Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-12-17 -- 1788.zenb

Arturoren kaiera


HEZKUNTZAREN ERREFORMA

Euskal Herriko Gurasoen Elkarteak, Sortzen-Ikasbatuaz eta Ikastolen Elkarteak, batetik, eta Hego Euskal Herriko 250 ikastetxetatik gorako zuzendariek, bestetik, euskarazko irakaskuntzaren aurka PP, UPN, PSOE eta UA alderdiek egindako erasoa salatu dute. Lehenengoek euskal eskolaren ezaugarriak biltzen dituen adierazpena plazaratu dute eta bigarrenek heziketa kalitatezko eta propioarekiko konpromisoa berretsi dute kaleratu duten agirian.


"GOIENKARIA" ASTEKARIA SORTU BERRI DA

Abenduaren 1ean kaleratu zen Debagoieneko aldizkari berria: "Goienkaria". 24 orriko aldizkariak egunkari formatua du eta Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkartean biltzen diren euskara elkarteen ekimenez abiatu dute. Bi zati nagusi izango ditu aldizkariak. Lehenan bailarako informazio orokorra jorratuko dute eta bigarrenean kultura, aisialdia, denbora-pasak eta agenda, besteak beste.


LUIS VILLASANTE EUSKALTZAINBURU OHIA ZENDU DA

Euskaltzaindiaren lehendakari izana, Gernikan jaio zen 1920an Villasante fraide euskaltzalea. Filosofia eta teologia ikasketak egin zituen eta teologia eta euskara irakasten aritu zen Arantzazun 1978 urtea bitarte. 1970ean euskaltzainburu hautatua izan zen eta euskalkiak baztertu gabe, euskara batuari lehentasuna ematea onetsi zuen. 1988an lehendakaritza utzi zuen, erlijio lanei denbora gehiago eskaintzeko. Erlijioaren gaineko lan eta euskal klasikoen azterketa andana utzi dizkigu.


ZALANTZAK ARGITZEKO ZERBITZUA

Euskaltzaindiak euskaraz sor daitezkeen zalantzak argitzeko Jagonet zerbitzua jarri du martxan, Eroskiren laguntzaz. Joxe Ramon Zubimendi arduradun izango duen zerbitzuak lau atal izango ditu. Besteak beste, aurretik egindako kontsultak eta "Plaza Barria" eztabaida foroa izango dira topa daitezkeen berrikuntzak.

Aurpegia

Gorka Setien. Molotoff Irratian "Hamaiketoff" magazinan esatari
guztia irakurri

Bagak

Durango Irratiak eskaintzen duen "Gu Geu" saioak Emakunderen saria jaso du. Emakumeen inguruko irratsaio hau duela zazpi urte sortu zen, eta ordudanik astero gizartearen erdiak pairatu behar izaten dituen hainbat arazo jasotzen du: langabezia, tratu txarrak, baserriko andreen legezko bazterketa... Honexegatik, "emakumeen egoera eta baldintzak era hurbil eta ulergarrian zabaltzeagatik" alegia, Emakundek komunikazio arloko saria ematea erabaki du. Durangoko "Uriberri" aldizkariaren (irratiaren enpresa berekoa) "Emakumeak" atala ere saritu dute.

EZPALAK


ERREALITATEAREN ITXAROPENA

LAUROGEITA hiru idazleren, artistaren eta argazkilariren lanak bildu ditu Elkarrik argitaratu berri duen liburuan. "Errealitatea, itxaropena" izenburupean elkarbizitzaren arauen oinarrizko akordioa lortzeko xedea du liburu honek. Parte hartu duten 24 idazleen artean, Bernardo Atxaga, Pako Aristi, Arantxa Urretabizkaia, Espido Freire edo Itxaro Borda bezalako euskal idazleak daude. Baina euskaldunak ez direnek ere idatzi dute bertan. Hortxe ditugu Antonio Gala, Rosa Montero, Manuel Vßzquez Montalbßn edo José Saramago. Artista eta argazkilarien artean, Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Dora Salazar, Nestor Basterretxea, Cristina Iglesias, Alberto Schommer, Juantxo Egaña, Carlos Cßnovas, Alfredo Aldai edo Isabel Azkarate aipa daitezke. Hitzaurrea bera Juan José Ibarretxe lehendakariak idatzi du. Guztira, 200 orrialdek osatzen dute lana eta 7.300 pezetatan salduko da (292 libera inguru).


WILDE-REN MENDEURRENA

EHUN urte bete dira -azaroaren 30ean- hil zela. Baina Koldo Mitxelena Kulturuneak berpiztu egin nahi du. Horretarako, eta Begoña Del Teso zine kritikariaren agindupean, hamaika ekitaldi antolatu da abenduaren 4an hasi eta 29a arte. Oscar Wilde idazle irlandarraren lilura hainbat artisten ispilutan islatu nahi du "Oscar Wilde ispiluetan barna" ekimenak. Horretarako, ipuin kontalariak, antzerkigileak, hizlariak eta abar pasako dira Donostiatik. Lehenengo ekitaldiak dagoeneko iraganda, abenduaren 14an Itziar Zubizarretak "Cantervilleko mamua" ipuina kontatuko du, 19an Anartz Zuazuak "Dorian Gray bere hitz eta islatan" antzerkia egingo du, 20an Jose Mari Carrerek "Wilde el bolchevique" antzerki mitina eskainiko du gaztelaniaz, 27an Ana Pimentak "Danse pour moi. Salome." lana antzeztuko du frantsesez eta 29an amaitzeko, bideo proiekzioa eskainiko da, Luis Fernando Ruperezen iruzkinekin. Ekitaldi guztiak arratseko 19:30etan izango dira.


BAIONAKO MUSEOA ZABALTZEAR

DATORREN ekainean irekiko dute Baionako Euskal Museo berritua. 1989an itxi zituen bere ateak Dagurretenia etxean kokatua zegoen museoak. Eta joan den urtean hasi ziren honen berrikuntza lanak. Guztira, 62 milioi libera (1.550 milioi pezeta ) gastatu dituzte honen 4.000 metro koadro berritzen. Ekainetik aurrera, laborantza, arrantza, musika eta dantzaren inguruko margoak, irudiak eta tresnak izango dira ikusgai.


ISASIREN CD-AK

ANDRES Isasi konpositore bilbotarraren lan guztiak lau CDtan jaso ditu Aus Art Record disketxeak Bizkaiko Diputazioaren laguntzaz. Laugarren lana Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabatuko du, eta bertan Isasik orkestrarako burutu zituen obrak bilduko dira.

Pernando Barrenak eta Joan Mari Belokik esanak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n eta "Gara"n: "Boteretsuek, ekonomia eta politikaren hariak mugitzen dituzten indarrek, euskara traba nahiz etsaitzat hartua dute (...) Euskarak gizartearen eguneroko dinamikan eremu eta funtzio berririk eskuratzen ez zuen bitartean lasai zeuden, aurrera egiten ez duen hizkuntzak atzera egiten baitu".

Agus Hernanek honela zioen euskal musikaren inguruan "Gara"n: "Egia da ez dela mugimendu bat bakarrik (...) Baina egungo errealitatean jai gehienetan betiko talde seguruak behar dituzte".

Xabier Etxanizek zera zioen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Gabezien artean, haur txikientzako liburuak falta zaizkigu, batez ere, ilustrazioa dutenak".

Lourdes Bedia Lourvier's-eko antzezleak esanak dira hauek "Goienkaria"n: "Gaur egungo gizartean telebistan irteten diren pertsonaiak, adibidez, nahikoa karikatura dira karikaturizatu gabe ere. (...) Adibidez, zelan karikaturizatu Tamara bat?".

Dia % autozerbitzuak Gabonak direla-eta atera duen iragarki orria iritsi da gure eskuetara. Bertan, hitz bakan batzuk izan ezik, guztia gaztelania hutsean ageri da. Euskaldunak merkatu potentzialetik kanpo ote gaude? Ez al ditugu Gabonetarako elikagaiak erosten? Erantzun mordoa zor zaigu, euskaraz jakina.

Joan Mari Irigoienek "Lur bat haratago" bere azken lana aurkeztu berri du Donostian. Bere 650 orrialdeek euskaraz inoiz idatzi den eleberri mardulena bihurtu dute dagoeneko. Gainera, Axularrek "Gero"n erabilitako hizkuntza bera baliatu du idazleak eta XVII. mendeko Nafarroan kokatu du istorioa.
Jose Miguel Corral iruindarrak irabazi du Nafarroako Pintura Saria "Jardin" lanarekin. Ondorioz, datorren urtean Nafarroako Museoan bere erakusketa paratuko dute.
Ramon Saizarbitoriak hiru narrazio eta bi eleberrirekin osatu du "Gorde nazazu lurpean" izeneko lan berria.
Unai Iturriaga gailendu zen Getxon jokaturako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoan. Bilboko finalean izango da beste zazpi bertsolariekin batera.

PRINTZA

Hasier Etxeberriak Durangoko Disko eta Liburu Azokaz hausnartu zuen "El Mundo"n:
"(...) Kontua da, Durangoko Azoka dela modurik kaskarrena liburuak ganoraz ikusi eta erabakitzeko. Horretarako ez da, beraz. Zertarako da, bada, Durangoko Azoka? Besteak beste urteroko zeremonia ero bat errepikatzeko eta ikaragarrizko kultur ekoizpena bageneuka bezala funtzionatzeko. Banitatea goraltzetik ere badu zerbait Durangokoak. Baina idazleak gero eta gutxiago dira bertara hurbiltzen. Zergatik hori? Seguru asko ez delako patxadarik egoten irakurleekin mintzatzeko eta publizitate hutsa egitea ez delako egile eskubideekin ordaintzen. Ene aburuz horixe luke hurrengo erronketako bat Durangoko Azokak, idazleak irakurleen eskura jartzea, eta ez soilik, liburu argitaratu berriez mintzatzeko. Gehiago ikusten dut nik, irakurritako liburuei buruzko iritzi trukaketagune bezala. Baina hori, zutik eta mostradore baten atzean, zarata artean eta irrifarre betiereko bat ezpainetan egotea baino gehiago izan beharko litzateke.(...)
Ez du balio hitzaldi areto batek ere, idazlea hizlari eta gainerakoak entzule. Hori baino konplexuagoa da. Literatura salbatuko bada, ez du Azokak salbatuko, ez eta idazleek ere. Literatura irakurleek salba lezakete, salbatzekotan. Eta eurak dira Durangon deskuidatuenak (...)".


ETB-2KO GABONETAN ZIRKO ETA ZINEMA NAGUSI

ETB-2k ere programa bereziak pantailaratuko ditu egun berezi hauetan. Besteak beste, Gabon Gauean "Le Cirque du Soleil" zirko ospetsua, eta Gabonetan zehar "A Casa por Vacaciones", "Secretos del Corazon", "Hombres de Negro", "Fantasmas del Pasado" edo "Strip-Tease" bezalako filmak izango ditugu ikusgai.


FUTBOL GEHIAGO, GUTXI DUGU IKUSGAI-ETA

Espainiako Liga, Errege Kopa, Europako txapelketak, Kontinente artekoa, lagun artekoak, udako "patxangak"... Argi dago futbol gutxi ikusten dugula, eta horregatik "La 2" Espainiako Bigarren B mailako partidak eskaintzen hasi da ostiral arratsaldero, hemendik 2004. urtera arte. Laster haurren arteko norgehiagokak izango ditugu.


"DOCUMENTOS TV"K BI SARI IRABAZI DITU

"La 2"ek eskaintzen duen "Documentos TV" dokumental saio interesgarria berriz ere saritua izan da. Batetik, "El viaje de Ibrahima" Afrikari buruzko atalak Kataluniako Telebista Korporazioaren "Actual" saria jaso du, eta, bestetik, Emakumearen Institutuak etxeko bortxakeriaren aurkako "O mia o de nadie" delako atala saritu du.

Ibainetek, Oarsoaldeko Informatika eta Telematikarako Euskal Guneak, "Informatika Euskaraz Oarsoaldera" egitasmoa abiatu du. Urtarriletik aurrera elkartegintzan eta irakaskuntzan aritzen direnei, bai ikasle eta irakasleei, oinarrizko formakuntza informatikoa eskainiko diete, talde bakoitzaren alorrari egokituta.

hemeroteka

1787. zenbakia | 2000-12-10
1786. zenbakia | 2000-12-03

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan