Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-12-24 -- 1789.zenb

GEZURRAK, GEZURRAK, GEZURRAK

Alberto Barandiaran

Ia oharkabean pasata ere, oso esanguratsua izan zen. Aurtengo maitzaren 24ean, Nafarroako Parlamentuan, UPN eta PSN Nafarroako hizkuntza politikaz. Sozialistek deituta, gobernuak azalpenak eman ditu. Ez da oholtza gainera atera Miguel Sanz presidentea, ez Rafael Gurrea presidenteordea. Jesus Laguna iritsi berriari egokitu zaio faena. Datuak, portzentaiak eta egitasmoak -dena jakina, ezaguna- azaldu ditu. Entzuten zuen bitartean, Juan Jose Lizarbe bozeramaile sozialistak katuak zituen tripan dantzan. Azkenean lehertu egin da. "Ez duzue deus esan! ez duzue deus argitu! Guk konpondu behar ditugu beti arazoak!" Gero galdera zehatza egin du. "Esaten duzue Euskararen Legea ez dela oker aplikatu, baina aurten Barne Departamentuak plaza bat atera du euskarari puntuazio handia emanda!".
Kazetariek elkarri begira, sinistu ezinik. Plaza bat! Gero jakingo da plaza SOS Nafarroarako dela, eta deialdi publikoa egin zela mendialdeko agure baten larrialditasunerako abisua jaso ondoren. Gizonak laguntza behar eta zentralean telefonoa hartu zuenak ezin ulertu (bere erdara?).
Plaza bat. Oharkabean pasa zen, baina esanguratsua oso. Essanguratsua, eta azken urte honetan hizkuntza politikaren inguruan Nafarroan bizi izan den giro gaiztotu, gezurti eta asmo txarrekoaren adierazgarri.
Lehen gezurra
Sanzek bota zuen abenduaren hasiera honetan, administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuaren onespen ofiziala jakinarazi zuenean: "diskriminazioak saihesteko egina da". Diskriminazioa erdaldunekiko. Grazia egingo luke ez balu minik emango. Grazia ez balitz presidentea. Grazia ez balu muturra okertua esango. Diskriminazioa. Nekagarri suertatzen da beti gezurrei erantzuten ibili beharra. Sanzek badakizki datuak (baita Lizarbek ere): Nafarroan, eta euskarazko irakasleak kenduta, 180 funtzionario lanpostuetan baino ez da euskara ezinbestekoa. Lanpostu guztien %0,98an. Kentzen baditugu itzultzaileak, edo euskara teknikariak, 110. Kentzen baditugu Osasunbideak dekretuz araututa dutenenak 60 baino ez. 60 lagun egin dira funtzionario bere lurraldeko jatorrizko hizkuntza jakiteagatik. Ez horregatik bakarrik, jakina, baina horregatik ere bai. 60 18.281en artean. Merituaz zer esan? Osasunbidetik kanpo -zenbait lanpostutan derrigortuta dago administrazioa euskararen ezagutza merezimendu gisa saritzera-, ezer ez. Eta Osasunbidean puntuazioaren %5tik behera eman izan zaio beti euskaraz dakienari.
Bigarren gezurra
"Errealitate soziolinguistikoa" aipatu dute, behin baino gehiagotan, bi alderdi nagusiko buruek aldaketak justifikatzeko. Nafarroan egun bizi den edonork ondoriozta lezake egungo gizarteak, seguruaski, inoiz baino errealago ikusten duela euskararen presentzia. Irakaskuntzak egin du bide handiena. Azken datuek erakusten dute lerro publikoan lehen aldiz matrikulatu duten haurren lau gurasoetatik hiruk hautatu dutela euskarazko edo euskararekin irakaskuntza. Familia horretan -gurasoengan, aiton-amonengan osaba-izekoengan, lagunengan...-, euskara ez da jada arrotza izango, erdaldun huts-hutsak izanik ere. Sekulako aurrerakada da Nafarroako etxe askotan. Eta sumatzen da. Oso adierazgarria da, horregatik, prentsan agertzen diren hiritar haserretuen purrustadak, nafar guztiak euskaraz mintzatuko diren egunari "amesgaiztoa" deitzen diotenak. Ez "ametsa", edo "utopia", denok deitzen diogun moduan, ez. Amesgaiztoa. Eta adierazgarria da denak UPN edo PSNren babes ez horren birtualaren azpian noizbait iturri publikoetatik edan dutelako.
Hirugarren gezurra
"Neurriak ez dira horren txarrak; beldurra eduki lezakete bakarrik euskararekin naziogintza egin nahi dutenek". Ez da horren txarra errotulazioa erdara hutsez izatea, inprimaki baten bueltan euskaraz aritzeko funtzionariorik ez izatea, edo itzultzaile benetan trebatuak soilik buletina itzultzen ibiltzea. Ohituratuta gaude, eta jarraituko dugu hori gabe ere. Baina gezurra da txarra ez izatearena. Sanzek ere badaki min eta amorru handia sortzen duela erakusten duten sentiberatasun falta, arroztasun hori, mezprezua. Maitasun falta. Azken finean, maitasun kontua baita hau guztia.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan