren heriotzaren 25.urteurrena joan den urtean bete dela-eta, Bilbora ekarri nahi izan du antzezlana Maskaradak. Bestalde, Donostian datorren hilean eta Donostia Kulturaren egitarauaren baitan, beste euskal antzerki talde batek bi estreinaldi burutuko ditu. "Errudun jaioak" eta "Hor dago koxka" lanak taularatuko ditu, hain zuzen, Tanttakak. Lehena, otsailaren 8an estreinatuko du Moma Teatrerekin batera. Lanak nazien seme-alaben eta biloben benetazko zenbait testigantza jasotzen ditu. Bigarrena, Quim Monzó idazle kataluniarraren lanean dago oinarritua eta otsailaren 15 eta 18 artean taularatuko da. Elena Irureta, Ramon Agirre, Ane Gabarain eta Jose Ramon Soroiz arituko dira bertan, besteak beste.
KAFE ANTZOKIAREN ASTEKARIA
ASTEAN behin jaso ahal izango dute posta elektronikoaren bitartez hemendik aurrera Bilboko Kafe Antzokiak sortu berri duen berripapera, horretarako harpide egiten diren guztiek. Bertan kontzertuen, ekitaldien eta azken uneko aldaketen berri emango da. Harpidetza, doan izango da.
MUSIKAREN GORABEHERAK
JESUS Mari Alberdi izango da Donostiako Musika Kontserbatorioko zuzendari berria. Kontserbatorioko Ordezkaritza Organu Gorenak iazko abenduaren 18ko bileran erabaki zuen Marta Cocho buru zuen zuzendaritza taldea bertan behera uztea eta Alberdirena hautatu zuen zeregin horretarako. Orain arte ordea, Hezkuntza Ordezkaritzak ez zuen erabakia gauzatu, ikasturtearen erdian hori aurrera eramateak ikasleengan eta irakasleengan eragina izan zezakeelako.
BI PASTORAL AURREIKUSIAK
NEGUAN egon arren, udarari begira jarri dira zuberotarrak eta dagoeneko bi pastoral aurreikusi dituzte ordurako. Lehenengoa Jean Louis Davantek idatzitako "Xiberoko Makia" S÷hutan taularatuko dute uztailaren 15ean eta 21ean. Bigarrena, "Etxaun Iruri", Irurin antzeztuko dute iruritar eta zalgiztarrek, oraindik finkatu gabe dagoen datan.
Andres Iñigok adierazitakoa da hau "Euskonews & Media"n: "Onomastikak hizkuntza guztietan garrantzi handia baldin badu, zer esanik ez euskararen kasuan. Bere balio sinbolikoa ukaezina da, kontuan izanik, batez ere, Euskal Herriko eremu zabal batean euskara galduaren aztarna bakarra izenak direla".
Julian Vallejo margolariak honela zioen "Guggenheim efektua"ri buruz "El Pais"en: "Hau guztia erakusleihoa da. Bilboko jendea oso kontserbadorea da eta ez dago arte garaikidera irekia (...) Kulturari dagokionez, ezkerraldea zein eskuinaldea kontserbadorea da".
Jose Mari Zendoiaren ustez: "Alderdi guztietatik onartzen da enpresetako euskalduntze plangintza gauza positiboa izango litzatekeela. Gertatzen dena da alderdi ekonomikotik ez duela enpresarentzat eraginik. Inbertsio bezala ez da errentagarria (...)".
Jose Maria Satrustegik zera zioen "Administrazioa Euskaraz"en: "Euskara idatzian bi maila dauzkagu. Batzuek Euskaltzaindiaren arauak hiletik hilero hartu eta betetzen dituzte (...) Baina horrekin batera, ezin dugu ahaztu euskalkien aberastasuna, egiazko balioa".
Sarean nabigatzen ari ginela, Txillida-lekuren web orrialdea topatu dugu. Webgune polita da, baina akats larria du. Gaztelaniaz eta ingelesez dago informazio guztia; euskaraz, berriz, ez dugu hitz bat bera ere topatu. Museoa baserri batean kokatu dute, baserri hartako arbasoen hizkuntzari ez diote jaramonik egin, ordea.
Jon Anduezak Saharako Tindufeko kanpamenduetan errodatutako dokumentalaren muntaia hil honetan bertan amaituko du. Telebistarako bertsioa otsailerako bukatzeko asmoa du. Zehazturik ez dagoen arren, baliteke ondoren zinemarako prestatzea. Bestalde, arrasatearrak Santiago de Compostelako Araguaney Fundazioak antolatzen duen gidoi lehiaketa irabazi berri du Xabier Zabaletarekin batera burutu zuen "Historias de medianoche" suspensezko gidoiarekin.
Ana Laura Alaez eta Javier Perez artista bilbotarrak aurten Venezian burutuko den Bienalean erakusketa bana izango dute, Espainiako Atzerri Ministerioak bere pabilioirako hautatu ondoren.
Juan Jose Irazusta idazle hondarribitarra joan den astean zendu zen. 1980an Auspoa bilduman argitaratutako "Nork bere bidea" nobelak egin zuen ezagun.
PRINTZA
Lourdes Oñederrak eginiko hausnarketa da honakoa "Euskaldunon Egunkaria"n:
"Hegoaldeko elebidunok munduko hizkuntza txikienetako bat eta munduko hizkuntza handienetako bat menperatzen ditugu. Handiaren handitasunak ez digu inolako kalterik egiten: mesede ederra munduan ibiltzeko (besteak beste). (...) Txikiaren txikitasuna ordea ez da ona: ez barrenean, ez kanpoan. Ez da gauza ona txikia izatea, kultura txikia izatea, hizkuntza txikia izatea. Euskararen munduan asko dira intelektualtzat hartuak, lehen mailako pentsalaritzat beren burua dutenak, kolektibo zabalago batean, kasurik onenean, bigarren mailako liratekeenak. (...) Txikia handitu egiten da txikitasunean.
Ez da hori txarrena, handiak ere ez baitira mediokreetatik libratzen. Txarrena da badirela lehen mailako intelektualak (...), baina ez direla behar bezala balioztatzen. Gehienez ere, euskaraz eta euskararen alde egindakoa da kontuan hartzen dena. Hortik gorako lan eta merezimenduak, idatzi eta pentsamenduak, inor gutxik estimatzen ditu. Mitxelena daukat gogoan. (...) Kultura handietakoek ere ez baitiote, badaezpadan, inori ezer erregalatzen. Badituzte beren santuak aldare nagusietan, beren filologilari handiak, hizkuntza handiagoan aritzean automatikoki handitzen direnak nonbait. Horrela, ia edonor izan daiteke hizkuntza txikiko handiena baino handiago. Kuriosoa. (...)"
Zorionez, batzuek publizitatea egiterakoan herri honetako biztanle euskaldunak hartzen dituzte kontuan. Horixe da Arrasateko Zutarri eraikuntza enpresaren kasua. Eurek eskaintzen dituzten zerbitzuen berri ematen dute jaso dugun iragarki orrian, euskaraz eta euskara txukunean gainera. Beste batzuek ikasiko balute!