orain dela 30 urte
Eugen Beihlen askatasuna, Aita Larzabalen zorroztasuna eta Helder Camara, Lenin eta Maoren teoria eta burutapenak ziren urte berriko lehen albisteak.
Esperantzari leiho bat ireki eta indarberriturik ageri zen Z. ARGIA 1971. urtearen hasieran, nahiz editorialean, bere buruari edo bazterrak astintzen zituen haizeari, nork daki, zetorren urtea hain berria izango ote zen galdetu. Gauza da, aldizkari bezala asmo propioak zituela. Harpide multzoa gehitu nahi zuen, nola edo hala, eta horretarako metodo bat asmatua zuen eta guzti: "Eskeiņi, urtebeterako, Z. ARGIA-ren arpidetza, zure lagun, edo auzoko, edo gaixoei" proposatzen zien bere irakurleei, eta bide hori poz-pozik ontzat ematera animatzeko-edo, honako iradokizun hau egiten zien: "Artzailleari jakineraziko diogu, nai baduzu, zuk eskeiņitako oparia dala".
Baina itxaropentsu egoteko beste arrazoi bat ere bazuen. Nola ez, berri on batekin urteari hasiera emateko aukera izanda! "Eugen Beihl jauna, aske" zioen letra larriz lehen orrialdeak.
ALEMANIAKO KONTSULAREN BAHIKETA
AITA LARZABALI EGINDAKO ITAUNKETA
Jaurtikitako galderen artean (elkarrizketa luzea zen eta ezin, bada, hemen oso-osorik azaldu), hona hemen bat, katuak atzaparretan sagua jolasean darabilen bezala egindakoa: "Badira girixtino batzu uste baitute apezak bere lekuan egon behar duela. Ez duzuia uste ekarria izan zaitezkeela politika hortan barnasko sartzera?". Galderatxoa ez zen erraza, baina Piarres Larzabalek, apaiza izanik ere, hamaika gorabeheretan kemendutako gizon sendoa izaki, honela erantzun zien: "Hori eskatzen dauteneri errepostu hau emaiten diotet: 'Nun zinezten hola mintzatzeko ni politikak igorri nauelarik frantses politikaren zerbitzuko zazpi urte osoz, soldadogo, gerla ta bertze, nere adinik hoberenean? Politika nitaz okupatzen denaz geroz, ez ote dut nik politikaz okupatzeko zuzenbiderik?'".
Ez zen ihardespen makala, baina horregatik ez zuen "Herria"ko elkarrizketatzailea kikiltzerik lortu. "Beraz Aleman kontsula haren bahitzearen eta, berdin, hobenik gabe hiltzearen alde zira?" aurpegiratzen zion irmoki. Eta Larzabalek: "Ez dugu deusik Euskaldunek Aleman horren kontra. Bainan hori hartua izan da Euskaldunen zortea munduari ezagut-arazteko. Munduko girixtinoek bete balute beren eginbidea, hor-gaindiko gertakariak munduari ezagut-araziz, ez zen gertatuko Aleman horren bahitzerik".
Ohartuko zaretenez, ezpatak altxata zeuzkaten alde biek. Hona hemen aita Larzabali zuzendutako beste galderatxo bat, adibide gisa: "Zonbait ikusi ditugu komunixtak ere ETAko horietan. Holako behar duguia bilakatu Euskal Herrian bihar?".
Piarres Larzabalek, orduan: "Gizon baten zuzenbidea da bere joka-bidearen hautatzea. Behar dugula euskaldungoa ukatu, euskaldun bat ez delakotz gure gostuko politika alderdian? Ez da gizon bat hiltzen edo mespretxatzen, ez delakotz gure alderdikoa, bainan da, ahalaz, bere ganat tiratzen, erakutsiz eskaintzen dioguna dela biderik hoberena. Nik ikusten dutana da Euskaldun hoitarik multxo bat direla lehenengo fededun suharrak. Gutarik urrundu badira, ez ote da kausitu dutelakotz, beren iduriz, guk eskainia baino bide hobea?". Har ezak hori, to!
Zubi, 1971-I-10
Azken garai hauetan istillu haundiak sortu ditu bere lurraldean Helder Camara jaunak. Aurtengo udan Europan zehar ibilli zan, eta ibilketa honen ondoren Brasilgo agintedunak jo ta ke beraren aurka hasi ziran mintzatzen. Hauetako batek komunista dala, eta komunistek ordainduta ibilli dala, esan zion. Azkenean Helder Camara jaunari egoki iruditu zaio zer-edo-zer erantzutea (...)
"Kolonialismoa, inperialismo ekonomiko eta kultural baten ondorioa, gaitzesten denean, Brasilgatik, Ego-Amerikagatik eta hirugarren munduagatik burrukan ari naizela pentsatzen dut. Eta ontan Ego-Ameriketako jerarkia guziarekin bat nator, Medellinen 1968garrengo urtearen abuztuan barruko kolonialismoaren aurka burrukatzera lotu bai ginan. Indarkeria garaitzeko bide bakarra, gaitzaren sustraira jotzea da, alegia, indarkeriaren ama ala iturria agor beharra dago; injustiziak ala zuzengabekeriak, itxuradun antolamendu soziala, eta eragabekeria ezarritakoa, beste indarkeria ala gogorkeria guzien iturrian daudenak, agor behar ditugu". Eta bere agerpideen amaieran honela dio: "Atzerritarrak Brasiletaz iritzi obea izan dezaten hontara joka behar genuke: 1.- Aldizkariak eta berri ematea aske, libre, ager dedilla. 2.- Zihurtasun nazionalaren legea errespeta, eta epaiaren agiriarik gabe ez dedilla inor giltzaperatua izan. 3.- Gurutz-Gorriakoei gure herriko kartzelak ikus ditzaten, ateak ireki. 4.- Azkenik, munduaren errespetua irabazi, barruko kolonialismoa eta neokolonialismoa ala kolonialismo berriari burruka gogor bat eginaz" (...).
Andolin Eguzkitza, 1971-I-10
Gure gaurko munduaren marxismoaren joerak hauexek dira: alde batetik, URSS-arena, hots, Burokratizismoa zenbaitek deritzoenez; beste bat Trotsky-rena, halaber, Unibersalismoa, eta azkenez, Mao-rena edo Marxismo-Leninismoa. (...) Maoismoa da, bere pentsaera Marx eta Lenin-en lanatazko adierazpen bat dena, eta horrexegatik Marxismo-Leninismo ere deritzo. Mao-k, Lenin-en bidez, Marx-en dei ospetsu hori: "munduko langile guztiok elkar zaitezte", "Gure munduko herri eta langile guztiok..." aldatu du, eta bide hori da Mao-ren lortzerik haundiena, zeren herri zapaldu asko bere alde baitago, eta baita horrexegatik alderantziz ere.
![]() |
|
||||
1791 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa