Astekaria

 Erreportajea 

PRENTSA

ETA EMAKUMEEN HITZA HILABETEKARI BIHURTU ZEN

Hil honetan kaleratuko da Euskal Herriko -eta Espainiako- emakumeentzako lehenengo hilabetekaria. "Andra. Emakumeon ahotsa" Hego Euskal Herrian banatuko da eta emakumeen inguruko gaiak hitz ez sexistekin jorratzeaz gain, talde gutxituen berri emango du.

Irudia

Izaskun Jauregi


1790. alea
2001-01-07
alde 0    kontra 0

Orain artean mutu edo estereotipoen atzean ezkutaturik egon den ahotsak hitz egiteari ekin dio urte berriarekin batera. "Emakumeon ahotsa"z ari gara, emakumezkoen burutapenetik sortu eta haien lumatik idatziko den "Andra" izeneko hilabetekariaz, hain zuzen. Hilabete honetan bertan, milurteko berriaren hasierarekin batera, plazaratuko da egunkari formatoa duen hilabetekari honen lehen alea, nahiz eta bukatu berri dugun urtearen azaroan 0. alea karrikaratu zen. Durangoko Disko eta Liburu Azokan lehenengo eta Kordoban burutu diren Jardunaldi Feministetan ondoren aurkeztu dute ale hori, eta harrera ona izan omen du. "Andra" baita Espainia osoan emakumeentzako argitaratuko den lehen egunkaria. Horregatik, Estatuan harpidedun ugari du agerkari berriak jada. 4.200 pezetaren (168 libera inguru) truk jaso dezake edonork urte guztian zehar "Andra" etxean, baina aurten, eta jaioberriari lagundu nahian, 6.000 pezetako urteko harpidetza berezia jarri dute martxan, horretarako prest dagoenarentzat. Bestela, Hego Euskal Herriko kioskoetan banatuko da -oraingoz, Iparraldean ez-, 350 pezetako salneurriarekin. 36 orrialde izango ditu eta 15.000 aletako tirada, hasieran behintzat.

Ezohiko komunikabidea da "Andra". Ohiko agerkarietan lan egiten duten hainbat profesionalek gisa honetako produktu baten beharra sumatzearen ondorioz sortutakoa. Bi dira behar horren iturburuak, Marisa C. Gibaja, "Andra"ko erredakzio kontseiluko kideak azaldutakoaren arabera: "Komunikabide konbentzionalek emakumezkoen irudi estereotipatua erakusten dute eta hauen ekintzei eta kezkei ez diete behar adinako arreta eskaintzen. Gainera, irudi tradizionaletik harat, bizi dugun garaiari egokitutako emakumearen irudia eskainiko duen agerkari baten premia sumatu dugu". Emakumezkoen ekintzei eta iritziei berez duten garrantzia ematea eta hauei buruz generoarekin zerikusia duen aurreiritzirik gabe informatzea du xede "Andra"k. Eta emakumezkoekin bezalaxe jokatuko du gainera komunikabideen arreta jasotzen ez duten beste hainbat talde mistoekin. Hala nola, talde ekologistak, bakezaleak, eta abar.

Horretarako, hainbat kazetari eta beste arlo batzuetako profesional bildu dira agerkaria sortzeko. Hauetako batzuek euren poltsikotik jarri dute dirua egunkaria finantzatuko duen Txinparta Ediciones izeneko sozietate mugatua sortzeko. Horrez gain, Bizkaiko Diputazioak diru laguntza bat eman berri die. Behin kalean izanik, finantziazioa salmentetatik eta publizitatetik lortzeko asmoa dute, zein neurritan batetik eta bestetik, ikusteke dago ordea.

SONAKO KOLABORATZAILEAK.

Erredakzio Kontseilu batek zuzenduko du agerkari berria. Nati Abril, Marisa C. Gibaja, Marta Brancas, Marisol RamĜrez argazkilaria, Eva Cruz, Pilar G. Larrañaga, Idoia Ehizmendi, Idoia Aldama, Jaio Untzilla, Espe C.Herrero, Esti Redondo, Estibalitz Sßnchez Galßn, Merche Arratibel, Aurora Juliß, Karmele Calleja eta Marta A. Lauzirikak osatzen dute berau. Baina oraingoz, Durangon duten erredakzioan bi pertsona izango dira lanean, nahiz eta aurrera begira, langile kopurua handitzeko asmoa duten. Erredakzio kontseiluaz gain, beste hogeita hamar kolaboratzaile baino gehiago hurbildu ditu "Andra"k bere orrialdeetara. Hauetako batzuk sobera ezagunak euren lan arlotan. Hor ditugu, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia, Luisa Etxenike, Begoña Muruaga, Teresa Uriarte eta MarĜa Bengoa idazle eta kazetariak, Toti Martinez de Lezea historialaria, Teresa del Valle antropologoa, Carmen Bernabé teologoa, MarĜa José Urruzola filosofoa eta Dora Salazar eskultorea. Azken honek egin du logotipoa.

HITZ EZ SEXISTAK SEXISMORIK GABEKO BERRIETAN.

"Andra"k ez ditu albisteak geografikoki edo gaika antolatuko. Bost dira guztira egunkariaren sailak eta hauexek bertan jorratuko diren gaiak: "Sakontzen" izena du lehen orrialdeetakoak. Bertan, modu sakonean aztertuko dute hilabetero gai bat. Aktualitateko gaia aukeratuko dute eta elkarrizketa, erreportaia eta iritzia landuko dituzte horren inguruan. Bigarren sekzioak "Ikusmira" du izena. Emakumezkoen ikuspegitik jorratuko dituzte hemen gaiak. Adibidez, 0. alean Sidneyko Olinpiar Jokoak aztertu dituzte, baina bertan izandako euskal kirolariak (emakumeak) kontuan hartuz. Titularrak ere halaxe dio: "Vascas en Sydney". Horrez gain, atal honetan bertan beste komunikabideetan agertu ez diren, edo gutxi agertu diren emakumeei buruzko berriak bilduko dira. Hirugarrenean, Hego Euskal Herriko emakume taldeen edo banakakoen ekimenen berri emango du hilabetekariak, "Emakumeak gaur" izenburupean. Talde mistoei egingo die lekua "Etorkizunera begira" jarrita, laugarren sekzioak. Bertan kultura gutxitu edo alternatiboen arloan edo gizarte arloan lan egiten duten taldeak izango dituzte hizpide. Beti ere, agerkari konbentzionaletako orri eta minutu gutxiegi betetzen dituzten talde horiei buruz mintzatuko dira hemen. Azkenik, "Astia"n bidaiak, literatura, zinea, diskoa... eta beste hainbat jasoko dira. Eta horrez gain, Sexualitate tailerra, astrologiari buruzko atala, emakumeen historiari buruzkoa eta emakumeentzako agenda bat ere aurki daitezke.

Albisteez gain, hitzak ere zaintzeko asmoa dute "Andra"ko sustatzaileek. Esamolde estereotipatuak gainditzeko sexista ez den hizkuntza baliatzeko borondate tinkoa agertu baitute: emakumezkoak baztertzen dituzten zenbait hitz alboratu, eta bi sexuentzako baliagarriak diren hitz neutroak hobetsiko dituzte. Berdin saiatuko dira gutxiengoetaz idaztean, errespeturik gabeko esamoldeak ezabatzen. Baliatuko duten hizkuntza zaintzeko hain zuzen, Hizkuntzaren Erabilera ez Sexista batentzako lehen Estilo Liburua burutu du "Andra"k. Bertan, filologoa ezagunek beste erakunde batzuetarako buruturiko lanetatik bildu dituzte hainbat ideia "Andra"ko kazetariek. Eta honen arabera idatziko dituzte ondoren edukiak.

Hizkuntzaren ildoari jarraiki, "Andra"k euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko ditu edukiak. Ez dago euskararentzako kuota finkorik. Baina honenganako ardura berezia agertu dute sortzaileek. Dena den, "'Andra'k handitzeko borondatea du eta gainera, Espainian oso harrera ona izan du. Beraz, nahiz eta euskarari garrantzia eman, nahi hori kontuan hartu behar da", dio Marisa C. Gibajak.

Emakumeak eginiko egunkaria da hau. Eta edukia, forma eta izena bera ikusirik emakumea izango dela bere irakurle nagusia ondoriozta daiteke, erratzeko beldur handirik gabe. Emakume berezia izango da gainera, "gizonezkoen eta emakumezkoen artean berdintasuna lortzeko oraindik zeregin handia dagoela pentsatzen duten emakumeei baitago zuzendua bereziki". Bide batez, hori bera pentsatzen duten gizonezkoak ere erakarri nahi ditu: "Emakumezkook zer pentsatzen dugun eta benetan nola bizi garen jakin nahi duten gizonezkoek erosiko dutela uste dugu, egunkariak duen izena izanik ere".

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1789
 
azala1788

1790 zenbakia.
2001ko urtarrilaren 07a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

İ 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza