Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-12-24 -- 1789.zenb


ITOIZ
(1978-1988)
Itoiz
ELKARLANEAN
7 CD eta single-a
8.995 pezeta
359 libera


BELAUNALDI OSO BATEK OROIMENEAN DUEN TALDEA

Hamar urte iraun zuen martxan Itoiz musika taldeak, lehen diskoa kaleratu zuenetik Bordeleko Eysines aretoan agurtu egin zen arte. Baina hori baino askoz gehiago iraun du bere jarraitzaileen oroimenean. Eta orain, horiek guztiak aspaldi entzundako kontzertuak berbizi ditzaten, eta belaunaldi berriek rock zaletuen gogora beti etorriko diren kantuak jatorrizko bertsioan ezagutu ahal ditzaten, Elkarlaneanek "Itoiz (1978-1988)" eskaintzen du, talde honek kaleratutako diskografia osoa: 7 CD eta idatzizko zein irudizko informazio zabala, luxuzko kaxa batean. Gainera, aparteko single batean, "Nobela beltza" kantua ere badoa. Aipatu kantu hori "Espaloian" diskorako grabatu zen arren, azkenean ez zen diskoan agertu, eta beraz, "berria" dela esan daiteke.


EUSKAL ERBESTEAREN KULTURA (1, 2)
Hamaika Bide
SATURRARAN
548, 544 orrialde
6.240 pzta./249 lib.


DESERRITUEK UTZI DIGUTEN ONDARE KULTURALA

Garaiz hurbil baina ezagutzaz urrun dugun euskal kulturaren alor handi bat jaso nahiak bultzatu zuen Hamaika Bide Elkartea "Hirurogei urte geroago. Euskal erbesteratuen kultura" lemapean hainbat ekitaldi antolatzera. Eta hain zuzen ere, 1999an Euskal Herriko zenbait lekutan egindako ekitaldien emaitza da bi liburuki mardul hauetan bilduta dagoena, hots, 1936ko gerra ondoren hemendik alde egin beharrean izan ziren euskal erbesteratuen historia eta kulturaren inguruan antolatu zituzten jardunaldietan parte hartu zutenen lanen bilketa. Hala ere, Hamaika Bide Elkartekoek hartarazten digutenez, beharbada gabeziak somatuko ditugu aipatu bilketan, bai gaietan, bai pertsonetan, ezinezko delako hain aberatsa den euskal erbesteratuen kultura bi liburutan biltzea. Gauzak horrela, hautaketa sotila baina objetiboa egiten saiatu dira. Eta gainera, aurrerantzean ere ahaleginduko dira euskal erbesteratuek sortu eta garatu zituzten kultur lanak berreskuratzen eta ezagutzera ematen, ilunpean zeudenak argia ikus dezaten. Garai hartako Hego Euskal Herria oso anitza zen, eta noski, anitzak eta aldiz kontrajarriak dira bi liburuki hauetan bildutako historiak eta lanak.

TXORAKIKERIAK 3
Kike Amonarriz
KOMUNIKAZIO BIZIAGOA
270 orrialde
2.000 pezeta
80 libera


GOGOZ ETA BARREZ IRAKURTZEN DIREN TXISTEAK

Hirugarren aldiz "Txorakikeriak" irakurtzeko aukera eskaintzen digu Kike Amonarrizek. Gogoz eta batzuetan barre algaraz irakurtzen diren ipuintxo eta gertaera antzeko kontakizunak dira guztiak. Adibide bat? Zaila da aukera dagoenean aukeratzea, eta hamaika motatako txisteak bildu ditu Kike Amonarrizek liburuan zehar -"Miren eta Kattalin, beti bezain fin", "Modesto, horrelakorik 'ez to!'", "On Kanuto", "Naparra eta Donosti", "Patxiku Txiki eta Karmele andereñoa", "Jaun goikoa ala jan goikoa?", "Tolosa villa famosa ipurtzikin makarrosa", "Benitaren tabernako barratik" eta beste asko-, baina hona hemen seinale moduko bat, bere laburrean adierazgarri izan daitekeena: "'Ba al dakizue zein den Lady Di eta euskaldunon arteko aldea?' '!!!' 'Euskaldunok, oraindik ere, badugu tunelaren amaiera ikusteko itxaropenik'".

KALIFORNIAKO NESKAK
Joxemari Iturralde
IBAIZABAL
218 orrialde
950 pezeta
38 libera


ETXETIK URRUN AURKITUTAKO EZUSTE ETA ONGIAK

Irakurle gazteak euskal literaturara hurbiltzeko asmoz sortu zuen Ibaizabal argitaletxeak "Ekin" bilduma. Eta hain zuzen ere "Ekin"en argitaratu du Joxemari Iturraldek "Kaliforniako neskak" idazlana, non kontatzen diren hiru euskaldun gaztek Kaliforniara joan eta bertan bizi izandako abenturak. Anuxka, Risky eta Ainhoa Estatu Batuetako alderdi horretara doaz hango familia batzuren etxean epealdi bat igarotzera, bide batez ingelesa hobetzeko asmotan. Baina hango gazte jendeak ez dauka antz gehiegirik euskaldunokin, eta gauzak oso ezberdin ikusten ditu bai maitasun kontutan, bai dirua irabazteko moduan. Beraz, denetarik ezagutzeko aukera izango dute egun horietan: amodioa eta desamodioa, jende jatorra eta jendilajea, bihotz zabaleko pertsonak eta labana aise ateratzeko ohitura dutenak... itsasoz bestaldeko bizitza!

ZAZPIMINTZO HERENSUGEA ETA EIDER EDERRA
Garbiñe Salaberria
GERO
54 orrialde
500 pezeta
20 libera


AMETSETAKO ADISKIDE BIHOTZEKOA

Zortzi-hamar urteko haurrei zuzendua dago Garbiñe Salaberriaren ipuin hau. Bere bitartez, Ametsetako Herrialde zoragarria ezagutzeko aukera izango dute, Eider neskatoak, lozorroan zegoen batean, ezagutu ahal izan zuen bezala. Horretarako, ordea, Zazpimintzo herensugearen lagunak egitea komeni zaie. Izan ere, Ametsetako Herrialdera joan ahal izateko, pasaporte berezi bat behar da, eta hori lortu ahal izateko, Zazpimintzoren laguntza oso baliagarria da. Herensuge hori Zazpi Mendietako Herrian bizi da. Egunez lo egiten du, baina gauero-gauero, umeak lo dauden bitartean, ahotik botatzen duten arnasan zehar bidaiatu eta haien ametsetan sartzeko ahalmena du. Zazpi hizkuntza ezberdinez hitz egin dezake, hitz dotoreak erabiliz eta elkarrizketari gatza eta piperra emanez, gainera, eta oso lagun jatorra izaten daki.

BERVALEN GERTATUAK
>Louis Beaucaire
HIRIA
125 orrialde
1.450 pezeta
58 libera


ESPERANTOTIK EUSKARATUTAKO IDAZLANA

Aitor Aranak euskaratu du Louis Beaucaire esperantistak 1974an kaleratutako "El la vivo de berbala sentßuguro", non satira dotorean nazioarteko hizkuntza izateko sortu zen esperantoaren mugimendua deskribatzen den: egilea nola egin zen esperantista sutsua, esperantoz tutik ere jakin gabe; beste batzuekin elkartu eta, bost urterako plana lantzeaz gain, beren buruak "sortzaile" zereginetarako nola prestatu zituzten (ez zen lan erraza izango, egin zituzten zinak kontuan harturik: "Zin dagit ez ditudala ene indarrak neska ez esperantistekin alferrik galduko, baizik eta oso-osorik gordeko ditudala mugimendua handitzeko"; "Zin dagit neure burua erabat eskainiko diodala harekin egotea suertaturiko neska ideiakideari, bere adinaz edo balizko edertasun ezaz kexatu gabe, eta kontuan izanik bere ernalgarritasuna soilik"...).

OIHENART
Patri Urkizuk
zuzendua
EUSKO
IKASKUNTZA
146 orrialde
2.300 pezeta
92 libera


HIZKUNTZA ETA LITERATURA SAILEKO 18. ALEA

Eusko Ikaskuntzak duen Hizkuntza eta Literatura saileko koaderno bildumaren 18. alean, hainbat hizkuntzalari, ikertzaile eta literatura kritikarik buruturiko zortzi lan aurkezten dira. Enrique Arranzek Miguel de Unamunok idatzitako "Recuerdos de niñez y mocedad" lana aztertzen du. M¬ Isabel Blancok, berriz, Oja ibaiaren Goi Haraneko toponimia du aztergai. Amelia Hernandezek, "Piarres Lafitte bere eskutitzen bitartez. Euskalzaletasuna Iparraldean pizteko saiakera bat". Mari Jose Olaziregik "Literatura eta irakurlea: Testu-estrategietatik Soziologiara Bernardo Atxagaren unibertso literarioan" doktore-tesian euskaldun gazteen irakurketa ohiturei buruz eginiko ikerketa soziologikoa laburbiltzen du, eta Patri Urkizuk "Nemesio Etxanizen 100. urteurrena dela eta" idazlana plazaratzen du, besteak beste.

SAGUTXO
AMESLARIA
Juan Kruz Igerabide
EDEBE-GILTZA
108 orrialde
830 pezeta
33 libera


MARIZERU, IPUINAK ASMATZEN DAKIEN SAGUTXOA

Sei urtetik aurrerako neska-mutikoentzat aproposa den idazlana dugu "Sagutxo ameslaria", narrazio berean beste hamaika ipuin biltzen dituen Juan Kruz Igerabideren idazlana. Marizeru deitzen diote istorio honetako sagutxo narratzaileari, zerura begira egotea gustatzen zaiolako batik bat. Baina baditu beste zaletasun batzuk ere: ipuinak asmatu eta kontatzea atsegin du, adibidez, baita norbaitek berari ipuinak kontatzea ere, eta pozik bizi da horrela gure sagutxoa. Halere, bere ama kezkatzen hasia da, beti zerura begira egonda jirafa-lepoa ez ote zaion bere kumeari haziko edo, eta badaezpada bufanda bat erosten dio, hoztu ez dadin. Marizeruk ez ditu apaingarriak atsegin, baina ama asko maite duenez, hark esandakoa egin eta lepoa biltzen du jirafamod bufanda horrekin. Baita berahala magikoa dela ohartu ere!

hemeroteka

1788. zenbakia | 2000-12-17
1787. zenbakia | 2000-12-10
1785. zenbakia | 2000-11-26
1784. zenbakia | 2000-11-19
1783. zenbakia | 2000-11-12

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan