Kiko Martinez Apestegia, Josu Beaumont, Mario Zapata eta Gloria Rekarte, preso ohiak, Aralar ildoari buruz: "Preso ohi gisa mingarriak zaizkigu Aralarretik amnistia eta presoei buruz behin eta berriz egiten diren erreferentziak. Mingarriak zaizkigu, batetik nahasgarria delako gatazkaren konponbiderako bi moldeen nahastea, eta bestetik, amnistiaren helburuaren gisakoak alboratzen direla diotelako. Eta hori ezker abertzalearen eguneroko indarren zati bat presoen eta beren eskubideen defentsara eskaintzen denean, eta euskal gizartearen gehiengoak presoen aldarrikapenak bereganatu dituenean. Hala da bederen aho txikiz egindako elkartasunetik harat egunero konpromezua erakusten dugunontzat. Inork ez du eskubiderik presoen egoera erabiltzeko, baina gutxiago Aralarreko kide batzuk, beren jarduerak egoneza baino zerbait gehiago sortu baitute kartzeletan".
Joaquin Navarro epailea: "Edo beraiekin edo aurka. Etsaiek ez dute giza eskubiderik. Beren eskubide bakarra, jazarriak, espetxeratuak edo suntsituak izatearena da. Aski da! taldea halako zeregin bakezale jatorren laguntzaile irmoa da".
Didier Borotrak -Miarritzeko auzapeza azken hamar urteotan- erabat aztoratu du hiri honetako udal politika. UDF alderdiko kide eta senadore honek datorren martxoko herri bozketarako bere zerrendan parte hartzea proposatu die 'Miarritze Bestelakoa'ko abertzaleei nahiz RPRko gaullistei. Auzapezaren proposamenak euskal abertzaleen zein frantses eskuinaren lerroetan berealdiko tirabirak eta zatiketak eragin ditu.
Fernando Savaterrek jaso zuen, Aski da! plataformaren izenean, Europako Legebiltzarrak giza eskubideen alde aritzeagatik urtero ematen duen Sakharov Saria. Espainiako prentsak Europako Legebiltzarrean honek izandako oihartzuna azpimarratu du, baina euskal diputatu desberdinek ohartarazi dutenez, sari emate ekitaldian diputatu askok Legebiltzarretik ospa egin zuen.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Larrosez gain, dalia mexikarrek dute leku gehien lorazantzan. Lur guztietara egokitzen dira, eta forma edo kolore bereziko zerorren dalia sortzea uste baino errazagoa da.
guztia irakurri
OSASUNA
Jabier Agirre
Espainiako populazioaren %20 obesitateak jota dago. Pet Bjorntorp adituaren arabera, pertsona horietan gaitz kardiobaskularren edo diabetearen arriskua asko igotzen da.
guztia irakurri
CANOREN HILKETA ETA ELKARRIZKETA ESKAERAK
FRANCISCO Cano Terrassako PPko zinegotzia ETAk hiltzen duen PPko hamabigarren zinegotzia da, horietako bost aurten: Jesus Maria Pedrosa Durangon, Jose Maria Martin Carpena Malagan, Manuel Indiano Zumarragan, Jose Luis Ruiz Casado Bartzelonan eta Cano bera. Atentatuak berriz utzi ditu agerian ETAren aurkako politikaren ikusmolde desberdinak, eta elkarrizketa eta negoziazioa moduko kontzeptuak eztabaidaren erdigunera atera dira. PPk eta PSOEk, ordea, duela hilabete Ernest Lluchen hilketari ez bezala, estatu itun berriak markatutako erabateko batasunarekin erantzun diote, hori bai oraingoz CiU erakarri gabe.
PRESOEKIKO ATXIKIMENDUA
ANTOLATZAILEEN esanetan, 3.000 bat pertsonek parte hartu zuten iragan larunbatean Ziburutik Donibane Lohizunera egindako manifestazioan Frantzian espetxeratuak dauden euskal presoen aldarrikapenak sostengatzeko. Manifestaldia frantziako espetxeetako euskal presoek azaroan hasi zuten protestaldiaren segida izan zen. Presoek bizi duten bakartatea eta elkarrekiko inkomunikazioa salatu izan dute azken hilabeteotan, gose grebaz eta itxialdien bitartez. Manifestariek presoekiko atxikimendua agertu zuten, hala presoek nola euren senideek jasaten duten sakabanaketa salatu ere bai. Amnistiaren Aldeko Batzordeek, halaber, Arrasaten egindako bilkuran honako datuak eskaini zituzten: "Aurten 700 bat atxiloketa izan ditu, 200 espetxeratze eta 81 tortura eta tratu txar salaketa egin dira".
SANZEK SORTUTAKO EGONEZA
NAFARROAKO gobernuak euskarari buruz egin dekretu berriak eta hezkuntz argitalpenen kontrol iragarpenak, egoneza sortu dute Nafarroako sektore zabaletan eta nagusiki esparru euskaltzalean. Ezin esan 1986ko Euskararen Legea eta berau arautu duen 1994ko foru dekretua erabakiorrak izan direnik euskararen bilakaeran, baina bai lagungarri. Edozein modutan, Lege horren aldeko apustu egin zutenek zein aurkakoek kezka agertu dute atzerapauso honegatik, sektore euskaltzale guztietan barreiatuta dagoen ideia baita legea orain euskararen garapenaren aurka aktiboki erabili nahi dela eta hori oztopo handia dela, garatzeko berez oztopo handiak dituen hizkuntzarentzat.
HITZARMEN BEREZIA
Hil honen 22an sinatuko da Ipar Euskal Herrirako Hitzarmen Berezia Baionako suprefeturan. Frantziako Estatuak hiru sailetan finkatu ditu bere konpromisoak. Alta, bada, Euskal Konfederazioan biltzen diren euskaltzaleek frantses gobernuari politika zehatzik agertu ez izana leporatu diote. Hauen ustez, hizkuntz politikari buruzko plana ez da irizpide argi eta garbien arabera egina. Euskal Irratiek hasieran aginduta zeukaten 720.000 libera (18,2 milioi pezeta) jaso beharrean 280.000 libera jasoko dute. Helduen irakaskuntzaren sailan itzal aski geratu dira. Finean, euskalgintzan ari direnek ez dute euskarak behar duen sustengua ziurtatua ikusten Hitzarmen Berezian.
GOTZAINEN DEI BATERATUA
HEGO Euskal Herriko lau gotzainek bakearen aldeko ekimen bateratua antolatu dute datorren urtarrilaren 13rako Gasteizko Armentiako baselizan. Guztion artean, bakea guztion alde lelopean egingo da ekitaldia eta ETAk su-etena apurtu ondoren gizartean somatu duten esperantza galerari aurka egitea da helburu nagusia.