orain dela 30 urte
Hamasei gazte euskaldun zeuden garai hartan epaiketa militar baten zain Burgosen. Auziak Euskal Herri osoa astindu zuen eta baita astekaria bera ere.
Garai latzak ziren haiek gure herriarentzat. Bertako hamasei gazte abertzalek epaiketa militar bati aurre egin behar zioten eta beraietako batek baino gehiagok herio epaiketa jasan zezakeen. Gauzak horrela, mundu guztia zegoen zer gerta begira Burgoseko hiriari, eta ZERUKO ARGIAk ere "Epaiketa Burgosen" nabarmentzen zuen bere lehen orrialdean, Gaztelako hiri horretan zetzan kuartel militarraren argazkia eskainiz.
BURGOS, BURGOS...
eta epaituak ere, ez ote ziran era berean gertatuko?".
SALBUESPENAK SALBUESPEN
NOR IZATEA EUSKAL HERRIAN
Lehen orrialdean garbi hitz egin zutela Burgoseko epaiketaz eta, editorialean beste gai bati heltzen zion Z. ARGIAk: euskaldunon herrian nor izatea zer zen azaltzen zuen. Ez pentsa edonork lor dezakeen kategoria denik! Hemerotekan jaso dugu, baina hona hemen pasarte bat, egundokoa nire ustez: "Nor izateko bakoitzak bere biotza sendotu behar du, errazkeriak bazterturik bide zuzenari jarrai dezaion. On egiteari ekin dezaion. Gizarte obeago bat egitearren burrukatu dedin. Bakarkaeria eta setakeria zokoraturik besteekin elkartu dedin mundugintza jatorrerako. Norbait jakina izan bear du nor izateko, GIZON OSOA izateko. Gizonak nor izateko gizakera jakiña behar du. Molde berdiñean akats eta doai berdiñekin egiten diran gizonak ez dira NOR ez dira GIZONAK". Hemen utziko dugu. Ni emakumea naiz eta, beraz, ez dut erantzun beharrik somatzen, baina zuek, gizonezkook, bazarete edo ez zarete GIZON OSOAK?
Mikel Ugalde, 1970-XII-13
Etxean, txoko batean, leku goxoenean, illunpean, dinamita kaja bat dut gordea. Ez da, ez, oso txikia, etxe bat ez ezik, herri bat menperatu lezakean dinamita baita. Harma ikaragarri honen izenak ez gaitu bildurtzen, bere indar zatarra ez dugu aintzakotzat hartzen. Etxe gehienetan eskuratu arte onik ez da izaten, hau dala ta, gai honek eman du buruhausterik franko hamaika familiatan. Laztankiro zaintzen dugu abereak eta zahardadeak honda ez dezan. Askotan, ordea, gehienetan nik uste, pozoi kaltegarria denik ez gera ohartzen. Kaja honek, anitz etxetan jarria duzuen dinamita kajak, telebisioa du izena (...)
M.E., 1970-XII-13
Pariseko jaunek manatu jende kondatzek badute on: herrialde bakotxa norat doan erakuts dezakete. Donapaleuko eta Iholdiko kantonamendu eta Irisarri, Heleta, Suhuskune gabe, huna zeri ohart gitazken, jaun horiek agertu zenbakieri esker. 1888-etik eta 1968 artio. Lauetan hogoi bat urtez, hiru jendetarik bat galdu du gure eskualdeak: zazpi milako bat jendez hustu da (...).
Editoriala, 1970-XII-13
Norbait gizaseme edo emakume dala adierazteko "pertsona eta kristaua" itzak erabiltzen ditugu. Au da, alako ez dala gauza soil edo abere uts bat bakarrik, adierazteko pertsona dala, kristau dala esan oi dugu. Pertsona eta kristaua ez dira biak berdin, baiña berdin balira bezela erabilli oi ditu erriak. Baiña euskaldunontzat pertsona asko izan ditezke nor ez diranak. Nor-bere buruaren jabe izateari, nor-bere eginkizunak betetzeari, emandako itza ez jateari, nor-bere lanetik bizitzeari, nor-bere bizibidea moldatzeari, aldakorra ez izateari, nor-bere iritziak eta jokabideak eukitzeari... nor izatea deitzen dio euskaldunak. Nor ez danari, gixona, gixaxoa, utsa, ezereza... deitzen dio. Ez jakiña, diru-zalea, erosoa, tripazaia, kaxkariña, kontakatillua, alferra... ez dira nor Euskalerrian. Gixaixoa deitzen dio besteren esanetara, besteren iritzira, besteren mendeko erabat jartzen danari. Egoskor, berea besterik aditzen ez duanari. Txoropito, bere buruaren jabe ez danari. Oillo, bere eginkizunak betetzeko kemenik ez duanari. Ustel eta zerri, emandako itza betetzen ez dakianari. Axari, bestea galdu naian zipoka dabillenari. Sokor-mazo ezjakin arloteari. Zer eskatzen dio Euskalerriak pertsonari aho betean GIZONA deitzeko? Nor izatea, askatasuna erabiltzen jakitea, erantzunkizun osoz bizitzako jokabideak aukeratzea eta erabakitzea, burrukan iraunkor eta trebe izatea, buruz eta arrazoiz jokatzea, izketan eta entzuten jakitea, lan egitea, gizartekoi eta erri-maite azaltzea. (...)
![]() |
|
||||
1789 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa