DISKOA
M. ARTIEDAMikel Artieda
ELKARLANEAN
17 kanta
1.675 pezeta
67 libera
BAXUJOLE BATEN MAJIA JOSTARIA
Nafarroako Beran jaioa den Mikel Artieda musikariaren lehen CDa dugu hauxe. Eskusoinua joz eman zituen lehen urratsak musika munduan. Baina 1980an, era autodidakta batean, baxujole bilakatu zen, proiektu ugaritan parte hartuz, Zaldibobo eta Tapia&Leturia taldeekin izandako partaidetza kasu. Diskoan topatuko dituzuen 17 musika-konposizioak bata bestetik oso ezberdinak izan arren, gauza asko dauzkate amankomunean: adibidez, den-denak baxu elektriko batekin grabatuak izan dira, baina horregatik ez pentsa CD hau "baxu disko" bat denik. Intuizioa izan da kantu guztien iturria. Musikariaren erraietatik sorturiko doinu abstraktoak dira, xamurrak bezain sakonak, eta aparteko mundu bat osatzen dute, koloretsua, jostaria.
PINPIRIN ETA FLORIANAskoren artean
ELKARLANEAN
70 orrialde
2.595 pezeta
104 libera
UDAZKENA, "URTE-SASOIAK" BILDUMAKO AZKENA
Ahoz aho guganatu diren urtaro bakoitzari lotutako gure arbasoen ohiturak betirako galdu ez zitezen, "Urte-sasoiak" deritzan bilduma plazaratzeari ekin zioten Ikastolen Elkarteak, Labayru Ikastegiak eta Elkarlaneanek. "Pinpirin eta florian" da bere azken emaitza: CD bat, 30 minutuko bideo-zinta eta gidaliburu honen bidez Euskal Herrian ia atzo arte udazkena bizitzeko zuten era irudikatzen digun ekoizpena. Orokorrean, baserri eta artzain giroa islatzen du, uztaroan baikaude, hots, uzta jasotzeko garaian. Baina ez pentsa oparotasun honek geldialdirik ekartzen zuenik etxeetara, berarekin batera hasten baitzen garia edota artoaren prozesua, linuaren lana eta pena, mahats edo sagarrekin egin beharreko ardoa edo sagardoaren zera. Lana ugari zuten, bistan da, baina umorea beste hainbeste, eta aipatu eginkizun horiei lotutako kantu, kontakizun eta ipuinik ez zen bazterretan falta. Horren guztiaren adierazgarri da "Pinpirin eta florian": kantu barregarriak, baladak, ume-kantuak, artazuriketak, ardoa eta txakolina, txerribodak... Gidaliburuan, besteak beste, Azkueren kantutegitik edota Manuel Lekuonaren materialetik aukeratuak izan diren 15 kantuen partiturak ere aurki daitezke.
METAMORFOSIAFranz Kafka
HIRIA
126 orrialde
1.650 pezeta
66 libera
RUFINO IRAOLAK EUSKARATUTAKO KAFKA
Idazle gutxi da Kafka bezain garratz gizartearen akatsen aurka egin duenik. "Metamorfosia"n, esate baterako, familia, lan-baldintzak, jauntxokeria, saldukeria eta abar kupida gabe salatzen ditu. Bakar-bakarrik, mundu osoaren aurka bere pertsonaien bidez altxatzen den idazle handi honen lan hau aurretik ere euskaratua izan zen, nahiz orduan, Xabier Kintanak 1970. urtean argitara eman zuenean, "Itxura aldaketa" izenburupean agertu. Oraingo bertsioa, berriz, Rufino Iraolarena da. "Kafka nirea" dela esaten du itzultzaileak liburuaren hitzaurrean, absurdoaren bidez benetan gertatzen dena azaltzeko duen zorroztasunagatik autore horretaz "maitemindua" sentitzen dela aitortuz. Dena den, ez da "Metamorfosia" idazle zaldibitarrak Fran Kafkaren obratik euskaratu duen lan bakarra, "Legearen aurrean" opuskuloa ere itzulia baitu.
TXEPETXA ETA SUGEAJ. M. Elexpuru/ Jon Zabaleta
ELKARLANEAN
67 orrialde
790 pezeta
31 libera
ADISKIDETASUNA SENAREN AURKA DOANEAN
Etxeko gaztetxoenei zuzendutako narrazio gazi-gozo hau Juan Martin Elexpuruk idatzi eta Jon Zabaletak marraztua izan da. Ezinezko adiskidetasun bat deskribatzen zaigu bertan, alegia txepetxa eta sugearen artekoa, txori txiki potolo moko-zorrotz eta buztan-zuta horrek kontatua. Habia uzteko garaia heltzen zaionean, mundua ezagutu eta adiskide asko egiteko gogoz sutsu da txepetxa. Egiten dituen lagun berrien artean, ordea, sugetxo bat dago. Oso ondo doaz elkarren arteko harremanak ezagutu eta berehala, gure txepetxa sugearen bizkarrean jarri eta biak poz-pozik erreka bazterretik pasiatzen duten bitartean. Ahaztu zaizkio txoriari amaren gomendioak, hau da, sugeari txepetxak ez diola begiratu ere egin behar, bestela bereak egin duela, eta begi-begika ere jolasten du harekin. Baina halako batean, sugea gose da...
TXEPETXA ETA SUGEAJ. M. Elexpuru/ Jon Zabaleta
ELKARLANEAN
67 orrialde
790 pezeta
31 libera
ADISKIDETASUNA SENAREN AURKA DOANEAN
>Etxeko gaztetxoenei zuzendutako narrazio gazi-gozo hau Juan Martin Elexpuruk idatzi eta Jon Zabaletak marraztua izan da. Ezinezko adiskidetasun bat deskribatzen zaigu bertan, alegia txepetxa eta sugearen artekoa, txori txiki potolo moko-zorrotz eta buztan-zuta horrek kontatua. Habia uzteko garaia heltzen zaionean, mundua ezagutu eta adiskide asko egiteko gogoz sutsu da txepetxa. Egiten dituen lagun berrien artean, ordea, sugetxo bat dago. Oso ondo doaz elkarren arteko harremanak ezagutu eta berehala, gure txepetxa sugearen bizkarrean jarri eta biak poz-pozik erreka bazterretik pasiatzen duten bitartean. Ahaztu zaizkio txoriari amaren gomendioak, hau da, sugeari txepetxak ez diola begiratu ere egin behar, bestela bereak egin duela, eta begi-begika ere jolasten du harekin. Baina halako batean, sugea gose da...
TIGRE BIRTUALAJosu Lartategi
AIZKORRI
60 orrialde
675 pezeta
27 libera
JAUN GRISAREN BIZIMODU BIKOITZA
Aizkorri argitaletxearen Hegan bilduma euskara ikasten ari direnei zuzendua dago. Liburu bakoitzean agertzen den istorioa maila zehatz baterako moldatzen da -adibidez "Tigre birtuala" Euskaltegiko 5. mailan eta Batxilergoko A ereduko lehen mailan dabiltzenetan pentsatuz idatzia izan da-. Gainera, hiztegitxo lagungarri bat eta irakurgaia lantzeko ariketak ere eskaintzen dira bertan. @ dugu istorio honetako protagonista. Bizimodu erabat grisa darama... harik eta arratsaldeko 18:00etan aske izateko baimena jaso eta programa informatiko birtual bati lotzen den arte: errealitate birtual horretan nahi bezain beste abentura eta emozio bizi ahal ditu. Hala ere, bera ordenagailu zentralari lotutako izaki bat besterik ez denez, ezin du "beste" errealitatean, benetako bizitza baino pozgarriago zaion horretan, nahi duen denbora igaro.
GABRIEL ARESTI Angel Zelaieta
SUSA
252 orrialde
2.500 pezeta
100 libera
MAITATUA BEZAIN ARBUIATUA IZAN ZEN POETAZ
Poeta, antzerkigile, hiztegigile, itzultzaile, editore... izan genuen Gabriel Aresti, orain dela 25 urte betirako joan zitzaigun idazle bilbotarra. Pentsatu eta sentitzen zuena suharki defendatzen jakin zuen pertsona dugu Gabriel Aresti, kosta ahala kosta barruan zeramana besteoi islatzen saiatu zen gizona, eta bere izateko era horrengatik, lagun handiak lortu zituen bizitza honetan... baina baita arbuiatu, zokoratu eta iraindu zuenik ere, Angel Zelaietak berridatzi duen biografia honetan garbiki ikus daitekeen bezala. Gabriel Arestiren zenbait poema ikur bihurtu da denontzat, haren hizkuntza ereduak hurrengo belaunaldiak eta euskara bera markatu zituen, bere adimen kementsuak obra mugarri eta zabala utzi digu. Esatea dago, ahoberokerietan erortzeko arrisku handirik gabe, literaturari eskaini ziola bere bizia, "Harri eta Herri" zela.
BAI BIZI ZORAGARRIA (1 eta 2)
Stephen Jay Gould
GAIAK
230 eta 234 orrialde
Bakoitzak 2.000 pezeta
Bakoitzak 80 libera
GASTRONOMIA PALEOLITIKOTIK HASITA
Amerikako paleontologorik ospetsuenetakoa da Stephen Jay Gould, Harvard Unibertsitateko irakasle eta idazlan ugariren egile dugun gizona. "Bai bizi zoragarria"n, Jose Ramon Etxeberriak euskaratu eta Gaiak argitaletxeak oraintxe plazaratu duen lan honetan, Kanadako Mendi Arrokatsuetan nahiko gora joanda dagoen Burgess Shalen aurkitutako Kanbriar aldiko gorputz biguneko animalien azterketa ikertzen du, eta horren ondoren, eboluzioari buruzko iritzi harrigarri bezain iraultzaileak aldarrikatzen ditu. Stephen Jay Gouldek, eboluzionista sutsua izanda ere, ez du bat egiten eboluzionista ortodoxoen iritzi askorekin. Bere ustez, eboluzioaren norantza ez dago determinaturik, eta bere ibilbidea ez da batere lineala izaten. Horren ordez, "eboluzio suntsipena" edota "kontingentzia" kontzeptu berriak sortu ditu.
NIK ERREMERRE HITZ EGITEN DUT. ETA ZER?Anjel Lertxundi /Jokin Mitxelena
ELKARLANEAN
31 orrialde
850 pezeta
34 libera
AKEGGAK ADAGGAK OKEGGAK DITU...
Zer egin, "eggeak" esaten jakin ez, eta zure txakurra Rasputin deitzen bada, zure logopeda Rosa eta zure aitak kirrimarroa zarela esaten badu? Ikastolako beste haurrei ahalik eta muturrekorik galantena ematen saiatu, hasteko. Baina nola zuk ere nahi baino egur gehiago jasotzen duzun, beste bide bat aurkitu beharko duzu. "Egge"rik ez duten esaldiak soilik erabiliko dituzu, hara! Ederki kostata, baina lortzen duzunean, beste arazotxo batzuei aurre egin beharrean zara, ordea, irakaslea "aggia" zarela esaten hasi delako, eta zure gurasoak alaitu ordez kezkatu egin direlako bere seme "erremerreak" hiztegi oso aberatsa duela jakitean. Zorionez, ikaskide berri batek aterako zaitu zulotik: Zzuzzana Zzegurola Zzarazzuak! Baduzu lagun on bat, "zegg" axola dio nola esaten dituzun "eggeak"? Zortzi urtetik aurrerako guztientzat.