KULTURA
HEZKUNTZAREN BOTEREA
Olatx Aranguren
Madrileko politikariek Hezkuntzaren sistema egokiena ote den sarritan jarri izan dute zalantzan, ez omen da behar bezain ondo irakasten Euskal Herrian. Honen aurrean jakin beharrekoa suertatzen da hezkuntza boterean dagoenarentzako beti izan dela oso tresna baliogarria, azken finean boterearen jarraipena ziurtatzen baitiete beren eskoletako ikasle hasi berriek.
Hezkuntza beti izan da errejimen autoritarioen oinarri garrantzitsuetako bat, Franco eta Hitlerren errejimenetara begiratzea besterik ez dugu hau baieztatzeko. Gainera gaur egun ere Madrildik euskal irakaskuntzari ematen ari zaizkion astindua ikusirik, beraien boterea edo pentsamendu bakarra eskolen bidez ezarri nahia gero eta garbiago ageri zaigu. Zergatik ote?
Unibertsitate mailan ere gertatzen da antzerakorik. Espainiari buruzko irakasgaiek balio akademiko handiagoa izan ohi dute Euskal Herriari buruzkoek baino, zergatik? Euskal Herrian bizi garen unetik ez al genuke gure Herriko jakintzetan sakondu behar besteetan egiten dugun legez?
EUSKARAREN erabilpenari dagokionean ere maila akademikoan nahiko murritza dela esan dezakegu oraindik. Euskara alde batetik zein bestetik egurtzen ari diren une hauetan, unibertsitateak apustu sendoa burutu beharko lukeela iruditzen zaigu arlo honetan, azken finean goi mailako ikasketak euskaraz aurrera eramateko gaur egun dugun tresna bakarrenetarikoa baita. Euskarak duen garrantzia izanik, jakintza gisa bederen, EHUk bere gain hartu beharko luke Euskara sendo mantentzeko ardura, beste zenbait elkarte edo erakundek hartzen duten gisara.
Hau horrela izanik, unibertsitatean irakasgaien aldetik dauden gabeziak betetzen saiatzeko sortu zen taldea dugu Laia, Euskal Herriaren inguruko jakintzetan apur bat sakontzeko asmoz. Ikasleen artean sorturiko taldea dugu, baina gure nahi beretsuak dituen edonorentzat irekita dagoen taldea da.
Laiaren helburu nagusia jartzen zaizkigun oztopo akademikoak alde batetara utzi eta interesgarri zaizkigun gaietan sakontzea izango litzateke, hau da, Euskal Herriari buruzko jakintzetan. Beharrezkoa iruditzen zaigu geroa oraindik eraiki gabe duen herri honetan jendearen jakin nahia asetzea, beste herrialdeetako ikasgaiekin batera gureak ere baliogarri suerta daitezkeelakoan.
Hau horrela izanik, hasteko Euskal Herriaren historiari buruzko ikastaro bat antolatzea erabaki genuen, nahiz eta beste arlo batzuk lantzeko asmoa ere izan aurrera begira. Historia oinarrizko gaia zela iruditu zitzaigun, ondorengo ekinaldietan beste arlo batzuk jorratzerakoan kontuan hartu beharreko gaia.
AZKENALDIAN Historiak Madrilgo hainbat erakundetan sortu izan duen zalaparta ikusirik, garbi dago beraientzat tresna baliagarria suertatzen dela Espainiaren handitasuna lau haizetara zabaltzeko. Espainia bakarra hartzen dute kontuan, bere menpean hartzen dituen nazionalitate ezberdinak zanpatu nahian, hauen Historia ahantzi nahian. Oraindik ez dute ulertu lurralde bakoitzaren ezberdintasunak aberasgarriak direla, pertsonen arteko ezberdintasunen gisara, iritzi ezberdinek ez digutela beldurrik eman behar, baizik eta gauzak beste ikuspegi batetatik ikusteko lagungarriak direla, beste nazioenganako begirunea areagotuz, gizabanako bakoitza aberatsagoa bilakatuz.
Beraz, bada garaia begirune eta askatasun osoz utz diezaguten Euskal Herriaren berezitasunak ikasten, Madriletik inposaturiko hezkuntza eredua eta testu liburuak alde batetara utziz. Bada garaia geure kabuz ibiltzen hasteko, geure kabuz haziak ereiteko, jaso beharreko uzta jasotzen hasteko.
Guzti honen aurrean Laiak antolaturiko ikastaroetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu eta zuen ekarpenak gustura jasoko ditugula adierazi. Bitartean saia gaitezen jakinminaren lurrak laiatuz, egindako lanaren uzta jasotzeko itxaropenean.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.