Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-12-24 -- 1789.zenb


DIRU LAGUNTZA URRIEGIA

Ipar Euskal Herriak 300 milioi liberako diru laguntza jasoko du Akitaniaren eskutik. Horietatik 12,09 milioi hizkuntzari bideratuak egongo dira. Diru kopuru horretatik, 700.000 libera irratientzat izango dira, eta baliteke kopuru hori bikoiztea. Iparraldeko irratiak ordea kexu dira, euren arabera diru laguntza hau ez baita nahikoa. Eta kexu dira ere Ikas euskal pedagogia elkarteko kideak, ikasmaterialera bideraturiko dirua (1,5 milioi libera) nork kudeatuko duen argi ez dagoela uste baitute.


SANZEN ERABAKIAREKIN HASERRE

Nafarroako Gobernuak Administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretua onartu du. Foru dekretuak euskararen presentzia murriztu eta Europako beste edozein hizkuntzaren pare utziko du. Ondorioz, Sanzen erabakia gogor kritikatu dute IU, EH, EAJ eta EA alderdi politikoek, LAB, ELA eta EILAS sindikatuek eta elkarte ugarik.


GABONETAN, OPARIAK EUSKARAZ

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskarazko opariak sustatzeko ekimena jarri du abian, "Euskara zure unibertsoan" kanpainaren baitan. Ko, Txo eta Kux pertsonaiek hainbat saltokietan euskarazko eskaintzaren berri emango dute. Bertan aurkitu ahal izango dira, besteak beste, ARGIAren "Gure Mendea" mahai jokoa eta "Estropadak" bideo jokoa.


HAMAR URTE EUSKARA SUSTATUZ

Tolosako Galtzaundi eta Bergarako Jardun euskara taldeek eta azken honek argitaratzen duen "Berrigara" herri aldizkariak euren 10. urteurrena bete berri dute. Data hau ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte: erakusketak, kantaldiak, antzerki emanaldiak, haur jolasak eta abar.

Itziar Galparsoro Badiola. Segura Irratian goiz eta arratsaldeko bi saiotan esatari
guztia irakurri

Bagak

"El columpio asesino" zortzikote nafarra da aurtengo Euskadi Gaztearen maketa lehiaketan nagusitu dena eta sariaren milioi erdi pezeta (20.000 libera) irabazi duena. Lehenbiziko aldiz, epaimahaiak Nafarroakoa den eta gazteleraz eta ingelesez abesten duen talde bat aukeratu du. Beste alde batetik, maketa lehiaketan parte hartu duten 210 taldeen artean, entzuleen botoak beste hiru hauentzat izan dira: Hira, Anger eta Offset. "El columpio asesino"rekin batera, hiru hauek ere EITBk editatuko duen CDan lekua izango dute.


HIRU URTEKO HITZARMENA

HAMAIKA milioi pezetako (440.000 libera) diru laguntza emango dio Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Saiolburuordetzak Euskal Herriko Bertsozale Elkarteari aurtengo lanetarako. Hori da hiru urterako sinatu berri duten hitzarmenaren ondorioetako bat. Hitzarmenak irauten duen beste bi urteetan laguntza beste hainbestekoa izatera konprometitu da gainera Jaurlaritza. Eta akordioa luzatzeko aukera ere izango dela diote sinatzaileek. Sei hilabetetik behin batzorde batek hitzarmenaren jarraipena egingo du, zenbatera arte betetzen den aztertuz eta egitasmo berriak aurkeztuz.


ORGANOAK IKUSGAI

LOIOLAKO parrokiako organoaren eraberritzea hartu du aitzakitzat Donostia Kulturak Loiola Kultur Etxean "Musikarako organoen erakusketa" paratzeko. José Mari Arrizabalaga organogileak asmatu zuen eta Bonneko Klais Orgelbau etxeak egina da organo hori. Erabat mekanikoa da instrumentua eta eta soinu kalitate handia du. Erakusketan, organoen osagaiak ikusgai izango dituzte bisitariek, eta baita instrumentuaren historiari buruzko informazioa ere. Bisita gidatuak egiteko aukera ere ematen du abenduaren 11tik zabalik den erakusketak.


OTEIZAREN ARTEA KURSAALEAN

OTEIZAREN lanaren inguruko erakusketak inauguratu zuen joan den astean Kursaaleko erakusketa aretoa. Urteetan Oteizak eginiko obren antologia dago bertan ikusgai otsailaren 28a arte. Arantzazun hasi zuen Oteizak bere ibilbide artistikoa, eta erakusketan bertan jasoa gelditu da hastapen hura. Artistaren lanak ordea ez daude bertan kronologikoki antolaturik, gaika baizik. Bi dira erakusketaren funtsak: batetik, klarionen laborategia eta bere obraren alderdi esperimental guztia; eta bestetik, ondorengo eskultura guztiak. Gainera, arkitektura lanen bilduma txiki bat, jendeak esperimentatzeko tailerra eta artistaren pentsamoldea jasoko duen arbela ere jarri dira bertan. Bitartean, Arzuzan (Nafarroan) kokatuko den Jorge Oteiza Fundazioa eraikitzen ari dira oraindik. 2001eko urriaren 21ean irekitzeko asmoa dute, egun horretan beteko baititu Oteizak 93 urte.


BAIONAKO ANTZOKI BERRITUA

DATORREN urteko ekainaren 30ean hasi eta irailaren 15a bitartean berrituko da Baionako Udal Antzokiaren eraikina. Argiztapena, aldagelak eta oihal metalikoa berrituko dira. Antzokia 1842an inauguratu zen, eta azken berrikuntza 1985ean burutu zen.


MEGADENDA BERRIA

ZABALTZENek 1998an jarri zuen martxan www.megadenda.com gunea. Bi urtetako ibilbidearen ondoren, hainbat berrikuntza egin du orain webgunean eta, guztira, 125.000 produktu daude bertan eskuragai. Besteak beste, liburuak, CD-ROMak eta musika eskaintzen dituzte bertan.

Espido Freire idazleak esanak dira hauek "Drogetenitturri" aldizkarian: "Literaturak berez ez luke sexurik izan behar. Gure gizartean gizon, emakume, heterosexual edo homosexuala izateak asko mugatzen gaituela egia da. Zoritxarrez badira oraindik gizonezkoentzat soilik erreserbatutako zirkuluak eta literaturaren zenbait arlo gizonezkoentzat dira."

Vahan Sarkisianen hitzak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n: "Hemengo hizkuntzalariak, Mitxelena barne, aurrenik erromanikologoak edo germanologoak izan dira euskalariak baino gehiago, hizkuntza horien bidez egin direlako hizkuntzalari".

Hona Antton Mari Aldekoa-Otaloraren iritzia Durangoko Azokari buruz "Euskonews & Media"n: "Azoka jendetsua izateaz gain profesionalen Azoka ere izan dadila lortzea ere hor dago. Hau da, Frankfurtekin bezala hemen ere idazle eta argitaratzaileen arteko salmentak egin daitezela. Hori urtean zehar egiten dute, baina Durangon bertan zergatik ez?".

Ibon Sarasolak honela zioen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Euskara batua Euskaltzaindiaren arauak dira, ez haren 'babesean' edo haren izenean argitaratutako gauzak (...)".

Baiona eta Iruñearen arteko anaitzearen 40. urteurrena ospatuko da laster; hori dela eta, ekitaldi ugari antolatu dute. Euskararekin loturiko ekitaldien arrastorik ordea ez dago. Badirudi ez dutela hizkuntza amankomunik. Lodia da gero bertako politikarien azala. Nola hitz egin behar diote elkarri, ingelesez?

Luis De Pablo bilbotar konpositorea eta AgustØn Gónzalez Acilu altsasuarra omenduak izan dira Madrilen bertan egin den Musika Garaikideko II. Jaialdian. Ekitaldi hau Madrileko Konpositoreen Elkarteak antolatzen du.
Martin Ugaldek "Mohamed eta parroko gorria" izeneko liburu berria argitaratu du Elkarlaneanen eskutik.
Jean Louis Hargous konpositore eta saxo joleak "Blu Blow bat" diskoa aurkeztu zuen joan den astean. Les Mecaniciens taldeko partaide izan zen urruñar honek inprobisaturiko hainbat kanturekin osatu du lana eta Jazzle elkarteak argitaratu du.
Josemari Vélez de Mendizabal Eusko Ikaskuntzako gerenteak "Bizi izan juat" liburua argitaratu berri du. Bertan, 1910 eta 1930 urteen bitarteko kronika burutu du.

PRINTZA

Bernardo Atxagak euskara derrigortzeaz, euskara batuaz eta honen eta literaturaren arteko loturaz jardun zuen "Unesco Albistaria"n:
"(...) Ingelesa ikastea ere derrigorrezkoa da. Oso gai konplexua dugu. Izan ere, estatuek ba al dute irakaskuntzan jarraibide ofizialak ezartzeko eskubiderik? Bada, orain arte, denek egin dute hori. Hezkuntza-ministerioa funtsezkoa da estatu guztietan; horretan ez dago askatasun handiegirik. Bestalde, Euskal Herrian bizi eta gure hizkuntzaz eta kulturaz ezertxo ere jakin nahi ez dutenek ez dute errespeturik merezi. (...) Nire ustez milioi erdi lagunek ezin diete min handirik egin 35 milioi espainiar gaztelaniaduni. Aitzitik, neurrigabekeria asko egiten dituzte gehiengoa direlako. Estatuko egunkariek ez dute euskarari buruzko berri positibo bakar bat ere argitaratzen. Bidegabekeria hutsa deritzot horri. (...)
Literarioki euskaraz pentsatzen dut. Ipuin eta poema guztiak euskaraz bururatzen zaizkit, horixe baita nire hizkuntza intimoa. (...) Ohitura kontua da, ez ideologia kontua. (...) Eta ondorio hau atera dut, gainera: hori ez dela hain garrantzitsua, ezta behin betikoa ere. Berdin izango litzaidake ezagutzen dudan beste hizkuntzaren batean idaztea. (...) Hizkuntza eta bizimodua elkarri lotuta daudela uste dut. Beraz, gaztelania ere lehen hizkuntza da niretzat. Lehen hizkuntzak bi dira nire bizimoduan eta, zorionez, ongi moldatzen naiz bietan".

Txori Batek Esan Digu


"DENOK BIZI GARA HEMEN" PANTAILAN

ETB-1ek hiru eta hamaika urte bitarteko haurrei zuzendutako saio berriari ekin dio. Abenduaren 11tik aurrera eta astean behin, New York-eko Telebistaren Jaialdiaren finalean izan den eta sari ugari jaso duen hezkuntza saioak Lurran bizi diren 26 animaliaren bizitza jorratuko du, dibertitu eta hezi asmoz.


ETB-1EKO PILOTAK TVE-KO TENISARI IRABAZI ZION

Abenduaren 10ean batetik Eugi eta Retegi nor baino nor aritu ziren lau t'erdiko finalaurrean, eta bestetik, Espainia eta Australiako tenis taldeak Davis Koparen finalean. Arratsalde horretako audientzia mailan euskaldunak nagusi izan ziren, pilota 246.000 ikusentzulek (%37) jarraitu zuen eta tenisa 226.000 zaletuk (%35)


"ZALDUNEN LIGA" "HEGO ZOROA"REN TOKIAN

Abenduaren 12an "Queer as folk" edo "Hego Zoroa"ren azken atala pantailaratu zuen ETB-1ek. Honen ordez, astearteko "Sorginen Laratza"ren ostean BBCk ekoiztutako umorezko telesailak, "Zaldunen Liga" ("The League of Gentlemen") izenekoak, hartu du bere lekua. Ingalaterrako herrixka baten bizitza kaotikoan girotzen da.

Tolosako Udalak duela bost urte abian jarritako "Euskara Merkataritzan" ekimenak zenbait berrikuntza eskaintzen du aurtengoan. Herriko establezimenduek, adibidez, euskara ziurtagiria jaso ahal izango dute, denda horiek euskararen alde eginiko lanaren erakusgarri izango dena.

hemeroteka

1788. zenbakia | 2000-12-17
1787. zenbakia | 2000-12-10

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan