TXERRIA
HARAGIZKO BEKATUA
Lierni Arrieta / Ainhoa Oiartzabal
jatera ohituta dago. Beti dabil zikin, zerri galanta da. Santo Tomas egunean bere tronoan etzanda dagoen hori ordea, ikustea baino jatea nahiago edonork.
Basoetatik etxekotu dugun basurdea da txerria. Haragi ekoizle paregabea, txorizo, lukainka eta odolki fabrika galanta. Milaka gutizien iturri, erlijio askotako bekatu da, nork saihestu infernua horrela? Zopa ugari alaitu arren, ez du ospe handirik lortu. Txerri hitza tartean denean ez da gauza onik. Hala nola, txerrikeri, txerri-mutur, txerritoki, txerri-jana...
Txerriari ondo erakutsi zioten jaten, denetik dastatu behar izan du. Basoetako ezkur eta pagotxak lurreratzerako han da txerri gosetia, baina hori gertatu baino lehen tokian tokikoarekin konformatu behar. Hori dela eta, baserriko txerria etxeko zabor eta baratzeko hondakinekin elikatzen zen. Artzainek ere beti izaten zuten txerri koskorren bat beraien bazkariak osatzeko. Gainera txerri hauek, gazta egiterakoan askatutako ura, gatzura, ederki aprobetxatzen zuten. Gose bada garoa jateko gai da eta zumarraren hostoak ere atsegin zaizkio. Basoko sugandila eta sugeei ez die muzin egiten... hala dio esaerak: "Txerri goseak ezkurra amets".
Zerria jatun ona izan arren oso emankorra da. Kumaldiaren iraupena laburra da, 115 egunekoa. 7-14 kume izaten ditu eta 6-9 hilabeteren buruan helduak dira, txorizotarako prest. Euskal Herriko zerririk onenak Baztangoak omen dira eta betidanik hazitarako erabiliak. Ospe handikoa izan zen gaur egun desagertua den Gasteizko Txatoa. Gantzaz beteriko Gasteizko txerria erabat desagertu zen haragi gihartsua modan jarri zenean.
Jadanik Metal Aroan eta Neolitikoan, etxekotu zuen gizonak txerria. Ordutik hona gorabehera izugarriak izan ditu. Gutizi handiena izatetik jakirik mesprezatuena izatera igarotzen zen etengabe. Eguneroko elikagaietatik baztertzeko arrazoiak ondorengo hiru hauek izan zitezkeen: txerria animalia omniboroa izanik, hondakin eta zaramak jaten zituen eta gosea izanez gero gizona erasotzeko gai da. Osasuna dela eta, bizkarroi eta gaixotasun desberdinen eramaile da. Zenbait erlijiok txerria elikaduratik guztiz baztertu du: juduek eta musulmanek adibidez debekatua dute txerria jatea, infernurako bidea erakusten baitu. Hala ere infernuko ateak behin baino gehiagotan jotzen ziren. Esate baterako Atlas mendikateko marokoarrek egunez mendietan askatzen zituzten txerriak eta gau partean etxeratu erlijio jarraitzaile sutsuen ezkutuan. Bada ordea zerria baztertzeko arrazoi naturalagoa, gainontzeko etxabereak belarjaleak dira, lasto moduko bazka onduz soilik elikatu daitezke. Txerria aldiz, orojalea da eta bizitzeko beharrezkoak ditu bestelako elikagaiak. Ekialde Hurbilean klima dela eta errazagoa zaie ganadu belarjalea haztea, zerriak klima hezetako basoak eta ur ugari behar baititu.
Historiari begiratuz, grekoek, asko maite zuten txerrikia. Gehien estimatzen zutena txerramaren umetokia zen, baina oso gustura jaten zituzten txerri ugatz beteak. Erromatarren garaian Iruņean oparoa zen txerri merkataritza eta Italiara saltzen ziren urdaiazpikoek sustatzen zuten bertako ekonomia. Beti izan du zerriak basoarekin harreman estua. Erdia Aroan jauntxoek, bertan elikatu zitezkeen txerri kopuru maximoaren arabera neurtzen zituzten basoak. Txerria oso garrantzitsua zen garai hartan eta berau babesteko legeak zeuden. Bestalde, txerri haiek basati samarrak zirenez gizakia erasotzeagatik zigortzeko legeak ere bazeuden. Garai batean bezala gaur egun ere gorabeherak jasaten ditu txerrikiak. Gantzez elikatzea sekulako bekatua den honetan, txerri haragia ez da oso estimatua. Baina urdaiazpiko onaren aurrean hankaz gora joaten dira dietak.
TXARRIBODAK.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.